Jaurlaritza

Jaurlaritzak 36 lege proiektu aurkeztuko ditu legealdian

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du XII. Legealdirako Legegintza Programa. Besteak beste, Berdintasun Legea berritzea eta Euskal Hezkuntza Legea aurrera ateratzea espero du Jaurlaritzak.

Bingen Zupiria eta Javier Hurtado, gobernu kontseilu osteko agerraldian. IREKIA
jon olano
2020ko azaroaren 10a
13:37
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du legealdirako legegintza programa, datozen lau urteetan aurkeztuko dituen lege proiektuak eta horiek aurkezteko epeak jasotzen dituena. 36 lege proiektu bildu dituzte bertan, eta, besteak beste, dokumentu horretan azaltzen da 2005eko Berdintasun Legea gaurkotzeko eta Euskal Hezkuntza Legea eta Memoria Historikoko Legea onartzeko asmoa. Jaurlaritzak sei hilean behin eguneratuko du dokumentua.

Gizon-emakumeen Berdintasun Legeari dagokionez, berehala aurkeztu beharko luke Jaurlaritzak lege proiektua. Izan ere, 2020ko bigarren seihilekoan Gobernu Kontseilura eramateko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Programan jasotakoaren arabera, lege erreformaren helburu nagusia da «berdintasun politikak eta indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak indartzea». Horrez gain, «indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema handitu» nahi du gobernuak. Hala, «bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren edo familia barruko indarkeriaren biktimez eta sexu indarkeriaren biktimez gain, sexu esplotaziorako salerosketaren biktimak ere artatuko dira», eta babes handiagoa eman nahi diete indarkeria matxistako inguruneren batean bizi diren adingabeei eta mendeko beste pertsona batzuei.

Bestalde, Jaurlaritzak 2021eko lehen seihilekoan Gobernu Kontseilura eraman nahi du Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran «arrazoi politiko, ideologiko edo erlijio sinesmenekoengatik jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonalaren eta familiarraren berreskurapena sustatzeko; eta balio eta printzipio demokratikoak sustatzeko; gerra zibila, diktadura frankista eta demokraziarako trantsizioa barnean hartzen dituen aldian, Euskadiko Autonomia Estatutua onartu arte, gertatutakoak eta horren ingurukoak ezagutaraziz».

Euskal Hezkuntza Legea ere legebiltzarrera eramango du Jaurlaritzak 2023ko bigarren seihilekoan. Gobernuaren hitzetan, «hezkuntzari buruzko euskal lege batek euskal hezkuntza sistema erregulatzea du helburu, eta, horretarako, gure hezkuntza sistemaren erronkei eta etorkizuneko eraldatzeei erantzuna emateko lagunduko duen markoa ezarriko du, euskal hezkuntzaren egonkortasuna eta kalitatea indartuko ditu, eta hurrengo hamarkadetan bikaintasunerantz egingo ditu urratsak».

Jaurlaritzak 28 lege proiektu jaso zituen joan den legealdiko legegintza programan, eta azken lau urteetan aurrera atera ez zituen hemeretzi legegai sartu ditu datozen lau urteetarako plangintzan; legegintza programan jasotako proiektuen erdiak baino gehiago: kultu lekuei, hezkuntzari, mugikortasun jasangarriari, kirolari eta jarduera fisikoari, ekarpenei, herritarren parte hartzeari, haurren eta nerabeen eskubideei, estatistika planari, enplegu publikoari eta sektore publikoari, ingurumen administrazioari, herri administrazioen zigortzeko ahalmenari, xedapen orokorrak egiteko prozedurari agirien kudeaketari, diru sarrerak bermatzeari, diru laguntzen araubideari, trantsizio energetikoari eta klima aldaketari, enplegu sistemari, landa garapenari eta dopinari buruzkoak.

Aldiz, berritasunen artean daude osasun publikoari, gazteriari, garapeneko lankidetzari, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta natura ondarea kontserbatzeari buruzko proiektuak, besteak beste.

Aurreko legealdian ez bezala, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua dute Eusko Legebiltzarrean, eta, beraz, espero da errazago ateratzea aurrera lege egitasmook.

36 lege proiektuak:

1.Suteen Prebentzioa eta Itzalketa eta Salbamendua (2020ko lehen seihilekoa)

2.Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketa (2021eko bigarren seihilekoa)

3.Euskal Enplegu Sistemaren Legea (2022ko bigarren seihilekoa)

4.Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidego eta Eskalen Legea (2020ko bigarren seihilekoa)

5. Euskal Enplegu Publikoaren Legea (2022ko bigarren seihilekoa)

6. Gardentasun eta Herritarren Parte Hartzeari Buruzko Legea (2022ko bigarren seihilekoa)

7.Euskal Sektore Publikoari buruzko Legea (2020ko bigarren seihilekoa)

8.Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko Legea aldatzen duen Legea (2021eko lehen seihilekoa)

9.Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 2/1998 Legea aldatzen duen Legea (2021eko bigarren seihilekoa).

10.EAEko kasazio errekurtso zibilari buruzko legea (2021eko lehen seihilekoa)

11.EAEko Natura Ondarea Kontserbatzeari Buruzko Legea (2020ko bigarren seihilekoa)

12.EAEko Ingurumen Administrazioari Buruzko Legea (2020ko bigarren seihilekoa)

13.Trantsizio energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

14.Landa Garapenaren Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

15.Abereen Babeserako Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

16.Ekarpenen Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

17.Euskal autonomia erkidegoko 2005-2018 ekitaldiei dagozkien aurrekontu orokorren likidazioak onartzeko Legea (2021eko lehen seihilekoa)

18.Euskal autonomia erkidegoko diru laguntzen araubidea arautzen duen Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

19.2023-2026 aldirako euskal autonomia erkidegoko estatistika planaren Legea (2022ko lehen seihilekoa)

20.Finantzen euskal institutuaren legea (2022ko lehen seihilekoa)

21.Euskal Hezkuntza Legea (2023ko bigarren seihilekoa)

22.Mugikortasun Jasangarriaren Legea (2022ko bigarren seihilekoa)

23.Euskadiko osasun publikoaren legea (2021eko bigarren seihilekoa)

24.Emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea (2020ko bigarren seihilekoa)

25.Gazteriaren Euskal Legea (2020ko bigarren seihilekoa)

26.Garapenerako Lankidetzari buruzko Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

27.Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea (2021eko lehen seihilekoa)

28.Haurren eta nerabeen eskubideei buruzko legea (2021eko bigarren seihilekoa)

29.Aniztasunaren ildotik Berdintasunaren eta  Sexu orientazioagatiko diskriminazioaren aurkako borrokaren Lege Integrala (2023ko lehen seihilekoa)

30.Kultu lekuen, Zentroen eta Erlijio Aniztasunaren Legea (2021eko bigarren seihilekoa)

31.Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea aldatzea (2021eko bigarren seihilekoa).

32.Kirol Lanbidean Hasteari eta Jarduteari Buruzko Legea (2021eko lehen seihilekoa)

33.Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Legea (2022ko lehen seihilekoa)

34.Dopinaren aurkako legea eguneratzea (2021eko bigarren seihilekoa)

35.Agirien Kudeaketa Integralaren eta Euskadiko Dokumentu Ondareari buruzko Legea (2021eko lehen seihilabetekoa)

36.Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutua (2021eko bigarren seihilekoa)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.