Jaurlaritzak 12 eta 25 urte bitartekoak txertatuko ditu giza papilomaren birusaren kontra

Txertaketa protokoloan aldaketak egin dituzte: dosi bakarra nahikoa izango da, eta arrisku jakin batzuk dituztenei ere gomendatu diete txertoa.

Erizain bat, haur bati txertoa jartzen. GUILLAUME FAUVEAU
Erizain bat, haur bati txertoa jartzen. GUILLAUME FAUVEAU
nerea intxausti
2024ko irailaren 3a
14:30
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eguneratu egin dituzte giza papilomaren birusaren (GPB) aurkako txertoa jartzeko gomendioak. Oraingo aldaketekin, 12 eta 25 urte bitarteko gazte guztiak txertatu nahi dituzte, dosi bakarrarekin —lehen, bi dosi ziren—, eta arrisku jakin batzuk dituztenei ere txertatzea aholkatuko die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. 

Ikasturte honetan giza papilomaren birusaren aurkako txertoa hartzea egokitzen zaie 2013. urtetik aurrera jaio ziren haurrei, hots, Lehen Hezkuntzako 6. maila egiten ari diren ikasleei. Bide batez, 2009an, 2010ean eta 2011n jaiotakoak ere txertatuko dituzte ikasturte honetan eta hurrengoan. Dosi bakarra beharko dute, eta eskola eremuan edo osasun zentroan hartu ahal izango dute, aurtengo ikasturtean eta hurrengoan. 

25 urtera arteko guztiek txertoa hartu dezaten nahi du Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, ohar batean adierazi duenez, eta, haiek erakartzeko, kanpaina «masibo» bat abiatuko dute eskola eremuan eta osasun zentroetan. Espero dute 12 urtetik gorako mutil eta gizon guztiak txertatzea, baita bere garaian txertatu ez ziren emakumeak txertatzea ere. 

Izan ere, 1995ean sartu zuten lehen aldiz GPBaren aurkako txertaketa sistematikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren txertaketa egutegian, neskentzat soilik. Orain, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak aholkatu du txertaketa egutegian aldaketak egitea, OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak oinarri hartuta: 12 eta 25 urte bitarteko pertsonei dosi bakarra jarriko diete, bai neskei eta baita mutilei ere.

Bide batez, arriskuren bat dutenei ere gomendatu die txertaketa Osasun Sailak: esaterako, immunoeskasia dutenei, gizonekin sexu harreman «arriskutsuak» dituzten gizonei edo prostituzioan aritzen direnei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.