Jaurlaritzak 11 proiektu sustatuko ditu adinekoei begirako estrategian

Adinekoek «protagonismo aktiboagoa» izan dezaten dute xede, Artolazabalen arabera

Bi lagun zahar etxe baten kanpoaldean, Donostian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Zahartze aktibotik bizitza osoko formulazio berri baterantz» jo nahi du Eusko Jaurlaritzaren Adineko Pertsonekiko Euskal Estrategiak. Hala aurkeztu zuten 2024ra arte iraungo duen estrategia, behinik behin; gai berari buruzko hirugarrena, eta, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, «osoena» ere bai. Izan ere, «ikuspegi aldaketa» bat jasotzen du, haren esanetan, «zahartzeak esan nahi duenaz». Halaber, estrategia jasotzen duen txostenaren arabera, helburu du zahartzean adinekoek «protagonismo aktiboagoa» izan dezaten.

Bertute hori du estrategiak ere, Artolazabalen arabera; alegia, kontuan hartu duela adinekoen hitza: «Ez da adinekoentzat garatutako estrategia bat, haiekin batera egindakoa baizik».

Adinekoei bideratutako politikak egiten dituzten zenbait erakunde eta enpresarekin batera —Euskofederpen, Lares, Agijupens, Nagusiak, Las Cuatro Torres, Helduak Adi, Secot eta Nagusilan— landu du Jaurlaritzak estrategia, baita Euskadiko Adinekoen Batzordearekin ere. Jaurlaritzak berak sortu zuen batzordea, 2021ean, adinekoak ordezkatzen dituzten elkarteei ahotsa eman eta politikak diseinatzeko. Hain justu, batzorde hori eratzea da estrategiaren proiektuetako bat. Horrez gain, beste hamar izango ditu; martxan daudenak batzuk, eta oraindik jartzeke daudenak beste batzuk: Helduak Zabaltzen, Agenda Nagusi, Euskadi Lagunkoia, Altxor, Bizitza Betea, Beti On, gizarte zaintzako politika, Zaintza Lurraldea, zahartzeari eta zainketei buruzko azterketa eta Next Care proiektua.

Horien bidez, bost helburu bete nahi ditu Jaurlaritzak: «Herritartasun aktiboa sustatzea, eskubideen, parte hartzearen eta komunitate adeitsuen bidez»; «trantsizioak eta bizitza proiektuaren garapena erraztea»; «autonomia aurreratzean, prebenitzen eta sustatzen laguntzea»; «gizarte zaintzako politika eta iraupen luzeko zainketa eredu berri baterako trantsizioa sustatzea»; eta «ezagutza sortzea ikerketatik eta berrikuntzatik, eta silver economy sustatzea». Termino anglosaxoi horrek zer esan nahi duen ere azaldu du: 50 urtetik gorakoen beharrak asetzeko ekonomia.

Geroz eta zahar gehiago

«Bizitza luzeraren iraultzara» egokitzeko asmoan sakondu nahi du estrategiak, Artolazabalek azaldu duenez. Jaurlaritzaren datuetan oinarrituta, esan zuen 2020an 65 urte edo gehiagoko 500.000 pertsona zeudela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietatik 150.000 80 urtetik gorakoak zirela. Jaurlaritzak uste du multzo horretan daudenen kopurua handitu egingo dela datozen urteetan. 2060rako 80 urtetik gorako biztanleria gaur halako bi eta populazio osoaren %15,6 izango da, haren aurreikuspenen arabera. Multzo hori handituko da gehien, baina, aldiz, 65 urtetik gorako biztanleen pisua gutxitu egingo dela, «baby boom-eko eta ondorengo belaunaldiak txikiagoak izatearen ondorioz».

Bizitzaren luzapenarekin lotutako beste zenbait joera ere aztertzen ditu estrategiak. Hala nola 65 urtetik gorakoen multzo horretan dauden profilak geroz eta «pluralagoak» direla, eta, horrenbestez, baita haien beharrak ere; familia egituretan aldaketa «nabarmenak» gertatzen ari direla; eta epe luzeko zaintza lanen premia handitu egingo dela. Eraldaketa «soziodemografiko» horiei «gizarte moduan» heltzeko beharra jasotzen du estrategiak. Izan ere, dioenez, erronka handiak sortuko ditu ekonomian, zerbitzu soziosanitarioetan, etxebizitzetan eta zaintza sistemetan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.