Errealitatea eta erronka. Hala dira euskal herritarren jatorri eta kultur aniztasuna. Hori jakinda, beraiek ezker abertzalea direla nabarmendu die Olatz Egigurenek, Sortuko Herrigintza lantaldeko kideak, Plaza Hutsa ekitaldira bildu diren 500 bat lagunei, Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa): «Ezker abertzalea gara. Eta guk nazio ukatu eta zatitua garen kontzientziaz eta herritar guztiok eskubide eta betebehar berak izan behar ditugula konbentzituta begiratzen diogu errealitate horri; bietatik, eta bietatik batera».
Sorturen urteroko gogoeta topagunea izan ohi da Plaza Hutsa. «Herrigintzaren hitzordu» gisa definitu dute haiek. Jatorri eta kultur aniztasuna landu dituzte aurten, eta Sortuk azken bizpahiru urteetan gaiari buruz egindako hausnarketaren berri eman dute. Bidaide izeneko proposamenean bilduta daude.
Egigurenek gogora ekarri du zer jarrera hartu zuen ezker abertzaleak duela hainbat urte euskal herritarrak definitzeko: «XX. mendearen erdialdean ezker abertzaleak esan bezala, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro da euskal herritarra. Eskubide eta betebehar berak izango ditugun herritarrez osatutako Euskal Herri bat dugu helburu». Egigurenek gehitu du gaur egungoa inoizko Euskal Herririk pluralena dela, euskal herritarren jatorriari eta kulturari erreparatuz gero.
«[Jatorri eta kultur aniztasunak] Euskal Herriaren eraikuntza eta eraldaketa prozesua goitik behera zeharkatu beharko du, eta emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa»
XABI IRAOLASorturen Herrigintza lantaldeko kidea
Sorturentzat jatorri eta kultur aniztasuna ez da gai edo arlo hutsa, gainerako eremu guztietan eragina duen eta txertatzen den errealitate bat baizik. «Horregatik», azaldu du Xabi Iraola Herrigintza lantaldeko ordezkariak, «Euskal Herriaren eraikuntza eta eraldaketa prozesua goitik behera zeharkatu beharko dute, eta emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa».
Bide horretan, Iraolaren esanetan, markoa bera dago jokoan. Ezker abertzaleak bi lan dituela zehaztu du: «Hauspotzen ari diren ildo erreakzionarioak deseraikitzea eta ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik marko alternatibo sendo bat eraikitzea».
«Betiere euskara ardatz»
Kohesioa aipatu dute Andoaingo topagunean. Kulturartekotasuna bai, «baina betiere euskara ardatz izanik». Iraolak, jarraian, gogorarazi du euskararen egoeraren erantzulea ez dela migrazioa, «Espainiako eta Frantziako estatuen legediak baizik».
Legedi horiek oztopo dira Euskal Herrian bizi diren herritar guztiek aukera berdinak eta bizi baldintza duinak izateko, Plaza Hutsean salatu dutenez. «Guk, estaturik gabe, ezin dugu paperik eman», esan die Egigurenek bildutakoei. «Baina izan, bagara, eta komunitate baten parte izateko gonbidapena egin dezakegu». Burujabetza eta migrazio politika propioak eskatu ditu, behar bezalako harrera eta inklusio sozioekonomikoa egiteko, «eta aniztasuna begirada demokratiko eta aurrerazalearekin kudeatzeko».
«Guk, estaturik gabe, ezin dugu paperik eman. Baina izan, bagara, eta komunitate baten parte izateko gonbidapena egin dezakegu»
OLATZ EGIGUREN Sorturen Herrigintza lantaldeko kidea
Hala ere, mugak muga, kulturarteko ikuspegia eta ikuspegi inklusiboa eremu guztietan txertatu behar dituztela esan die Egigurenek. Lau lehentasun ezarri ditu: Euskal Herria harrera herria eta pasabide segurua izatea; inklusioa bermatzea; arrazakeriaren kontrako lana eta mugimendua indartzea; eta Euskal Herrira iristen diren herritarrak «euskarara ekartzea». Berretsi egin du bide hori jorratzeko konpromisoa; baita, horretarako, ezker abertzaleak bere burua berrikustekoa ere.
Solasaldi nagusiaren ondoren, bost eremutan landu dituzte jatorri eta kultur aniztasuna: hezkuntza, euskara, inklusioa, sozioekonomia, eta erreakzio autoritarioa eta arrazakeria. Bukaeran, ideia bat nabarmendu dute: «Euskal Herri aske eta solidarioa helburu, baitezpadakoa da jatorri eta kultur aniztasunari arduraz eta herri gisa erantzutea, begirada aurrerakoi eta baikorrez erantzun ere».