Aurore Martin. Batasuna ohiko militantea

«Jaso dudan sostenguaren beharra du bake prozesuak ere»

Abenduaren 22az geroz kalean da Aurore Martin, euroagindu baten harira Espainian preso egondako zuberotarra. Herri mobilizazioari esker libre dela dio.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bera kaleratzearen alde mobilizatu diren guztiak eskertzen ditu Aurore Martinek. «Jasotako sostengu zabal hori Euskal Herriaren aldeko elkartasun bilakarazteko» lan egin behar dela dio.

Abenduaren 22an atera zinen kartzelatik, baldintzapean. Nola sentitzen zara?

Biziki ontsa, nahiz eta auzia gelditzen den pasatzeko. Auziaren zain izan arren, erran daiteke hala ere, euroaginduari dagokionez, sekuentzia bat hetsi dela. Ez dakigu auzia noiz etorriko den. Kontent naiz Euskal Herrira sarturik, baina ez da erraza beste kideak han uztea.

Zuk ere badiozu atxiloketa politikoa izan dela; Frantziako Gobernuaren erabakia izan zela.

Gobernua bera osoki jakinean zenik ez dakit, baina Manuel Vallsen maniobra bat izan dela errateko nahiko elementu badauzkagu.Espainiako Barne ministroarekin topatu ondotik El País egunkarian egin zituen adierazpenak erasokorrak izan ziren, batez ere Ipar Euskal Herriari begira, eztabaida instituzionala lerrokatuz borroka armatuarekin. Nahitara nahasmena eragin zuen, eta probokazio hutsa izan zen. Gizarte zibilari eta kargudun politikoei begira sekulako mespretxua zen. Topaketaren ondoren hiru atxiloketa ere egin zituzten. Beraz, zerbaitez hitz egin zutela suposa dezakegu. Nire atxiloketa izan eta gero, espainiarrek bi estatuen arteko elkarlana eskertu zuten. Argi eta garbi gelditzen da kudeaketa bat bazela aurretik.

Vallsen probokaziotzat jo duzu zu atxilotu izana. Nolakoa ikusten duzu Frantziako gobernu berriak Euskal Herriarekin duen politika?

Iruditzen zait momentukoz aitzineko gobernuaren jarrera bera atxikitzen duela. Nahiz eta lokalki sozialistekin harremanak egon, gobernuari begira momentukoz ez da aldaketa handirik. Egia da ere ez dela oraindik berantegi, eta jarrera aldatuko dutela espero dut. Karta garrantzitsu bat du esku artean gobernu frantsesak, ardura izugarria ere badu... pauso bat eginez gero, espainiar gobernuak ezingo duelako oraingo posturan gelditu. Bihar erabaki propioak hartzen baditu Parisek, ez du estatu espainiarraren aldaketa oso bat ondorioztatuko, baina Madrilen blokeo egoera baldintzatzen ahalko du.

Zurekiko elkartasuna handituz joan da egunez egun. Sentitu ote duzu kartzelan zinelarik?

Bai eta ez. Ez dut batere neurtu Ipar Euskal Herrian eta Frantzian eraman diren mobilizazioak eta ukan duen oihartzuna. NahizLe Journal du Pays Basque eta BERRIAri harpidetua izan, ez nuen prentsa jasotzen. Telebista eta irratirik ez nuen, eta telefono deiak grabatuak izanik biziki zaila zen horiez hitz egitea. Haatik, gutun anitz ez pasarazi arren,anitz errezibitu ditut. Hau da, nahiz hurbileko anitzek idatzi, gutxi dizkidate pasarazi. Baina ezezagunen anitz gutun errezibitu ditut. Ipar Euskal Herritik, Frantziako Estatutik, Belgikatik,Kanadatik... horrela dut neurtu zerbait pasatzen ari zela.

Elkartasun horrek du zure etxeratzea ahalbidetu. Hori diozu.

Atxiloketa politikoa izanik, kaleratzea ere horrelakoa izan da. Jakinda gure sumarioan berrogei bat garela eta gehienek bi urteko prebentiboa egina dutela, oso barneratua nuen gutxienez bi urterentzat nindoala. Bi hilabete ere ez ditut pasa. Gainera, nire askatzea egunean bertan notifikatu zidaten; oso azkar joan ziren gauzak. Nire kaleratzearen gibelean kudeaketa politiko bat bada, eta kudeaketa hori mobilizazioak eragin du.

Zure kasua baliagarri izan da euskal gatazkaren berri emateko Frantziako Estatuan. Gatazkaren sinbolo ere bilakatu zara, nahi ala ez. Nola bizi duzu hori?

Eskertzen dut, anitz, anitz mobilizatu den jendea. Baina egia da erepreso zirenean eta kolektibo baten kide sentitzen zarenean, biziki zaila dela ulertzea atxikimendu hori guztia zuretzat badela baina ez zure ondokoarentzat. Esperantza dut jende guzti horiek, goiz ala berant, ohartuko direla euskal gatazka ez dela bakarrik Aurore Martin. Beste euskal preso politikoek ere badute elkartasun horren beharra, eta, orokorki, prozesuak sostengu horren beharra du, batez ere gaur egungo testuinguruan. Lanean aritu behar gara jaso dudan sostengua Euskal Herriaren aldeko elkartasun bilakatzeko.

Preso zinela Bakearen Aldeko Foroa iragan zen Baionan. Zer diozu ekimen horretaz?

Bake Bidean taldean sekulako lana egin dugu, ilusio handirekin; beraz, biziki zaila zitzaidan ez hor izatea. Bake Bideaz biziki harro naiz, egun hori burutu izanaz, eta entzun dudanez oso momentuinteresgarria izan zen. Orain horkoa kaleratzen segitzea izanen da gure lana.

Eragile politikoak mahai bat osatzeko prest agertu ziren egun horretan.

Pauso izugarria da hori. Jokaleku politiko berri bat finkatzen du adostu adierazpenak, eta sekulako berrikuntza da. Horrentzat ere diot Frantziak karta garrantzitsua duela jokatzeko prozesuan; ohartzen garelako Hego Euskal Herrian momentukoz osatzenlortzen ez dena egiteko aukera dugula Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.