Arrigorriagako (Bizkaia) 200 bizilagun inguru udaletxeko plazan bildu dira gaur, ostiralean jatorri txinatarreko dendari batek jasandako erasoa salatzeko. Arrigorriagako Udalak deitu du protestara. Maite Ibarrak alkateak erasoa errefusatu du, eta esan onartezinak direla halakoak Arrigorriagan eta beste edonon. Elkartasuna adierazi diete biktimari eta haren sendiari. Elkarretaratzean, isilik egon dira bost minutuz, eta, denbora hori amaitzean, txalo zaparrada batez amaitu dute.
Erasoa jasan zuen dendariaren alaba batek adierazi du aurretik ere jazarri diotela aitari. Gazte talde bat saltokira hurbildu zen ostiralean, haietako hiru barrura sartu, eta salgaiak lekuz aldatzen hasi ziren. Dendariak kargu hartu zienean, gazteetako batek kolpe bat eman zion, eta, lurrean zela, beste biek ostikoak eman zizkioten.
Gazteek ihes egin zuten, eta dendariaren senide batek eskatu zuen laguntza. Dendaria etxean dago, baina beso bat eta hanka bat igeltsuan ezarri dizkiote; gainera, aurpegian kolpe handi bat dauka, eta ebakuntza egin beharko diote osatzen denean.
Erasoaren ostean, gazteetako bat polizia etxera joan zen, eta bere burua entregatu zuen. Atzo epailearen aurrera eraman zuten. Ertzaintza beste bi erasotzaileen bila ari da. Gorroto delitua leporatzen diete hirurei.