Jaurlaritzak %37 handituko du euskarazko gizarte hedabideentzako aurrekontua: 11,5 milioi jarriko ditu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025eko aurrekontua aurkeztu dute. 86,4 milioi euro ipiniko dituzte, gehiena euskararen ezagutza handitzeko: %68.

Ibone Bengoetxea azalpenak ematen, gaur, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Ibone Bengoetxea azalpenak ematen, gaur, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete - Arantxa Iraola
2024ko azaroaren 4a
17:00
Entzun

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu ditu HPS Hizkuntza Politikako Sailburuordetzara bideratu asmo dituzten aurrekontuak, eta nabarmendu du euskararen erabilera areagotzeko «jauzia» ematea dela horien helburu nagusietako bat. Oro har, sailaren aurrekontu osoak %6ko igoera izan duela esan du, eta propio euskara sustatzera 86,4 milioi euro bideratu nahi dituztela denera, eta %12 izango dela hor igoera.

Aroa plan estrategikoa onartu zuen urte hasieran Jaurlaritzak, euskara biziberritzeko ildo nagusiekin, eta hor ezarritako helburu eta eginkizunetara bideratu nahi dute dirua. Besteak beste, euskarazko gizarte komunikabideak diruztatzeko izango da: 11,5 milioi erabiliko dituzte horretarako, %37 gehiago. Bengoetxeak xehatu du nola banatuko duten diru saila: 3,8 milioi euro Interneten jarduna duten euskal hedabideentzat izango dira zuzenean; papereko hedabideek 550.000 euro jasoko dituzte; foru aldundiei 3,7 milioi emango dizkiete, tokiko hedabideei laguntzeko; eta 3,4 milioi euro izango dira Euskal Editorearentzat —Berria Taldea—.

Horretaz gainera, sailburuaren arabera, aurrekontuaren %68 propio bideratuko da euskararen ezagutza «handitzera». Eusko Jaurlaritzak ia lau milioi euro jarriko ditu ikasturte honetan A1 eta C1 mailetan euskara doan ikasteko aukera emateko, eta «doan ikasteko» bideak ematen jarraitzea da Kultura Sailaren asmoa heldu den urteko aurrekontuetan ere. Alor horretan, igoera %12 izango dela zehaztu du. HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak 59 milioi euro jasoko ditu, %14,2 gehiago.

HPS Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro ondoan izan du Bengoetxeak aurrekontuen aurkezpenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.