Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du LABI babes zibileko planaren aholku batzordearen ondotik, eta iragarri du bertze hamabortz egunez luzatuko dituztela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako neurriak. Jaurlaritzak ondoren jakitera eman duenez, ordea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bihar izenpetuko duen dekretuak abenduaren 10era arte luzatuko ditu neurriak, eta hemendik hamabortz egunera berrikusi eginen dute erabakia. Azaroaren 6ko dekretua errepikatu eginen du Urkulluk bihar izenpetuko duen dekretuarekin, eta neurriak larunbatean jarriko dira indarrean. Ostatuek itxita segituko dute, beraz, eta etxeratze aginduak 22:00etan jarraituko du. Farmaziek eta gasolindegiek izan ezik, gainerako merkataritza establezimenduek 21:00etan itxi beharko dute, eta azaroaren 6ko dekretuan argitaraturiko gainerako neurriek ere bere horretan jarraituko dute.
Sagarduiren ustez, «datuek erakusten dute neurriak egokiak eta proportzionalak» izan zirela, baina oraindik ere «kasu asko» daudela nabarmendu du: «Ondo goaz, baina ez gaude ondo. Kasu asko ditugu. Positibo tasaren portzentajea handia da, eta ospitaleetako presioak handia izaten jarraitzen du». «Zuhurtzia» eskatu du, eta ez lasaitzeko deia egin die herritarrei.
Hemendik hamabortz egunera berriro aztertuko dituzte neurriak, eta eutsi edo aldatu erabakiko dute.
ZIUen irudia kanpaina batean
Komunikazio kanpaina baten berri ere eman du Sagarduik: Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek sustatuta, ZIU baten «benetako» irudi bat duen kanpaina abiatuko dute, «erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatzeko» eta «lasaitze egoerak borrokatzeko»: «Oroitarazi nahi dugu gaixotasun honek ospitalera, ZIUra eta heriotzara eraman gaitzakeela». Eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu zelan saihestu izanen da kanpainaren leloa.