Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D’Anjouk gaur goizean egin du oposizioko alderdiekin bigarren bilera sorta, 2025erako aurrekontuak onartzeko babesak eskuratzeko asmoz. Horien ostean egindako agerraldian, azaldu du talde bakoitzari proposamen sorta bat aurkeztu diola, aurrerantzean elkarrizketek izan beharko luketen markoa zehazteko, eta eskatu die ostiralerako erantzuteko ea negoziatzen jarraitzeko asmoa ote duten. EH Bilduk, PPk eta Sumarrek, berriz, salatu dute Jaurlaritzaren proposamenari zehaztasuna falta zaiola, baina oraingoz inor ez da negoziazio mahaitik altxatu.
Lehen elkarrizketa sorta hasi aurretik, D’Anjouk iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak izango zuela «lidergoa» negoziazioetan, eta horiek igaro ondoren oposizioko alderdien proposamenak lantzeko prest azaldu zen. Orain, bi elementu horiek uztartuz, proposamen bana aurkeztu dio talde bakoitzari.
Proposamenak, baina, ez dira aurrekontuetan egin daitezkeen aldaketen kostuen ingurukoak izan, «negoziazio esparru bat» zehazteko baizik: «Ez da datuez hitz egin». D'Anjouk bai zehaztu du Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko aferetara mugatu dela —hau da, ez du fiskalitatea jorratuko—, eta negoziazio mahaian aurrekontuetako diru sailetan egin daitezkeen aldaketetatik haratago ere jo daitekeela: «Irismen handiagoko beste konpromiso politiko batzuk ere biltzen ditu».
Horiek hala, hogei gai inguru jorratzeko asmoa azaldu du, baita, D'Anjouren esanetan, aurreko astean oposizioak mahai gainean jarri ez zituen zenbait afera ere. Zehazki, Ogasun sailburuak EH Bilduri 52 ekinaldi proposatu dizkio; PPri, beste horrenbeste; eta Sumarri, 53. «Ezberdinak dira. Badaude puntu komunak, baina bakoitzaren sentsibilitatearen arabera egin dira», esan du D'Anjouk.
Eta orain, jakin nahi du alderdiak prest ote diren horien inguruan hitz egiteko. Ostiralerako jakin nahi ere, «denbora ez galtzeko». Aurrera egiteko asmorik balitz, alderdiekin egutegi bat eta metodologia bat adosteko prest azaldu da, akordioak zuzenketak aurkezteko epea itxi aurretik ondu daitezen. «Badago akordioetarako tartea, borondatea zintzoa bada».
«Seriotasuna nahi dugu»
D'Anjouren agerraldiaren aurretik egin dituzte proposamenaren inguruko lehen adierazpenak alderdiek, eta zehaztasun falta ikusi dute Jaurlaritzaren dokumentuetan. Hala mintzatu da EH Bilduko eledun Pello Otxandiano: «Inprobisazio maila handia eta koherentzia falta sumatzen ditugu. Zorroztasuna eta seriotasuna nahi ditugu planteamenduetan».
Halere, Otxandianok ez du gehiegi aurreratu nahi izan, eta Jaurlaritzaren prestutasuna zein den ebaluatzeko eta hirugarren bilera bat izateko asmoa azaldu du: «Zorroztasunez jokatzen eta aurrez ez epaitzen saiatzen ari gara».
Aurrez, koalizioak 350 milioi euroren aldaketak egitea proposatu zuen, etxebizitza, zaintza eta lan arloak jomugan jarrita, eta arlo horietako «funtsezko egitura erronkei» erantzungo dieten politika publikoak lantzeko asmoa berretsi dute. Bada, baina, EH Bilduk landu nahi duen beste elementu bat ere: fiskalitatea. Orain, D'Anjouk eztabaidatik kanpo utzi du afera hori, eta EH Bildu ere prest da aurrekontuen inguruko negoziaziotik bereizteko, betiere, eztabaida hura «baldintza egokietan garatuko dela bermatzen bada».
Erantzun falta
Gainerakoek ere ez dute argi erantzuna. Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek azaldu du D’Anjouk proposamen «konkretu» bat egin diola, baina ez oso zehatza: «Kopuru ekonomikoei buruz hitz egiten ez duen eta balorazio politiko serioa egiten ez duen dokumentu bat eman digute». Antzera mintzatu da PPko parlamentari Laura Garrido ere, esanez ildo nagusiak biltzen dituen dokumentu «orokorregi» bat helarazi diola D'Anjouk, baina zehaztasunen falta sumatu duela, baita xehetasun ekonomikoena ere.
Jaurlaritzaren proposamen berria aztertzeko prest azaldu dira biak, baina analisi ezberdinak egin dituzte. Hernandezek, beste bilera bati atea guztiz itxi ez dion arren, zail ikusten du negoziazioek aurrera egitea. Hain zuzen, koalizioak ohar batean azaldu du bi aldeak «urrundu» egin direla bilieraren ostean. Argudiatu du Jaurlaritzak eta Sumarrek aurrekontuetarako eredu ezberdinak defendatzen dituztela, eta gobernuak xede duela Sumar «neurri handi batean bat ez datorren» zenbait politika garatzea.
Era berean, Sumarreko kideak kritikatu du Ogasun sailburuak ez duela «sakonki» aztertu eurek atzo plazaratutako proposamena: «Gure lehentasun politikoen proposamen bat helarazi genuen, baina ez dugu erantzun zehatzik jaso». 755,5 milioi euroren aldaketak nahi dituzte aurrekontuetan; besteak beste, 2.000 etxebizitza publiko sortzeko eta gutxieneko errenta unibertsala ezartzeko plan pilotu bat osatzeko.
PPko Garridok, berriz, azaldu du D'Anjouren lantaldeak egindako dokumentua aztertu eta kontraproposamen bat helaraziko diotela sailburuari. Hartan, indar egingo dute lehen bileran «lehentasun» gisa identifikatutako bi gaietan: segurtasuna eta osasuna. Horien aurrekontuak %7 handitzea eskatu zuen Alderdi Popularrak; hau da, horietarako 177 milioi euro gehiago jartzea. Izan ere, Garridok adierazi du gaurko bileran ez dutela proposamen horien inguruko erantzun zuzenik jaso.
Negoziazitzeko borondatea du PPk, Garridoren esanetan, baina baita prozesuan «exijente» jokatzeko asmoa ere. Hala, Jaurlaritzari helarazi dio «nabarmen» mugitu beharko dela zenbait arlotan, beharrezkotzat jotzen dituzten «muturreko aldaketak» garatu ditzan. Garridok esan du zaila izango dela akordio bat ixtea horiek iritsi ezean: «Gobernuaren borondateak baldintzatuko du noraino iritsi nahi duen eta benetan mugitu nahi duen».
Negoziazioak negoziazio, Jaurlaritza babesten duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta, ondorioz, ez dute beste inoren beharrik aurrekontuak onartzeko. Hala gogoratu du D'Anjouk gaur. Baita PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere. Azken horrek zail ikusten baitu akordiorik lortzea: «Legealdiak aurrera egin ahala, posible izango dira akordioak, baina lehen aurrekontuetan zaila da, uste baitut inor ez dela bere lekutik mugituko», esan du gaur goizean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.