Jaurlaritza eta EP ez datoz bat 2022ko aurrekontuen bilerari buruzko iritzian

Jaurlaritzak dio koalizioaren proposamenak jaso dituela; EP ez dago ados horrekin. PP-C's koalizioak «amaitutzat» eman ditu negoziazioak

Jaurlaritzako eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IU taldeak bilera egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2022ko aurrekontuez berba egiteko, eta bilera amaitutakoan oso balorazio desberdinak egin dituzte han eztabaidatutakoaz. Jaurlaritzaren esanetan, EP-IUri 72 milioi euroko proposamen bat egin dio, «koalizioak planteatutako proposamenak modu zehatzean jasotzen dituena»; EP-IUk, aldiz, uste du «funtsezko eta garrantzi sozialeko aldaketak ahalbidetuko lituzketen neurri nagusiak kanpoan» uzten dituela Jaurlaritzaren proposamenak.

Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk uste du Jaurlaritzaren proposamenak aintzat hartzen dituela «Elkarrekin Podemosek bere planteamenduan sartutako politikak»; hau da, Osakidetza indartzea, emisioak kontrolatzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko diru laguntzak ematea, ikastetxeetan inbertsioak handitzea, Lan Ikuskaritzarako lanpostuak sortzea, gazteen emantzipazioa, berdintasuna, migratzaileak eta errefuxiatuak, alokairu soziala eta abar.

Zehazki, Osakidetzan 30 milioi euro gehiago inbertitzea proposatu diote EP-IUri, aho-hortzen osasun zerbitzuari eta osasun mentalari arreta berezia jarrita; ingurumenean, zortzi milioi euro gehiago bideratzea zenbait proiektu sustatzeko; hezkuntzan, bederatzi miloi euro inbertitzea; etxebizitza arloan, diru poltsa bost milioi euro handitzea alokairu sozialeko etxebizitza publikoak erosteko; eta beste igoera batzuk gazteria, berdintasun, enplegu eta euskara arloetan.

Oso bestelakoa da EP-IUren analisia. Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak esan duenez, gobernua «tarte txikia» uzten ari da negoziatzeko: «Ez daude prest 4.000 osasun langileren postuei eusteko, eta hezkuntzaren eremuan ere ez daude prest inklusio itunean aurrera jarraitzeko, ezta energiaren enpresa publiko bat sortzeko ere». Gorrotxategiren esanetan, Jaurlaritzak «betoa» jarri dio «egiturazko aldaketak» ekar ditzaketen gaiez eztabaidatzeari.

PP-C's koalizioarekin ere bilera egin du Jaurlaritzak, baina ez du emaitzarik izan, eta koalizioko bozeramaile Carlos Iturgaizek «amaitutzat» eman ditu negoziazioak. «Gure planteamenduek ez dute harrera handirik izan», deitoratu du Iturgaizek.

Esteban, baikor baina zuhur

Espainian ereabian da 2022ko aurrekontuak negoziatzeko prozesua. Horren inguruan, EAJk Kongresuan duen ordezkariak, Aitor Estebanek, ontzat eman ditu orain arte lortutako inbertsioak. Edonola ere, ohartarazi du aurrekontuek «Senatuan izapide luzea» izango dutela oraindik, eta gogorarazi du zein den EAJk negoziazioetan lortu nahi dituen helburu nagusietako bat: «Eztabaidatzen jarraitzen dugu akordioak lortzeko AHTa hiriburuetara sartzeko moduaz eta prozesuaz, proiektuari bultzada erabakigarria emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.