Muga zergen gerraren gordinean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek iragarri du, AEBetan bertan dela, Jaurlaritzak ordezkaritza iraunkorra izango duela Washingtonen. «Partida munduan jokatzeak esan nahi du arauak idazten diren lekuetan egotea», Pradalesen hitzetan; eta AEBetara egiten ari den bidaia baliatu du AEBetako hiru kongresukiderekin biltzeko, Joaquin Castro eta John Garamendi demokratekin eta James E. Risch errepublikanoarekin. Hirurei azaldu die oztopo komertzialek «eragin nabarmena» dutela euskal industrian eta merkataritzan. Lehendakariak jakinarazi die kezkatuta dagoela Trumpen administrazioaren politikek euskal ekonomian izango duten eraginagatik.
Washingtonen ezarriko duten Jaurlaritzaren ordezkaritzak helburu argia izango du: AEBetan euskal presentzia handitzea. «Euskadiren eta AEBen arteko harremana indartuko duten aliantzak» josi nahi ditu Gasteizko gobernuak, baita protekzionismoa goia jotzen ari den honetan ere. Pradales «interes komunen defentsaz» aritu da, lotura politikoak, ekonomikoak, sozialak eta espresa arlokoak ezartze aldera. Lehendakariak zera azpimarratu du: «Euskadi ezin da munduan gertatzen den horretatik kanpo geratu», eta beharrezkotzat jo du «antenak» eta solaskideak izatea euskal enpresak «entzungo dituztela» bermatzeko.

Batera edo bestera, Jaurlaritzako buruak AEBen eta Europaren arteko «lankidetza formula berriak» bilatzea proposatu du, Trumpen administrazioak hartu duen norabidearen aurka. George Washington Unibertsitateko Hedabideen eta Afera Publikoen Eskolak antolatutako mahai inguruan adierazi du hori. Pradalesek «joera antidemokratikoen gorakadaz» ohartarazi du, eta balio demokratikoak indartzeko beharra azpimarratu. Hainbat arduradun politiko ohiren aurrean helarazi du demokraziaren aurkako «mehatxuak, kasu askotan, sistemaren barrutik» datozela. «Olatu autoritarioek ukatu egiten dute desberdina den hori, eta munduari buruz duten ikuspegia inposatzen dute, oinarri demokratikoak higatzen dituzten irtenbide sinplistak aurkeztuz».
Europaren rola
Halaber, Donald Trumpen administrazioak Europako Batasunarekin dituen harremanei buruz hausnartu du Pradalesek. Azaldu du «presaz» jarduteko beharra finkatu egin dela EBn, azken urteetako aldaketei aurre egiteko, eta AEBetako presidente izendatu berriaren eraginez bizkortu egin dela joera hori. Hain zuzen ere, ziurtatu duenez, Trumpen politikek erakusten dute Etxe Zuria ez dela «baldintzarik gabeko aliatua» Europarentzat.
«Multilateralismoaren ahultzea, munduaren itxiera eta potentzia batzuen irrika inperialistak agerian daude»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Multilateralismoaren ahultzea, munduaren itxiera eta potentzia batzuen irrika inperialistak agerian» daudela esan du argi, George Washington Unibertsitatean, eta titulu biribila utzi du segidan: «Europak Europa izan behar du aurrerantzean ere». Izan ere, Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, Europako proiektua indartu egin behar dute, «eraldaketa nabarmenak» eginda; zehaztu du Draghi, Letta eta Niinistoren txostenak aintzat hartu behar direla horretarako.