Jatorri eta kultur aniztasunaz gogoeta egingo du Sortuk aurtengo Plaza Hutsean

Immigrazioa izango da aurtengo Plaza Hutsa topaketaren gai nagusia. Jatorri eta kultur aniztasuna ardatz hartuta, besteak beste euskara, hezkuntza eta diskurtso arrazistak aztertuko dituzte otsailaren 22an Andoainen.

Oihana San Vicente eta Xabier Iraola, Plaza Hutsaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Oihana San Vicente eta Xabier Iraola, Plaza Hutsaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ANDOAIN
2025eko urtarrilaren 14a
17:00
Entzun

Immigrazioaren inguruko hausnarketa egingo du Sortuk aurtengo Plaza Hutsa topagunean. Herrigintzan aritzen diren kideekin eta adituekin batera, ertz desberdinetatik aztertuko du kultur eta jatorri aniztasunak euskal nazioaren eraikuntzan izango duen tokia. Topaketa otsailaren 22an izango da, Andoainen (Gipuzkoa).

«Datozen urteetan immigrazioaren fenomenoari eta horren ondoriozko jatorri eta kultur aniztasunari emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa». Baieztapen hori abiapuntu hartuta, hausnarketa prozesu bati ekin zion Sortuk duela bizpahiru urte. Gogoeta horren ondorioak eta estrategia bildu dituzte Bidaide. Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan izeneko agirian. Horren bueltan arituko dira aurtengo Plaza Hutsean. Herrigintzan lanean ari diren ezkertiar independentisten urteroko topagunea da Plaza Hutsa. Aurtengoa otsailaren 22an izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean.

Xabier Iraola eta Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideek azaldu dituzte topaketa horren nondik norakoak, gaur egin duten aurkezpenean. «Euskal Herrian ziklo politiko berria zabaltzen ari da», adierazi du Iraolak. Ziklo horretan, batetik, ezker independentismoa hazten eta errotzen ari da, eta, bestetik, jatorri eta kultur aniztasuna gero eta handiagoa da. Testuinguru horretan erabaki behar da euskal nazioaren etorkizuna nola eraiki. Ezker subiranistaren eta aniztasunaren goranzko joera horiek aukera gisa ikustearen aldekoa da Sortu.

Horregatik erabaki dute immigrazioa izango dela otsailaren 22ko topagunearen ardatza. Gai nagusi hori bost ikuspuntutatik jorratuko dute: euskara, inklusioa, hezkuntza, sozioekonomia eta erreakzio autoritarioa. Solasaldi nagusiak zabalduko du aurtengo Plaza Hutsa, eta, bertan, Bidaide agiriaren mamia jarriko dute mahai gainean. Ondoren, bost solasaldi izango dira.

«Kolonialismoak gure herrira etorri diren hainbat lagunen hizkuntzak zapaldu dituela kontuan hartuta, aliantzak eta elkar enpatiak nola landu jorratuko dugu»

OIHANA SAN VICENTESorturen Nazio Idazkaritzako kidea

Euskara, Euskal Herria eleaniztasun eta kulturaniztasunean solasaldia nabarmendu du Oihana San Vicentek: «Estaturik eta burujabetzarik gabeko herria eta hizkuntza zapaldua eta gutxitua dugun herria garen heinean, kultur aniztasunaren gaiari heltzea giltzarria da». Eguzki Urteaga soziologoa, Laura Penagos antzezle kolonbiarra eta Aize Otaño AEKko kidea arituko dira saio horretan. «Kolonialismoak gure herrira etorri diren hainbat lagunen hizkuntzak zapaldu dituela kontuan hartuta, aliantzak eta elkar enpatiak nola landu jorratuko dugu».

Hizkuntza, hezkuntza formaletik at

Hezkuntzari lotutako solasaldia ere azpimarratu dute. l’Aliança Educació 360 Kataluniako proiektuaren berri emango du Marta Domenech programaren koordinatzaileak. Hezkuntza formaletik harago, aisialdian katalana gazteen artean sustatzen duen programa da.

Erreakzio autoritarioa eta arrazakeria solasaldia ere aipatzeko modukoa da; San Vicenteren hitzetan, «krisi anitzen garaian murgilduta gaudela, eskuina eta eskuin muturra ari direlako haien narratiba eta marko ideologikoa ezartzen, eta arrazismoa eta xenofobia zabaltzen ari da, baita ezkerreko mugimenduetan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.