Jaurlaritza eta EH Bildu prest daude hezkuntza itunaren epea luzatzeko

EH Bilduk eskatu du hezkuntza lantaldea bil dadila, zuzenketak jartzeko epea berriz aztertze aldera

Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hezkuntza itunerako egutegia zehaztuta zeukaten, baina irekita dago orain. Eusko Legebiltzarrean akordioa erdiesteko lantaldeko presidenteak joan den asteartean aurkeztu zuen lehen testua, eta hari zuzenketak egiteko epea etzi amaitzekoa da. Ordea, gero eta gehiago dira epea atzeratzeko eskatzen duten ahotsak: PP batu zaie Elkarrekin Podemos-IUri eta PSE-EEri. Eskaera horiek aintzat hartzea nahi du EH Bilduk, eta formalki eskatu du lantaldea astea bukatzerako bil dadila, zehazteko zein izango diren epeak. Eusko Jaurlaritzak ere ez du oztoporik jarriko, akordioa zabaltzeko balioko badu.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, gailendu egiten dira «ahalik eta akordio handiena lortzeko gogoa eta helburua», hezkuntza legea onartzeko ezarrita daukaten data buruan izanda, betiere: urte honen bigarren seihilekoa. Garrantzitsua iruditzen zaio legea onartzeko «hartutako konpromisoa» betetzea, baina ez ditu alde batera utzi nahi alderdien eskaerak ere: «Saiatuko gara bi helburuek bat egin dezaten: legealdi honetan euskal hezkuntza legea onartzea eta lege honek ahalik eta babes handiena izatea».

«Malgutasunez»

EH Bilduk ere ez du trabarik jarri nahi denbora gehiago emateko. «Malgutasunez» jokatuko dutela hitzeman du EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek, «epeak ezin direlako oztopo izan hezkuntza hitzarmenaren inguruan adostasun zabal bat lortzeko». EH Bilduk berak ez du denbora gehiagoren beharrik, Arreseren esanetan, etxeko lanak eginda baitauzkate: «Jada zehaztu dugu zeintzuk izango diren gure ekarpenak». Baina ez du gaizki ikusten asti gehiago ematea ere, hori akordiorako lagungarri izan badaiteke: «EH Bilduk horretan ere malgutasunez jokatuko du akordioak errazteko, esku artean dugun gaia garrantzitsuegia delako presaka ibiltzeko». Hain zuzen ere, ados jartzea dute helbururik behinena: «Argi dugu helburua hezkuntza hitzarmenean lau indar politiko nagusiok bat egitea dela, eta epeak luzatzeak akordio bat lortzea errazteko balio baldin badezake, ez gara gu izango hori oztopatuko dutenak».

PPk ere PSE-EEren etaEP-IUren bideari jarraitu dio: denbora gehiago galdegin du Carlos Iturgaiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak. EAJri «denborak laburtu» nahi izatea egotzi dio. Epeak luzatzeko eskatzearekin batera, akordioak haren ustez izan beharko lukeenaz ere aritu da. Hauxe haien eskaera: gurasoek «askatasunez» erabaki ahal izango duten hezkuntza eredu bat, itunpeko eskolak eta pribatuak «defendatu», eta eskola publikoa «babestuko» duena. Eta gaztelerari garrantzia emango diona: «Gaztelera eta euskara elkarrekin biziko diren hezkuntza eredua nahi dugu, eta ez dadila euskara gazteleraren gainean inposatu».

Miren GorrotxategiElkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak xehetasunak eman ditu epeak luzatzeko egindako eskaeraren inguruan: beste hilabete eskatu dute zuzenketak egin ahal izateko. Azken egunetan EH Bildun eta PSE-EEn joera aldaketak ikusten ari dela ere esan du, eskola publikoari lotuta. «Orain arte Elkarrekin Podemos zen eskola publikoaren hegemoniaren alde egiten ari zen bakarra, eta eskola publikoaren interesak defendatzen ari zena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.