Jaurlaritzak 96 eskola jazarpen atzeman ditu iazko ikasturtean

Aurreko ikasturtean baino hamazazpi kasu gehiago identifikatu dituzte. Aztertutako kasuak inoizko ugarienak izan dira: 755

Eskola jazarpenari buruzko datuen aurkezpena, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Denboran jarraitua izatea, desoreka eragitea, nahita eragindakoa izatea eta pertsona batengan zentratuta egotea: ezaugarri horiek betetzen dituzten 96 eskola-jazarpen kasu identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak iazko ikasturtean. Azken hiru ikasturteetako kopururik handiena da, baita datuak aztertzen hasi zirenetik altuenetan bigarrena ere, eta soilik 2015-2016ko ikasturtean gainditu zen, 121 kasu identifikatu baitzituzten. 2017-2018ko ikasturtean baino 202 kasu gehiago aztertu dituzte: 755. Beraz, aztertu dituzten kasuen %12,72 eskola jazarpen moduan identifikatu dituzte; inoizko ehuneko txikiena da.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu zituen datuak, atzo, Donostian, Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusiarekin eta Xabier Aizpurua Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (Isei) zuzendariarekin batera. Uriartek esan du gizarteak «sentsibilizazio handiagoa» duelako identifikatzen direla eskola-jazarpen kasu gehiago, eta ez hainbeste jazarpen kasuak gehitu direlako. Gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 50, hau da, kasu guztien %53. Lehen Hezkuntzan, 39 (%41) atzeman dituzte, eta Haur Hezkuntzan, zazpi (%6). Bazterketa eta marjinazio soziala jasan dute horietako gehienek: zehazki, 44k (%46). Hitzezko erasoak izan dira 30 kasu (%31); eraso fisiko zuzenak sei pertsonari egin dizkiete (%6), eta beldurra eragin, xantaia edo mehatxuak egin dizkiete beste seiri (%6); jazarpen edo abusu sexuala edo jazarpen sexista egon da lau kasutan (%4); eta bestelako erasoak jasan dituzte sei pertsonak (%6). Identifikatutako kasu horien %23tan jazarpena nagusiki Internet, sare sozialak edo bestelako bitarteko zibernetikoren bat erabiliz egin da.

Kasu guztiak ikastetxean konpontzen saiatzen dira. Hala ere, larrienak fiskaltzara eraman behar izan dituzte; iazko ikasturtean, lau eta sei artean.

Datu objektiboetatik harago, LHko ikasleen %18,9ri eta DBHko ikasleen %15,7ri iruditzen zaie eskola jazarpena jasan dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.