Hezkuntza

Jaurlaritzak 10,5 milioi euro jarriko ditu itunpeko eskoletako irakasle taldea mantentzeko eta gaztetzeko

Ikastolak eta gizarte ekimeneko ikastetxeak izango dira onuradunak. Bildarratzek esan du lau alderdietako batek ere ez duela zalantzan jarri hezkuntza akordioa.

Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldia, gaur goizean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 14a
13:48
Entzun

Jaiotza tasa etengabe jaisten ari den garaiotan, Eusko Jaurlaritzak 10,5 milioi euroko laguntza emango die itunpeko ikastetxeei. Bi helburu nagusi izango ditu: irakasleen enpleguari eustea, ikasgelak ixteagatik lanpostua galtzeko arriskuan dauden irakasleak beste nonbait kokatuz, eta errelebo kontratuak sustatzea, irakasle zaharrak erretiratzea eta irakasle gazteei lanbidean hasteko bidea erraztuz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eman du deialdiaren berri, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian.

Ikusi gehiago:Maria Eugenia Iparragirre izango da Kristau Eskolako zuzendari nagusia

Bildarratzek azaldu duenez, 2020ko urtarrilean eta otsailean gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako patronalekin eta sindikatuekin sinatutako akordioaren ondorio da laguntza ekonomikoa. Zehazki, 10.533.774 euro bideratuko dituzte ikastetxe horietara. Onuradunak izateko, irakasleek Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan,Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan aritu beharko dute, eta kontratu mugagabea eduki.

Beketarako, 62,5 milioi euro

Sailburuak hezkuntzarako beste diru sail baten berri ere eman du: 62,5 milioi euro jarriko dituzte unibertsitatera arteko ikasleentzako beketan. Halere, zehaztu duenez, baldintzak betetzen dituen familia orok jasoko du beka; alegia, beharrezkoa balitz, diru gehiago erabiltzeko prest daude: «Horrela, bermatuta dago ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea», azaldu dute ohar batean. Gainera, lehen deialdia bera ere aurreko urtekoa baino 2,5 milioi handiagoa da.

Horiek horrela, milaka ikasleri iritsiko zaie laguntza. Aurtengo ikasturtean, esaterako, 114.842 ikaslek jaso zituzten unibertsitateaz kanpoko hezkuntza mailetarako bekak, eta, orotara, 185.326 laguntza eman zituzten. Datorren ikasturterako bekak eskatzeko epea ere zehaztu dute: familiek uztailaren 18tik irailaren 30era egin ahal izango dituzte eskaerak.

Polemikak baretzen

Kazetarien galderei erantzunez, Bildarratzek hizpide izan du atzo Hezkuntza Sailak eta hezkuntza akordioa sinatu zuten Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusietako ordezkariek eginiko bilkura. Ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroaren harira sortutako eztabaida baretzeko elkartu ziren. Testuan, besteak beste, ratioen jaitsiera aipatzen dute, baina baita diru publikoarekin mantendutako leku nahikoa eskaini beharra ere. Elkarrekin Podemos-IU bereziki kritiko agertu da azken puntu horrekin, eskaintzak publikoa izan behar duelakoan, eta ez diru publikoz lagundua.

Atzo alderdi guztiek esan zutenez, akordioa hausteko arriskurik ez dago, oraingoz behintzat. Bildarratz ere iritzi berekoa da: gaur nabarmendu du bileran «oso giro lasaia eta baikorra» izan zela. Haren hitzetan, inork ez zuen ezer zalantzan jarri, eta alderdiak «erabat identifikatuta» sentitzen dira dokumentuarekin.

Hurrengo data ere zehaztu du sailburuak: Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izango da datorren astelehenean, azalpenak ematen. Hurrengo sei urteetako ekintzen berri emango du, baita kronograma zein izango den jakinarazi ere.

Ikusi gehiago:Jaurlaritzak jardunaldi jarraitua kenduko diela salatzeko elkarretaratzea egin dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.