Iñaki Azkunaren heriotza

Jaun eta jauntxo

2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gaixotasun luze baten ondoren, atzo iluntzean hil zen Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, etxean, familiak inguratuta. Duela hamar urte aurkitu zioten prostata minbiziak hil du.

Hamabost urtez Bilboko agintari nagusi izan denak harreman berezia izan du hiriarekin eta herritarrekin. Ez da oharkabean igaro. Ez du inor epel utzi. Pasioak sortu ditu bere ibilbide publikoan: aldekoak eta kontrakoak. Jauna izan da batzuentzat, jauntxoa besteentzat. Durangon jaio zen arren (1943), bilbotartasunari egozten zaizkion ezaugarriak bete betean bildu ditu, jaiotartasunetik: Bilbotarra nahi duen lekuan jaiotzen dela dio esaerak. Harro agertu da beti bere buruarekiko; seguru. Ahoan bilorik gabe hitz egin du, politikoki zuzenak ez diren adierazpenek sor litzakeen kritika eta haserreak axola gabe.

Tematia izan da. Burugogorra eta borrokalaria. Azken eguneraino eutsi dio zin egin zion eta horrenbeste maite zuen karguari. Ez zen amore ematekoa, eta nahiago izan du azken indarrak alkatetzari ematea atseden hartzea baino.

Alkate lana bizimodu egin du. Udala, familia. Eta Bilboren historiako azken aroak bere izena darama: Iñaki Azkuna.

Horixe aitortu zion Londresko City Mayors fundazioak iaz, munduko alkate izendatu zuenean: «Ezinbestekoa izan da gainbeheran zen hiri industriala nazioarteko turismoaren eta arteen topaleku bihurtzeko». 1999. urtetik izan da alkate, eta eztabaidaezina da 15 urte horietan eraldaketa handia izan duela Bilbok; batzuen gusturako, besteen haserrerako. Aurretik zetorren eraldaketa prozesua —Guggenheim museoa eta metroa abian zeuden iritsi zenerako— jarraitu eta indartu du.

Bilboren onerako izan da aldaketa askorentzat. Turismoari gehiegi begiratuta, bilbotarrak ahaztu dituena besteentzat. Bi ikuspegi horiek aurrez aurre jarri dituzte Azkunaren aldekoak eta kontrakoak.

Miresleak eta sariak

Miresleak baditu. Nazioartean, asko. Bata bestearen atzetik jaso ditu sariak azken urteetan: Iaz bildutako munduko alkate sariaz gain, 2011n Europako kudeaketa gardenena duen udalari emandako saria jaso zuen. Europako Erkidegoen Batzordeko Liberal eta Demokraten taldeak lekuko politikaririk onenaren saria eman zion 2010ean, eta Singapurrek, hirien eraldaketak aitortzeko Lee Kuan Yew saria.

Jaun izan da Espainiako hainbat eremutan. Harreman berezi eta estuak izan ditu pertsonalitate gorenekin. Baita Juan Carlos Espainiako erregearekin berarekin ere.

Duela gutxi erregeak alkatea bere etxean bisitatu zuenekoa da bien arteko konplizitatearen erakusle argiena. Martxoaren 2an joan zen Juan Carlos I. Azkunaren etxera, «maitasun eta gertutasun pertsonalerako keinu gisa». Bilbon egin zen goi bilera ekonomikora egindako bidaia baliatu zuen alkatearekin egoteko. Felipe printzearekin ere harreman estua izan du.

Espainiako ministro eta ordezkariak adeitsu hartu izan ditu Azkunak; baita militarrak ere. 2012an udalaren lokal batzuk utzi zizkion Espainiako armadari erakusketa militar bat egiteko, eta inaugurazio ekitaldian ere parte hartu zuen.

Bilboko kaleetatik sinbologia frankistak kentzeari uko egin dio, halaber, behin eta berriz, iaz, Lau Haizetara Gogoan Plataformak Oroimen Historikoaren Legea ez betetzeagatik salaketa jartzeraino. Sinbolo horiek Bilboko kale, plaza eta eraikinetan jarraitzen dute.

Aurten, liskarra errepikatu da. Bilbok izan dituen alkate frankisten koadroak udaletxean zintzilikatuta daudela eta, horiek kentzeko eskatu zion Bilduk. Azkar erantzun zion Azkunak: «Historia errespetatu egin behar da». Ez zuela koadroak kentzeko inolako asmorik ziurtatu zuen. «Jende horrek —Bildukoak— ez nau beldurtuko».

Jarrera bereziki erasokorra izan du beti ezker abertzalearekiko: «Sortukoekin, ezta herentzia jasotzera ere!», esan zuen urte hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionalak Herrira-ren manifestazioa debekatu ondoren EAJk hainbat eragilerekin batera beste manifestazio baterako deia egin zuela eta. «Egoera berezia izango dela espero dut, eta ez dela errepikatuko».

Lizarra-Garaziko esperientzia ez du sekula gustuko izan, eta PPrekin zein PSErekin akordioak egitearen aldekoa izan da. «Euskadi independentea» izateko aukera ez duela aurreikusten ere esan du aurten; «herri transbertsalaren» aldeko apustua egiten duela. «Sentsibilitate guztiak» bilduko dituen herria aldarrikatu du, «ez abertzaleena bakarrik». «Euskadi herri zoragarria izango litzateke ez bagina horren erretxinak eta problematikoak».

Bere alderdiaren ildo ofizialetik urrundutako jarrerak hartu ditu hainbatetan. «Denok dakigu nolakoa den», justifikatu du EAJk. Bere kasa ibiltzen utzi dio, beste batzuek ez duten askatasunarekin.

Ez da kasualitatea. Beste inork lortuko ez lukeen babesa jaso izan du hauteskundeetan. Azkenengoetan, gehiengo osoa. Bere bilbokeriak, populismoak, eta hiriburuak izandako eraldaketak alde guztietako herritarrak erakarri ditu. Datuek erakusten dute beste alderdi batzuei botoa ematen dieten pertsonek Azkunaren aldeko botoa eman izan dutela udal hauteskundeetan: beste hauteskunde batzuetan PPren zein PSEren hautagaiak aukeratu izan dituztenek gehien bat, baina baita ezker abertzalearen hautagaiak babestu izan dituzten bakan batzuek ere.

Gizarte eragileekin eta auzoetako mugimenduekin, berriz, ez da horren ondo moldatu. Aurkariak izan direla ere esan daiteke, elkar muturka mespretxu handiz aritzeraino. Udaleko oposizioak «jauntxo» gisa agintzea behin baino gehiagotan leporatu badio, etengabe egin diote akusazioa eragileek.

Hamaika liskar izan dituzte. Bilboko konpartsen eta Azkunaren arteko harremanei begiratu besterik ez dago. Elkar ulertu ezina izan dute nagusi. Azkuna buru zuen udalak urtetan debekatu die konpartsei inauterietako desfile ofizialean parte hartzea, esaterako; eta 2009an, Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei debekatu egin zien hurrengo bi urteetan Aste Nagusian txosna jartzea. Presoen argazkiak erakustea izan da bietan arrazoia.

Azkunak sustatuta Bilboko Udalak 2010ean onartu zuen Espazio Publikoen Ordenantza murritzaileak ez zuen liskar gutxiago eragin. Okupazio mugimenduaren aurka ere gogor egin du: ez dira erraz ahaztuko 2011n Kukutza gaztetxea hustu arazi zueneko irudi bortitzak. Legea bete zuela zioen.

Heriotza aurrez-aurre

Duela 11 urte prostatako minbizia atzeman ziotenetik gaixotasunarekin borrokan aritu den arren, ez du alkatetza uzteko asmorik erakutsi, eta ospitalean zein etxean luzaro egon duen arren, indar nahikoa izan duen aldiro itzuli da udalera.

Heriotzari aurrez-aurre begiratu dio bere emaztea gaitz berak eraman zuenetik, 2012ko udan. Parisen ikasle zela ezagutu zuen Anabella Dominguez mexikarra. Emaztea hil zenetik bakardadea sentitu duela aitortu du. Seme bat utzi dute.

Arreba ere minbiziak hila du, eta aitaren aldeko familia gehiena ere bai. «Ez dut behar inork eskuak irakurtzerik. Badakit kondenatuta nagoela», adierazi zuen iaz. Sendagile, Gurutzetako ospitaleko arduradun, Osakidetzako zuzendari eta Osasun sailburu ere izan denak ondo zekien denbora aurka zuela. «Indarra dudan bitartean, egurra!». Horixe zen bere bizitzeko era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.