Duela bi urte hasi zen DSBE diru sarrerak bermatzeko errentajasotzen Ane Miren H. Unda. 28 urte ditu, eta Bilbon bizi da: bi lagunekin partekatzen du etxea, alokairuan. Hiru etxekideetatik bik jasotzen dute DSBEa; hirugarrena lanean ari da. Baina, Eusko Jaurlaritzak laguntza jasotzeko baldintzak aldatzen baditu, biek galduko dute, etxean badagoelako diru sarrera bat. Gaur egun, hiru bizikide unitate osatzen dituzte, baina, erreformarekin, unitate bakartzat hartuko dituzte. Hartara, etxean diru sarrera bakarra onartuko diete, eta beste bi pertsonari 200na euro emango dizkiete, alokairurako; hain justu, etxekideetako bakoitzak 260 euroko alokairua ordaintzen du, etxeko gastuez gain.
Laguntza kobratzen dutenen aurkako aurreiritziak zabaldu nahia ikusten du Undak erreformaren oinarrian: «DSBEa kobratzen dugun guztiak kriminalak gara, esaten ari baitira kobratzen ari direnen artean bikote klandestino asko dagoela. Erreformaren ostean denak hartuko gaituzte bikote moduan. Gauza da gu ez garela familia edo bikote. Izatekotan, hirukotea ginateke, baina ez gara horren modernoak». Aitortu du laguntza kobratzen duenetik kriminalizatuta sentitzen dela.
Undaren iritziz, egoera «oso larriak» sor daitezke, eta diru menpekotasunak sortuko dira, batez ere, emakumeen artean. «DSBEak emakume askori lagundu die harreman batetik onik ateratzen. Tratu txarrak pairatzen bazituzten eta bikotekidearekiko menpekotasuna ekonomikoa ere baldin bazen, laguntzari esker independentzia ekonomikoa lortu dute», gogoratu du. Erreformak menpekotasun ekonomikoa berrezarriko duela erantsi du.
Gastu mugatuak
Kenduko dieten diruarekin zer egingo duten galdetzen du Undak: «Suposatzen da familien aldeko erreforma dela, baina, praktikan, hilean zazpi euro besterik ez diete igoko, eta, guri, 400 euro kendu. Diru hori auskalo zer proiektu handitan xahutuko duten!». Dena dela, ez du gurasoenera itzultzeko asmorik. «Beste aukeraren bat pentsatuko nuke. Agian, udako etxeak okupatzen hasi beharko dugu, pertsona asko egoera oso txarrean geratuko garelako».
Gazteak badaki zertaz ari den. Oraintsu, bi hilabete daramatza DSBEa kobratu barik, zigor modura, Lanbidek emandako ikastaro batera agertu ez zelako. «Ez nuen deirik jaso; ez nekien ezer ikastaroari buruz». Lanbideren beraren oker bat izan dela uste du, eta horregatik jarri du helegitea, baina, gaur-gaurkoz, diru sarrerarik gabe dago. «Ez da hain zaila DSBEa lortzea, baldintzak betez gero. Zailena mantentzea da». Helegitea onartuz gero, dirua itzuliko diote, baina, ordurako, urteak igaro litezke. «Nik beharra orain daukat. Jateari utz diezaioket, baina ez alokairua ordaintzeari».
DSBEa oinarrizko gastuetarako laguntza izanik, gastu mugatuak ditu: «Ezin ile apaindegira joan, ezin ordenagailu bat erosi... Baina lan egiteko ordenagailua behar dut, oinarrizkoa da. Lanbidetik deituz gero telefonoa beti prest izan behar, baina hori erosteko ezin dut laguntza erabili». Lanbideren ikastaroez kanpoko heziketarako ere ezin du baliatu: «Ez al da ironikoa heziketarako ezin erabiltzea, etorkizunean lan egin ahal izateko bada?». Gazteak espero du neurriak ez direla ezarriko: «Bestela, ez dakit nola moldatuko naizen».
Pobreziaren kronifikazioa
«Jateari utz diezaioket, ez alokairua ordaintzeari»
Ane Miren H. Unda. DSBEa jasotzen du, baina galtzeko zorian dago, erreformaren ondorioz. Oraintsuko hutsegite bat dela eta, bi hilabete daramatza kobratu gabe: estu-estu dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu