Jaurlaritzak ez du lortu energia berriztagarriek %20ko hedapen kuota izatea

Berriztagarriek energia kontsumo osoaren bosten bat izan behar zuten urtea hasterako, baina datua %17,1 izan da. Jaurlaritzak nabarmendu du berotegi gasak %33 murriztea lortu duela.

Bilboko portuko errota eolikoen instalazioa.
Bilboko portuko errota eolikoen instalazioa. MIGUEL TOÑA / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko apirilaren 17a
12:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 aldirako onartu zuen Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planaren ebaluazio txostena argitaratu dute gaur. Plan horren helburuetako bat energia berriztagarrien hedapena sustatzea zen, eta helburutzat ezarri zuen iturri horien bidez betetzea energia kontsumo osoaren %20. Azken datuen arabera, ordea, berriztagarrien pisua %17,1 da —2023ko datua—. Energia iturri horien ezarpena bizkortu beharra dagoela adierazi du gobernuak.

Kontuan izan behar da berriztagarrien ekarpenaren barruan sartzen direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako energia berriztagarria (%9,2) eta inportatutakoa (%7,9). Esanguratsua da azken lau urteetako bilakaera erakusten duen datua: 2020. urtetik 0,3 puntu besterik ez da handitu berriztagarrien kuota.

Jaurlaritzaren planak bide orria izan behar zuen Iñigo Urkulluren azken gobernuaren programak arlo horretan jasotako helburuak bete zitezen, eta «lurraldearen antolamendu eredugarria» lortzea jaso zuten planean aurreikusitako egitasmoen lehen postuan, energia berriztagarriei bultzada emateko. Puntu horretan, helburu gisa aipatu dute «energia berriztagarrien etorkizuneko proiektuen lurralde ezarpena planifikatzea».

Hain justu, energia berriztagarria ekoizteko proiektuen planifikaziorik eza egotzi diote oposizioko alderdiek eta zenbait elkarte ekologistek gobernuari, nagusiki oraindik ez duelako onartu azpiegitura mota horiek antolatzeko lurralde plan sektorialik (LPS). Jaurlaritzak behin-behinean eman dio bide LPSari, 4.000 alegazio inguru baztertuta, eta azken onarpena falta zaio orain.

0,3

Energia berriztagarrien kuotak 2020tik 2023ra izan duen hazkundea 0,3 puntukoa izan da, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Berriztagarriak energia kontsumo osoaren %16,8 bete zuten 2020an, eta horien pisua %17,1 izan zen 2023an. Ehuneko horretatik erdia baino gehixeago izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzia: %9,2.

Planaren lehen puntuari %95eko betetze maila aitortu dio Jaurlaritzak, energia berriztagarrien LPSak hasierako onarpena baduela nabarmenduta. Txostengileen esanetan, «lurralde plan sektoriala onestean, energia berriztagarrien instalazioak modu antolatu eta jasangarrian ezarriko dira lurralde antolamenduko eta ingurumeneko baldintzak betez, beste batzuen artean».

Bestalde, gobernuak «aurrerapen handiak» aipatu ditu berotegi gasen murrizketan. Ihobek, iazko ekainean jakinarazi bezala, berotegi gasak %33 murriztu direla gogorarazi du —2005. urteko datuen aldean—, eta, beraz, gainditu egin dela %30eko murrizketa lortzeko helburua. Halaber, bete egin du trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legeak 2030erako ezartzen duen helburua, %33 baita.

Planeko beste puntu batzuetan hartutako neurriak ere nabarmendu ditu Jaurlaritzak, ohar batean: besteak beste, Ekiola elkarteak hamabi energia komunitate sortu dituela, hidrogenoaren euskal korridore bat sortzeko pausoak eman direla Petronorren 10 megawatteko elektrolizatzailea martxan jartzeko proiektuari esker, eta Moves III diru laguntzen programa onartu zela, ibilgailu elektrikoen erosketa eta kargalekuen instalazioa sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.