Jaurlaritzak 5.780 leku gehiago eskainiko ditu Lanbide Heziketan, horietako %69 sare publikoan

Informatika eta komunikazio ikasketetan ugaritu ditu lekuak, batez ere; izena emateko epea irekita dago, eta hilaren 24ra arte izango da aukera.

Heldu den ikasturtearen xehetasunak aurkezteko agerraldia, gaur. BERRIA
Heldu den ikasturtearen xehetasunak aurkezteko agerraldia, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 8a
14:10
Entzun

Heldu den ikasturtean Lanbide Heziketan izango diren berritasunen gaineko argibideak emateko agerraldia egin du gaur Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok, eta propio sortuko diren leku berrietan jarri du azpimarra: 64.105 eskainiko dituzte denera, ikasturte honetan baino 5.780 gehiago. Hazkunderik handiena zentro publikoetan izango dute: 4.005 ikasle gehiago hartzeko modua egingo dute. Leku berri guztien %69 dira horiek. Gainerako 1.775ak itunpeko ikastetxeetarako izango dira.

Lanbide arloetara begira, hona hemen hazkunde handiena izango dutenak: informatika eta komunikazioan 900 toki gehiago eskainiko dituzte, fabrikazio mekanikoan 715, eta administrazio eta kudeaketan 670. Zikloetara begira, hazkundea guztietan izango da, baina goi mailako zikloetarako izango da leku berri gehien: 2.690. Ikasleen ugaritzeak berekin ekarriko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeetan 244 talde sortzea heldu den ikasturtean.

Izena emateko epea zabalik dago, eta hilaren 24ra arte egongo da. Online egin daiteke, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren webgunean sartuta, edota ikastetxeetara joanda. Uztailaren 5ean onartuen, onartu gabeen eta baztertuen zerrendak argitaratuko dituzte, eta, erreklamazioak aurkezteko epe baten ostean, behin betiko zerrendak emango dituzte: uztailaren 11n izango da hori. Gero iritsiko da matrikula formalizatzeko aukera.

Orain, aurrematrikulaziorako, aholku bat eman die Jaurlaritzak ikasleei: eskaera egitean gutxienean hamar leku eskatzeko, lehentasunen araberako hurrenkeran. Berez, pertsona bakoitzak eska dezakeen leku kopuruan ez da mugarik, eta inor tokirik gabe ez geratzea da gomendio horren helburua. Ikasle eskatzaile gehienak beren lehengo aukeran matrikulatu ahal izatea nahi izaten du administrazioak.

Ziurtagiri profesionalak

Berritasunen artean, zera dago: Lanbide Heziketako zikloak ez ezik, ziurtagiri profesionalak (C graduak) eta ibilbide integratuak egiteko asmoa duten ikasleentzat ere irekiko da aurten onarpen prozesu hori. Ziurtagiri profesionalak, batez ere, langileei eskaintzen zaizkien ikasketa prozesuak izaten dira; jardunean adi diren langileak izan daitezke, edo langabezian daudenak. Titulu bateko moduluetako batzuetan bakarrik matrikulatzen dira ikasle horiek, eta ziurtagiri profesional bat jasotzen dute amaitzean.

Ibilbide integratua izaten da, berriz, Lanbide Heziketako oinarrizko mailan hasten diren ikasleek erdi mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izateko. Lau ikasturteko bidea eskaintzen zaie horretarako: bi oinarrizko mailakoak, eta beste bi erdi mailakoak. Oinarrizko Lanbide Heziketan aldaketa nabarmenak egitea proposatu du Jaurlaritzak. Otsailean eman zuen horien berri.

Zifrak

182

Ikastetxeak Heldu den ikasturtean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 182 zentrok eskainiko dituzte Lanbide Heziketako zikloak. 158 titulazio emango dituzte: oinarrizkoak, erdi mailakoak eta goi mailakoak.

39

Ziurtagiri profesionalak Ohiko zikloez gainera, Jaurlaritzaren ardurapeko Lanbide Heziketan badago modua 39 ziurtagiri profesional lortzeko, 23 lanbide arlotan. 22 espezializazio ikastaro ere badira.

49.000

Ikasleak Ikasturte honetan, 49.000 ikasle baino gehiago ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Lanbide Heziketako zikloren batean edo espezializazio ikastaroren batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.