Anaitze Agirre Larreta. Gipuzkoako SOS Arrazakeria

«Jarrerak gogortzen ari dira immigrazioaren eta aniztasunaren inguruan»

Europako Batasun osoko 284 jardunbideren artean hautatuetariko bat izan da Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatzen duen Bizilagunak proiektua, eta saritua. Aurreiritzien kontra dihardu, mahai baten jiran.

arantxa iraola
Donostia
2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gipuzkoako SOS Arrazakerian eta Mugak dokumentazio zentroan dihardu Anaitze Agirre Larretak (Lazkao, Gipuzkoa, 1972). «Ikerketa eta komunikazioa: horiek dira nire lan ildoak». Eta egindako lanaren aitortza sentitzen ari dira egunotan: izan ere, lehengo astean Europako Batzorde Sozial eta Ekonomikoak emandako sari bat jaso zuten Bruselan. Bizilagunak egitasmoaren —hainbat otorduren inguruan, bidea ematen die etorkinei eta herrialdean aspaldi errotutakoei topo egiteko— egokitasuna nabarmendu zuen sariak. 284 egitasmoren artean aukeratu zuten, beste lau jardunbiderekin batera.

Akuilua izango da sari hau Bizilagunak jardunbidearen ingurukoak hauspotzen segitzeko...

Bai, batez ere aitortza mota bat delako. Eta Bizilagunak egitasmoan ere beti ibiltzen gara nabarmentzen, hain justu, zeinen garrantzitsua den aitortza; bata bestearen aurrean esertzea, momentua konpartitzea, eta aurrean daukazun hori aintzat hartzea.

2012an ekin zenioten...

Bai, aurretik Txekiako elkarte bat hasia zen antzeko egitasmo batekin, eta, hain justu, proposatu ziguten 2012rako parte hartzea guk ere Europa mailako proiektu gisara; gure konpromisoa izan zen 60 bazkari egitea, eta egin genituen. Lan handia izan zen esplikatzea. Eta debateak izan ziren. Esaterako, zer daukagu Euskal Herrian? Elkarte gastronomikoak. Jendeak esaten zuen: «Nola egingo dut nik hau etxean elkartea hor edukita?». Baina justu esplikatu behar izan genuen garrantzitsua dela ezagutzekoa zaren pertsona horren etxera joatea, edo hura zurera: oso sinbolikoa da. Eta lortu genuen. Lehen urte hartan esperimentua izan zen, baina oso ondo atera zen. Ondoren jaso genituen ekarpen guztietan ikusi genuen pozik zetorrela jendea, ez zela ezer gaizki joan: hortxe ikusi genuen zer-nolako aukerak ematen zituen bideak.

Zein izaten dira inpresiorik ohikoenak otorduen ondoren?

Esaterako, asko etortzen dira esanez 19:00ak edo 20:00ak arte luzatu zitzaiela... Jendeak oso ondo pasatzen du, eta balio die. Egitasmoan sartzen den jendea, oro har, jarrera positiboa duen jendea da. Baina askok, adibidez, ez dituzte ezagutzen kontu administratiboak: zer bide administratibori jarraitu behar dioten sarri etorkinek hemen egonkortzeko. Pertsona asko harrituta geratzen dira horren berri izan ostean; esaten dizute ez zekitela horrela zenik, horrenbesterainokoa zenik. Leloa izan da Mundua zure atean dago; sentipen horrekin irteten dira.

Aurreiritzien kontra egitea da asmoa. Izan ere, zurrumurruetan oinarritutako mezu ugari hedatzen dira. Instituzioek nola kudeatzen dituzte mezu horiek guztiak? Hauspotu egiten dituzte? Edo baretu?

Hor ezin duzu orokortu. Nik uste dut Euskal Autonomia Erkidegoan, maila horretan, Europarekin alderatzen baldin badugu, ez gaudela gaizki. Aurreiritzi horiek hauspotzen dituzte instituzioek edo alderdi politikoek hemen? Gertatu dira halakoak, baina ez dute horrelakorik egiten oro har. Ez daukagu klima hori. Begiratzen baduzu, esaterako, Hungariara edo Erresuma Batura... Bada, hemen ez gaude hain gaizki. Horrek zer esan nahi du? Hemen ez dela ezer gertatzen? Ezta hori ere. Hemen ere jarrerak gogortzen ari dira immigrazioaren eta aniztasunaren inguruan. Ez da alderdi bat atera horri guztiari egitura bat emango dionik. Baina ahaleginak egon dira; hor egon ziren, adibidez, Javier Marotoren adierazpenak [diru sarrerak bermatzeko errentarekin lotu zituen etorkinak Gasteizko alkate zela]...

Gipuzkoako Diputazioak aurten diru sarrerak bermatzeko laguntzaren harira «erakartze efektuaz» esanak ere hor daude...

Ez dakit hanka sartzea izan zen, instrumentala izan zen, edo denetik izan zen. Baina ez zuen batere onurarik egin: dei efektua-ren gisako kontzeptu bat erabiltzea... Neurri bat hartu nahi baduzu eta aldatu, alda ezazu, baina beste era batzuk daude hori egiteko. Gutxienean ere, dorpeak izan ziren. Instrumentala izan zen? Ez dakit. Horrela izan bazen, horrekin behera bota zuten instituzio horrek berak beste alor batzuetan egiten duen lana; gure lan dena ere deuseztatu egin zuten. Instituzio bat ateratzen bazaizu horrelako titulu batekin, lana alferrik egin duzu. Hori ez da bidea.

Europan ozentzen ari diren ahots xenofoboak hel daitezke?

Bai, jakina. Orain, hemen ere jarrerak gogortzen ari dira; egunerokoan, lehen entzuten ez ziren diskurtsoak entzuten dituzu, ez bakarrik diskurtsoak: jarrerak ere badira. Norbaitek diskurtsoa hartu eta horri egitura politikoa ematen ez dion bitartean, ez gaude hain gaizki. Baina hori gerta daiteke: norbait gai denean, eta etekin politikoa atera diezaiokeela ikusten duenean, hori gerta daiteke. Horrexegatik egiten dugu lan hau guztia zurrumurruen eta aurreiritzien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.