Filosofoak eta Irakasleak

Teresa Maldonado eta Carlos Fernandez Liria: «Jasanezina den publizitate erretorika batean sartu da dena»

Maldonado eta Fernandez Liria bat datoz: hezkuntza sistema ulertu eta egituratzeko era guztiz desitxuratu du neoliberalismoak urteotan, izaera publikoaren kaltetan, eta ezkerrak otzan barneratu ditu ideia horietako asko.

Teresa Maldonado eta Carlos Fernandez Liria. BERRIA
Teresa Maldonado eta Carlos Fernandez Liria. BERRIA
arantxa iraola
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

«Ez nekien inoiz inorekin hain ados egon nintekeenik». Carlos Fernandez Liria filosofo eta irakaslea (Zaragoza, Espainia, 1959), miretsita, halaxe mintzatu zen joan den larunbatean Teresa Maldonado filosofo eta irakasleari (Bilbo, 1966) aditu eta gero. Eskola ala Ankerkeria izenpean Steilas sindikatuak antolaturiko jardunaldian aritu ziren biak, Azken ‘joerak’ hezkuntzan, eskola turbokapitalismoaren garaian berbaldian, Arteagan (Bizkaia). Miresmena aurrez piztua zuen Maldonadok, Fernandez Liriaren lanen irakurketak abiarazia: «Nik asko irakurri dut Carlos: asko». Ahotsak batuta saiatu ziren ozentzen aurrez ere beren hausnarketekin sarri plazara atera duten kezka bat: kapitalismoak ideia asko txertatu ditu urteotan hezkuntza ulertzeko eta egituratzeko moduan, zuztarreraino usu, eta ezkertiar itxurako soinez mozorrotuta gehiegitan. Elkarrizketarako tarte bat izan zuten berbaldiaren ondorenean. Irakurketa konplizeek sorrarazten duten kidetasuna izan zen solasaldiaren abiaburuetako bat. «Erreferenteak partekatzen ditugu». 

Biak bat zatozte: neoliberalismoak gehiegitan irabazi dio tokia ezkerrari hezkuntzaren arloan, nahieran...

CARLOS FERNANDEZ LIRIA: Guztiz.

TERESA MALDONADO: Gehiegitan, tamalez.

Noiztik ari da gertatzen?

FERNANDEZ LIRIA: Neoliberalismo ekonomikoaren benetako planak, eskola publikoari dagokionez, bat zetozen ezkerraren erretorika aurrerakoiarekin jada Althusserren eta Foucaulten garaietan. Eta zer gehiago nahi zuen neoliberalismoak gizonezko ezkertiar batzuek eskola publikoaz gaizki hitz egitea baino? Zer eta kontrolerako eta zigorrerako instituzio gisara aurkeztea: eskola kartzela batekin alderatzea, hartaz harro egon beharrean eskola publikoari prestigioa kentzea... Hori ederki etorri zitzaien suntsitu nahi zutenei, pribatizatu, merkantilizatu, eta harekin negozioa egin nahi zutenei. Neoliberalismo basatiaren plana, hezkuntzari dagokionez, hauxe da: «Ikusi dugu hezkuntzan errentagarriak ez diren milioika euro daudela geldirik; nola egin daitezke errentagarri?». Negozio bolumen izugarria da hori. 

Areagotu egin da hori urteotan?

MALDONADO: Ezkerrarena desastre bat da, erabatekoa. Carlos esaten ari den hori egia da, sakonki. Ni gai hauei buruzko artikulu ugari argitaratzen ari naiz; atera ditudan azkenetariko batean, hezkuntzaren soziologo batzuk hizpide hartuta, hezkuntza publikoaren pribatizazio estaliaz aritu naiz. Hezkuntza ulertzeko modua dago horren atzean: eskubiderik gabeko kontsumitzaile eta langileak sortzearekin lotuta, eta familiak eta ikasleak hartzearekin marketinaren itu moduan. Jasanezina den publizitate erretorika batean sartu da dena. Erretorika zenbaitek arrakasta dute, erretorika pedagogista bera oso arrakastatsua da, eta jendeak, horrela esatea batere gustatzen ez bazait ere, hainbat diskurtso erosten ditu soinu polita dutelako bakarrik. 

Ezkerreko jendearen ikuspegitik ere aintzat hartzeko erako diskurtsoak dira, itxura batean?

MALDONADO: Bai. Diskurtso horiekin bat egiten duten asko guztiz progreak dira... Lehengoan lanean ari nintzen [institutu batean dihardu], eta kide bat ikasleen familiekin ari zen hizketan, eta behin eta berriz mezua bera zen: «Emozionalki, ondo dagoela ematen du. Ondo dago». Halako kezka alde emozionalarekin! Lekuz kanpokoa ere bada: neurriz kanpokoa. Baina ez da zalantzan jartzen, orain nagusi den doinua hori delako. El Salto egunkarian artikulu batzuk atera berri dira salatzen dutenak joera psikologizatzaile masiboa, desmobilizatzailea, hain astuna.  Zerbaitetan arreta jartzea baino terapia hoberik ez dago eta. Errepara iezaiozu, ez dakit ba, erromanikoari, eta oporrak eta dena antola ditzakezu gero horren arabera. Baina egin ezazu zerbait, ikas ezazu zerbait, atera zaitez zure zilborretik!

FERNANDEZ LIRIA: Zu nire arreba bikia zara.

MALDONADO: Pozten naiz. Nork bere baitatik atera egin behar du. Mundua oso handia da. Erromanikoa interesatzen ez bazaizu, labarretako pinturak interesa dakizkizuke, edo fisika kuantikoa, baina zerbaitek atera behar zaitu zure baitatik... Hablemos claro liburuan (Hitz egin dezagun garbi), «norbere egoaren inguraketa» etengabeaz mintzatu nintzen: hori da etengabe bueltaka egotea pentsatzen zer behar duzun, zer pentsatzen duzun, zer gertatzen zaizun... Eta joera horrek arrakasta izan du. Desastre bat da. 

Pedagogismoa deitzen duzuena irmo kritikatzen duzue. Baina ez dago ja guztiz txertatuta?

MALDONADO: Bai, bai. Guztiz ontzat emanda daude horiek, eta hezkuntzara heltzen ari diren belaunaldi berriak guztiz murgilduta daude hor, eta jabetu ere ez dira egiten: naturala hori dela iruditzen zaie. Munduan badira ibaiak, mendiak... eta badira babestu behar diren umeak beren askatasuna errespetatu behar delako, eta beren nortasuna, eta ez da hor tartean sartu behar... Baina nola ez zara tartean sartuko? Orduan nor sartzen dira? Youtubeko iragarkiak, eta kapitala: etengabe ari gara hori ikusten.

Urteotan teknologia berriek toki handia hartu dute eskoletan, horiekiko halako lilura batek bultzatuta. Biak zarete horrekin ere kritikoak. Zergatik?

MALDONADO: Hemen, EAJren partetik bederen, kaikukeria eta trauskilkeria handia egon da, halako nobolatria bat... EAJren gobernuak akordioak izenpetu ditu, edo ez dakit ondo zer-nolako hitzarmenak, baina Googlerekin eta Microsofetekin izan dira, software librearen alde egin gabe; ikasgela guztietan ikasle guztiek ordenagailu bat dute, baina publizitatea irentsi behar dugu. Nola ez dute hori moztu?

FERNANDEZ LIRIA: Guztiz ados nago. Niretzat, hezkuntzaren atomoa zera da, irakasle bat arbel batekin; hori da atomoa: hori da inportantea. Gainerakoa? Ongi etorriko da. Arbel digitala? Tira, gogoko duenak erabil dezala, baina hori iraultza ezinbestekoa dela esatea? Trauskilkeria bat da, kaikukeria galanta. Izatekotan, arrisku bat da. 

MALDONADO: Hain justu ere, pantailismoa hor dago, eta arretaren garrantzia. Bigarren hezkuntzako edo unibertsitateko edozein irakaslek galdetzen badie ikasleei zer gogoratzen duten hobeto, pantailan irakurritakoa edo liburuan irakurritakoa, aho batezkoa da erantzuna: hobeto oroitzen da liburukoa. Teknologien inguruan gehiegizko erabilera bat dago, abusu bat, eta horrek berekin dakar jendeak arreta jartzeko zailtasun handiak izatea. 

«Teknologien inguruan gehiegizko erabilera bat dago, abusu bat, eta horrek dakarrena da jendeak arreta jartzeko zailtasun handiak izatea».

TERESA MALDONADO
Gero eta gehiagotan entzuten da, halaber, Interneten informazio guztia dagoela, eta irakasleen funtzioa erruz aldatuko dela. Zer ondorio izan ditzake?

FERNANDEZ LIRIA:  Irakasleek Internet erabiltzen irakastea: hori da helburua, eta esatea Wikipedian eduki guztiak daudela.

MALDONADO: Baina oso larria da informazioa, eta desinformazioa, ezagutzarekin nahastea. 

FERNANDEZ LIRIA: Ausarkeria burugabea da pentsatzea pantailak etengabe erabiltzeak ezer konponduko dizula. Eta arduragabea da. Horren atzean, gainera, negozio izugarria dago. Johan Harik badu liburu bat oso ondo azaltzen duena zer negozio dagoen arreta erakartzeko gailuen atzean. Tiktokek, esaterako, nola erakartzen duen zure arreta, eta hor zer negozio dagoen atzean. Eta zer eta...

MALDONADO: Eta ikasgelan sartu dizkigute.

«Ausarkeria burugabea da pentsatzea pantailak etengabe erabiltzeak ezer konponduko dizula. Eta arduragabea».

CARLOS FERNANDEZ LIRIA
Konpetentzien bidezko ikasketa prozesuek ere arrakasta handia dute egun. Kritiko zarete horiekin ere. Horiek ere logika neoliberalaren emaitza dira?

FERNANDEZ LIRIA: Konpetentziak, abileziak, eta trebetasunak? Gero ikasketa egoerak ere deitu izan dituzte... Urtero aldatzen diete izena. Baina lengoaia hori guztiz dago enpresa mundutik aterata. 

MALDONADO: Pedagogismoan askotan guztiz berritzaile gisara aurkezten dira zenbait gauza guztiz jakinak direnak. Jakina abilidadeak ikasten direla, eta konpetentziak, eta bizikidetza, esaterako, Pitagorasen teorema ikastean, edo Greziako demokrazia... Gauza asko ikasten dira. Baina ardatza guztiz jarri behar da orduan hezkuntza arautuan lortu behar diren konpetentzia eta abilidadeetan? Edukiak albo batera utzita? Hori da ergelkeria. Orain askotan esaten da ikasleek ikasten dituzten edukiek ez dutela balioko hemendik ez dakit zenbat urtera. Alegia, Erromatar Inperioaren gainbehera ez da balekoa izango? Zergatik? Iliada-k eta Odisea-k utziko diote egunen batean zentzua izateari?... Horrek dakar, batez ere, langile klaseko haur eta nerabeei kentzea gauza asko jakiteko eskubidea. Izan ere, gazte askok, hezkuntzako edukiak guztiz beren ingurunera lotuta badaude, ez dute izango zenbait gauza ezagutzeko erarik. Eta, egun, askotan esaten da hezkuntza arautuak lotuta egon behar duela ikasle bakoitzaren ingurune gertukoarenarekin. Barka? Orduan auzo baztertu batean bizi den umearen erreferentea hori izango da? Inoiz ezingo du izan interesik operan?

FERNANDEZ LIRIA: Hori aldrebeskeria bat da. Eta halakoak askotan zera izaten dira, aurrerakoitzat hartzen diren burutazioak. 

«Hezkuntzaren kontzeptu errepublikanoan, eskola itunpekoak eta pribatuak ez dute tokirik».

 TERESA MALDONADO
Eskola publikoaren defentsa irmoa da zuen beste aldarria. Inoiz baino premiazkoagoa da?

FERNANDEZ LIRIA: Ez dakit gainerako erkidegoetan zein den egoera. Madrilen dena da hezkuntza itunpekoaren eta pribatuaren alde egitea, hezkuntza publikoa gaizki tratatzea. Lan egoera zailetan ari dira irakasleak. Horrek hondatu egiten du irakaskuntza...

MALDONADO: Azpiak jaten dizkio. Eta irakasleen lanari ospea kentzeko ahalegina ere hor dago. Lehen, errespetua sortzen zuen irakasleak; ez ikasleen artean bakarrik, baita familien artean ere. Gaur egun familiek sarritan irakasleekin izaten duten tratu txarra ere salatu nahi dut. 

Segregazioa ere arazo iturria da.

MALDONADO: Hezkuntzaren kontzeptu errepublikanoan, eskola itunpekoak eta pribatuak ez dute tokirik. Aukera berdintasuna izateko gutxieneko berme bakarra da.

FERNANDEZ LIRIA: Kontraesana da, bai, eskola errepublikanoaren kontzeptuarekiko, itunpekoak eta pribatuak diren eskolen existentzia bera. Mundu guztia eskola publikora badoa, eskola publikoa hobea da. Han aberatsen seme-alabak, pobreenak eta ministroenak badaude, horrek hobetu egiten du.

«Mundu guztia eskola publikora badoa, eskola hobea da: bertan aberatsen seme-alabak, pobreenak eta ministroenak baldin badaude».

CARLOS FERNANDEZ LIRIA
Eskolak gizartearen zerbitzura egon behar du. Indarra du ideia horrek ere. Ez du zentzurik?

MALDONADO: Eskola inguruaren eta gizartearen  zerbitzura jarri behar dela esaten da. Baina gizartetik aldenduta egon behar du eskolak, kritikatu ahal izateko besteak beste. Gizartearen zerbitzura? Azkenean, ekonomiaren zerbitzura egoten da: enpresaburuen zerbitzura. 

Zuen iritzian, beraz, hezkuntza ez da egokitu behar garai berrietara?

FERNANDEZ LIRIA: Nik beti esaten dut: ez diet inolako errespeturik garai berriei, egungo garaiari. Gauzak egokitu behar zaizkio egiari, justiziari eta edertasunari, ez egun dugun likiskeriari... Ez gara gure aroaren mirabe. Aro hobe bat nahi dugu. Hori da, hain justu ere, aurrerabidea.

MALDONADO:  Aldendu egin behar da egunerokotasunaren zurrunbilotik, eta eskola orduetan denbora eta espazioa geratu ere egin behar dira, horietatik ateratzeko: horiei buruz pentsatzeko. Zurrunbiloari uzten badiozu zeu eramaten, gauza asko egingo dituzu, oso interesgarriak, edo oso dibertigarriak, ez dakit, baina gertatzen ari denari buruzko pentsamendu kritikorik, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.