Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikerlarien lana aitortu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek aitortza egingo diete hiru emakume ikertzaileri. Ibilbideagatik eta ikerkuntzan egindako lanagatik sarituko dituzte.

Marta Olazabal ikerlaria, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 19a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu dute. Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak hautatzen ditu aitortza jasoko duten emakume ikertzaileak, eta aurten erabaki ditu dagoeneko 2022an hiru kategorietan aitortza egingo zaien emakume ikertzaileak. Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedradunak ikerketa arloko ibilbideagatik aitortza jasoko du. Amanda Sierra Basque Center for Neurosciences ikerketa zentroko ikertzaileak, berriz, bere ikerketa arloko lidergoaren aitortza jasoko du. Eta, azkenik, Marta Olazabal Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroko kideak, ikertzaile gaztearen aitortza.

Laugarren aldia da aurtengoa, eta aukeraketa prozesu luzea izan da. Ikerbasquek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakume ikertzaileen azkenaldiko ekoizpen eta ekarpen zientifikoei buruzko datuen analisi bibliometrikoa egin du. Ondoren, ebaluazio batzordeak gorago aipaturiko hiru kategoria horietako 25 ikertzaileren artean aukeratu ditu. Aurten, batzordeak emakumezko ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du, eta hautagaien kopuruak izan duen gorakada ere bai. Horrek, batzordekideen hitzetan, «agerian uzten du emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren potentzial handia».

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek 2022ko udazkenean egingo dute ekitaldia. Bertan izango dira, aitortza jasoko duten ikertzaileekin batera, ikerketa zentroetako, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.