Zazpi urte luze geroago iritsi da Udalbiltza auziko absoluzioa, hogei epaituen absoluzioa. Behin-behineko amaiera ona izan arren, bidegabekeria juridiko-politikoen zerrenda luzeko beste adibide bat da Udalbiltza auzia, epaiak berak agerian utzi duenez. Egunkaria-ren kontrako lehen operaziotik hilabete gutxira etorri zen Udalbiltzaren kontrakoa, 2003an, PPk gehiengo osoz gobernatzen zuenean. Zazpi urte geroago iritsi da bien absoluzioa, epaimahai beraren eskutik. Bi epaietan antzeko jokabideak gelditu dira agerian, biluzik. Guardia Zibilarenak eta Espainiako Poliziarenak eta epaile instruktorearenak (Del Olmo eta Garzon). Jarduteko modu berdina da: poliziek prestatzen dute tesia, dokumentu batzuetatik zati batzuk hartuz eta nahierara interpretatuz, eta epaile instruktoreak —«era akritikoan» Udalbiltza auziko epaiaren arabera—tesi hori bere egin eta itxura juridikoa ematen dio. Ondorioz, Udalbiltzaren auzian, akusazioa Udalbiltzaren helburuen eta ETAren helburuen arteko antzekotasunera mugatzen da, epaiaren arabera. Gurpil hori, jarduteko modu oker hori, baina, ez da Egunkaria eta Udalbiltza auzien esklusibitatea, baizik eta orokorra da Espainiako Barne Ministerioan eta Auzitegi Nazionalean. Hain zuzen, besteak beste, era horretara eraiki dira Jarrai-Haika-Segi auzia, 18/98 auzia, AAB-Askatasuna auzia eta Batasuna, Ekin eta Segiren kontrako auzi eta operazioak, joan den asteartekoa barne. Hor dago gakoa, akusazioak eraikitzeko modu hori desagertzea (eta horren haritik eratorritako atxiloketak, tratu txarrak, espetxealdiak...), gaitza abiatu baino lehenago eteteko, eta ez zazpi urte geroago, kaltea egina dagoenean. Beraz, giltzarria honako hau da: Udalbiltza auziaren absoluzio epaia salbuespena da edo jarduera eta estrategia mota baten amaieraren hasiera? Inoiz baino errazago dute agintariek praktika horiek guztiak desagerrarazteko.
Epai honek baditu beste zenbait atal nabarmentzeko modukoak. Batetik, kutsaduraren teoriaren arbuioa («onartezina» da inputatuekin harreman duen oro ETArekin lotzea). Bestetik, Udalbiltzaren zilegitasunaren aitortza —«hautetsien batzarra ideia eta proiektu abertzale bat da, baina ez terrorista»—, eta horrekin batera nahikunde abertzaleen zilegitasunaren aitortza. Nazio instituzio baten egitasmoa bizkortzeko garai egokian iritsitakoa.
Analisia
Jatorrizko gaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu