2024ko hirugarren eta azken Soziometroaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak, eta inkesta horren emaitzak positiboak izan dira Imanol Pradales buru duen gobernuarentzat. Azaroaren 5etik 8ra bitartean galdetu diete 18 urtez gorako herritarrei. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 3.030 lagunek erantzun dute, eta, erantzun horien arabera, Pradalesen gobernuak bereganatu du herritarren konfiantza.
Lehendakari berria, herritarren ustez, elkarrizketarako irekia da (10etik 5,9), zintzoa (5,5), konfiantzazkoa (5,3) eta eraginkorra da (5,2). Azken batean, lider ontzat jotzen dute (5,3).
Herritarrek onespena dute, halaber, Eusko Jaurlaritza berrian (5,4), eta 5etik gorako kalifikazioak lortu ditu baloratutako alderdietan: akordioak lortzeko gaitasuna (5,8), kudeatzeko gaitasuna (5,7) eta ekimena (5,5). Gainera, erdiek uste dute gobernu berriak badakiela zeintzuk diren herritarren beharrak, eta gehienek uste dute baduela behar horiei erantzuteko gaitasuna (%72). Deigarria da, azken hauteskundeetan EH Bilduri botoa eman ziotenen artean ere Pradalesen gobernuak gainditzen duela (5,1) azterketa, ozta-ozta bada ere. Oposizioko beste alderdiei botoa emandakoen artean 4,7ko nota baizik ez du atera gobernuak.
Etxebizitza eta osasuna
Soziometro honetan, gobernu horrek dituen lehentasunen inguruan galdetu dute, eta ez eduki jakin batzuen egoerari buruz, aurreko inkestetan bezala. Hau da, osasunari eta etxebizitzari buruz ez dute zuzenean galdetu, lehentasunen inguruan baizik. Bada, herritarrek espero dute Jaurlaritza berriak lehentasunezkotzat hartzea osasun zerbitzuak (%44), etxebizitza (%32) eta langabeziaren eta lan prekaritatearen aurkako borroka (%31). Urrunago, baina modu nabarmenean, eskatzen diote egoera ekonomikoari bultzada bat emateko eta euskal herritarren bizi-kalitateari eusteko (%15), baita segurtasunari (%14), gizarte babesari eta laguntzen kontrolari (%13) eta hezkuntzari (%13) ere. Beste eskari batzuk ere aipatu dituzte: herritarrei entzutea (%10), immigrazioa (%7), zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura oro har (%6), egoera politikoa eta akordioak lortzea (%6), eta abar.
Herritarren jarrera politikoei dagokienez, gehienek (%60) politikan interes gutxi edo batere interesik ez dute, baina interesa handitzen ari da 2010etik. Ordu hartan, galdetegian parte hartu zutenek zioten biztanleen %20k oso edo nahiko interesatuta zeudela, eta portzentaje hori handituz joan da, egungo %40ra arte. Soziometroaren arabera, EAJ da begikotasunik handiena duen alderdia, goranzko joera argiarekin, eta azterketa gainditzen duen alderdi bakarra da, 5 punturekin. Ondoren datoz, EH Bildu (4,3), PSE-EE (4,2), Sumar (3,2), PP (1,9) eta, azkenik, Vox (0,9). EH Bildu da notarik onena lortzen duen alderdia bere boto emaileen artean (7,9); EAJko boto emaileek 7,6ko nota eman diote alderdi jeltzaleari.
Independentziaren aurkakoak, gora
Buruzagi politikoen ezagutza ohiko mailetara hurbiltzen ari da, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ia alderdi guztietan zerrendaburuak aldatu ondoren. Pradales lehendakariaren ezagutza %77koa da; bai Pello Otxandiano eta bai Eneko Andueza, berriz, ezagunak dira %51rentzat. Javier de Andres (%40) da hurrena ezagutzari dagokionez, eta Amaia Martínez (%25) eta Jon Hernandez (%15) dira azkenak.
Balorazioei dagokienez, Pradales da ondoen baloratua (5,4), eta haren balorazioak nabarmen egin du gora lehendakaria denetik: martxoan 4,9 atera zuen. Otxandiano da (5,3) balorazioan herritarren oniritzia lortu duen beste lider bakarra. Hernandez (4,5) eta Andueza (4,4) atzetik datoz. De Andresek eta Martinezek 3 puntuko balorazioa dute. Pradalesek gainditzen du azterketa hori EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPren boto emaileen artean; Otxandianok, berriz, gainditzen du EH Bilduren, EAJren eta Sumarren boto emaileen artean.
Sentipen nazionalak aztertzen hasita, herritarren %42k «euskal herritar bakarrik» jotzen dute beren burua, edo «euskal herritar, espainiar baino gehiago, eta, beste %42ren ustez, «euskal herritar bezain espainiar» dira. Azken horien portzentajea nabarmen igo da aurreko soziometroekin alderatuta. Herritarren %8 baino ez dira sentitzen «espainiar, euskal herritar baino gehiago», edo «soilik espainiar».
Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %19 independentziaren alde daude, Soziometroaren arabera, eta beste herenak (%33) independentziaren alde edo kontra egongo lirateke egoeraren arabera; %43 aurka daude. Azken soziometro honetan nabarmen egin dute gora independentziaren aurkakoek, bildumako portzentajerik handienera iritsita