Mikel Ormazabal. Kristau Eskolako zuzendari nagusia

«Jasotzen dugun diruarekin egin ahal dena egiten ari gara»

Zuhurtziaz hartu du Ormazalek Jaurlaritzaren eta ikastetxeen arteko ituna moldatzeko asmoa. 2019ko aurrekontu proiektuan jasota zegoena bada euren azken proposamenean ja kontuan hartu zutela esan du.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Kristau Eskolako zuzendari nagusi Mikel Ormazabalek (Andoain, Gipuzkoa, 1959) uste du sindikatuek ez dutela negoziatzeko jarrera «egokirik»: «Guk proposamenak jartzen ditugu mahai gainean, eta euren erantzuna beti da bera: 'Oso urruti zaudete, ezin dugu onartu'. Horrela ezin da negoziatu». Zortzi eguneko grebak kezkatuta dauka.

Zergatik ez da oraindik posible izan akordio bat lortzea?

Sindikatuek ez dute mugitu nahi izan negoziazio honetan guztian. Nahiz eta guk lau proposamen aurkeztu dizkiegun azken hiletan, beraiek berean jarraitzen dute, inongo konkreziorik eman gabe. Orain dela urtebete mahaitik alde egin zuten. Gero bueltatu ziren greba batekin mehatxu eginez. Jarri zuten eskaera bat mahai gainean. Guk itunpeko sarearen egoera zein den aztertzea proposatu genuen, baina ez zuten landu nahi izan. Azkenean maximalismoetara jotzen dute.

Sindikatuek diote ez duzuela ahaleginik egin haien eskaeretara gerturatzeko.

Hori ez da egia. Ahaleginak egin ditugu, jakinda itunpeko sareak zer nolako diru sarrerak dituen finantzaketa publikotik, eta horren arabera badaude elementu batzuk ezinezko egiten zaizkigunak gainditzea. Ezinean gabiltza.

Joan den astelehenean, Kristau Eskolako zuzendaritzak bilera egin zenuten, eta esan zenutenez duzuela proposamen berririk egingo. Zergatik?

Egoera honetan, gaur-gaurkoz, guk ezin dugu gehiago eskaini. Kristau Eskolako ezohiko batzar nagusia dugu larunbatean. Planteamenduak egingo dira han, instituzioetako ordezkarien aurrean. Haiekin eztabaidatuko dugu orain arte zer egin den. Adierazpen instituzional bat ere egingo da bukaeran. Denon arteko solasaldi horretan ikusiko dugu nolako mugimenduak egin ditzakegun, baina tarte oso txikia dago. Benetan. Ez dut inor engainatu nahi. Ez gabiltza estrategia bat erabiltzen, ondorio ekonomikoak edo halako zerbait lortu nahian. Jasotzen dugun diruarekin egin dezakeguna egiten ari gara. Oraingoz ezin dugu askoz gehiago egin.

Eusko Jaurlaritzak iragarri du ituna moldatuko duela, finantzaketa hobetzeko. Horrekaukeraemango lizueke beharginei gehiago eskaintzeko?

Oraindik ez dakigu argi zer esan nahi duen Jaurlaritzak. Guk ulertu dugu 2019ko aurrekontu proiektuan hezkuntzarako jarri zituen hainbat diru kontu martxan jarriko dituela dekretu bidez. Iaz guri esan zigun hala egingo zuela, 2018ko aurrekontuak luzatu arren. Hau da, aurreikusitako diru horiek bermatu egingo zituela. Baina ez dakigu ziur hori esan nahi izan duen.

Eta zuek uste duzuen hori esan nahi izan badu, orduan zer?

Guk eskaini dugun azken proposamenean, sindikatuek atzera bota duten horretan, dagoeneko hori kontuan hartuta dago, pentsatzen dugulako Eusko Jaurlaritzak emandako hitza beteko duela. Baina onartu ez den aurrekontu proiektuan sartuta zegoen diruak soldata igoerarako baino ez luke emango,ez beste eskaeretarako. Soldaten inguruan ELAren erantzuna da ez duela onartu nahi irizpidea. Soldatak kalkulatzeko irizpidea Kristau Eskolan hau da: gobernuaren taula publikoak ezarritakoa gehi %0,5. Hori ez du onartu nahi ELAk. Guk finantzaketa publikoak ematen diguna zuzenean jartzen dugu mahai gainean.

Hainbatetan esan duzu ikastoletan zuen proposamenaren antzeko lan ituna sinatu dutela sindikatuek. LABek onartu du soldatetan hala dela, baina esan du aldeak daudela beste puntu batzuetan: enplegua mantentzeko konpromisoan, ordezkapenetan eta abarretan.

Desberdintasun txiki batzuk daude horietan, bai, baina ordu gutxi batzuen aldea baino ez da. Baina, adibidez, ikastoletan ez dute ordu osagarririk eskatu, eta guk eskaini diegu. Lanbide Heziketarako ere ikastolei ez diete ezer eskatu, eta guk eskaini dugu. Detaile batzuetan ikastolen azpitik ibiliko gara, agian, baina beste batzuetan gainetik.

Esan izan duzu lan baldintzak hobetzea ez den beste interesen bat dutela sindikatuek. Zergatik uste duzu hori?

Duda hori sortzen dit haien jarrerak. Ez dut ulertzen zergatik kasu batean onartzen duten eta beste batean ez, jakinda batzuek eta besteek finantzaketa publiko berdina jasotzen dugula. Kezka hori datorkit niri. Beraiek azaldu beharko dute. Helburu politikoren bat izan dezakete, nik ez dakit. Baina galdetu ELAri zuzenean, noizbait adierazi izan duelako beste helburu bat daukala.

Gurasoek kezka agertu dute. Haiekin bildu zara hainbatetan. Zer eskatu dizuete, eta zer eskaini diezue zuek?

Asteazkenean bildu nintzen haiekin. Kezka dute, eta amorrua ere bai. Batxilergoko ikasleekin zer gerta daitekeen kezkatuta daude; baita ere etapa bukaeran daudenekin. Datorren astean lurraldeetako zuzendariekin bilduko gara eta aztertuko dugu hezkuntza helburuak lortzeko zer egin daitekeen, galdutako orduek eraginik ez izateko. Nik uste dut ikastetxeek arduraz jokatuko dutela. Eta baita irakasleek ere, gure irakasleak oso arduratsuak dira eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.