Kazetaria eta 'hacktibista'

Marta G. Franco: «Jarraitzaile kopuruarekin tematu beharrean, horien kalitatea eta konpromisoa baloratu beharko genituzke»

Interneten hasierako espiritu sozial hura berreskuratzeko deia egiten du Marta G. Francok. Horretarako bideak ere proposatu ditu: azpiegitura digital publikoak sustatzea eta sare sozial pribatuak baztertzea.

Marta G. Franco kazetaria, aurreko astean, Errenteriako Badalab laborategiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Marta G. Franco kazetaria, aurreko astean, Errenteriako Badalab laborategiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteria
2024ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

X (lehen Twitter) eta beste sare sozial pribatuek eskuin muturrerantz egin duten bidea ikusita, eztabaida sutsua sortu da. Komunitatea eta eztabaida sortzeko eta mobilizatzeko tresnak izan ziren espazio horiek eskuin muturraren bozgorailu bihurtu dira. X uzteko erabakia hartu dute batzuek. Beste asko, ostera, zalantzati daude. X-n jarraitu ala utzi. Eta utziz gero, nora? Hausnarketarako ideia batzuk eman ditu Marta G. Franco kazetari eta hacktibista-k (Sevilla, Espainia, 1984) Komunikazio libreago baterantz trantsizioan jardunaldietan; Errenteriako (Gipuzkoa) Badalab laborategian egin zituzten joan den astean.

Las redes son nuestras (Sareak gureak dira) liburuan gogorarazten duzu Interneten hastapenean erakunde publikoak eta gizarte zibila giltzarriak izan zirela.

Interneten sorreran, 80ko hamarkadan, zientziaren eta ikerketaren esparruan hasi ziren lehen urratsak egiten, eta, beraz, garapen hori diru publikoarekin finantzatu zen nagusiki. Hub Labek, hackerrek edo teknologia maite zuen jendeak ere ekarpenak egin zituzten. Orduz gerotik, etengabe, negozio ereduak bilatu dira berrikuntza eta ezagutza partekatu horri etekin ekonomikoa ateratzeko. Orain X-rekin gertatzen ari denak argi uzten du oso arriskutsua dela gure komunikazio azpiegiturak enpresa pribatuen esku uztea. Enpresa horrek botere hori erabil dezake modu hobean edo okerragoan, baina erabaki hori haien esku uztea ez da ona. 

Enpresa pribatuek erabiltzaileen edukiak «lapurtzen» dituzte negozioa egiteko. Adimen artifiziala al da horren eredua?

Sareen balio erreala guk jartzen dugu. X-ren teknologia ez da punta-puntakoa. Haien balioa dago sortzen dugun edukian eta ehuntzen ditugun sareetan. Interneteko negozio eredu guztiak horretan oinarritzen dira, eta kasurik garbiena da adimen artifizial sortzailea. Milaka milioi pertsonaren datuak eta edukiak hartu, nahastu eta itzultzen dituzte, informazioa lantzeko prozesuan parte hartu duen pertsona bakar batek ere etekinik atera gabe.

Internetek arriskuak ekar ditzakeela entzuten ari gara etengabe, baina erabilera onuragarri asko ere baditu.

Internet da inoiz eduki dugun komunikazio tresnarik indartsuena, unibertsalena eta eskuragarriena, eta horregatik borrokatu behar dugu aurrerantzean ere hala izan dadin. Internetek diru gutxiago mugitzen zuenean, herritarren arteko eztabaidak izateko eta mobilizatzeko gaitasun handiagoa zegoen. Facebook eta Twitter sareak erabili ziren mobilizazio sozial garrantzitsuak antolatzeko, feminismoaren esparruan, M-15, Occupy Wall Street, Udaberri Arabiarra... Baina alde erreakzionarioak armak hartu eta espazio horiek bot-ez eta gorrotoz bete ditu, eta jada bizitzea ezinezkoa den leku bat bihurtu du.

«Internet zerbitzu publikoen multzoan sartu behar dugu; azpiegitura digital publikoaren alde borrokatu behar dugu, osasunaren edo garraioaren alde egiten dugun bezala»

Erakunde publikoek Interneteko eremu publikoa eskaini behar dute. Nola bultza ditzake gizarte zibilak horretara?

Denbora luzez ez gara jabetu zer garrantzia  duen Interneten eremuak gure bizitzetan. Erakunde publikoek erabat baztertu dute espazio publiko digitala eskaintzeko duten betebeharra. Hasteko, erakunde publikoei presioa egin beharko genieke azpiegitura publiko digitaletan inberti dezaten eta erabilera arautu dezaten. Internet zerbitzu publikoen multzoan sartu behar dugu, eta horren alde borrokatu, osasunaren edo garraioaren alde egiten dugun bezala. Subiranotasun teknologikoa beharrezkoa da gure bizitzan, hain garrantzitsua den eremua enpresa pribatuen mende ez egoteko.

Sare sozialen egungo egoera dela eta, etsipena sortu da. Batzuek uste dute X edo beste sareak uztea eskuin muturrari men egitea dela.

Uste dut balantzan jarri behar dugula ea merezi digun, ustez jende gehiagorengana iristeko, gure balioen aurkakoak diren negozio ereduak sostengatzeak. X-ren kasuan argi ikusten dut. Jadanik ez da soilik enpresa hori ez duzula elikatu nahi. Komunikazio estrategiaren azterketa egiten baduzu, kontura zaitezke sare horretan jada ez zarela jendearengana lehen bezala iristen ari. Algoritmoak aldatu dituzte, eta ordaindu behar duzu jendearengana iristeko. Are okerragoa: algoritmoak manipulatu dituzte, gai jakin batzuei buruz hitz egiten duzunean —Palestinari buruz, adibidez—, mezu horiek inorengana irits ez daitezen. 

«Duela 15 urte buru grazia apur batekin eta kalitatezko edukiekin birala bihur zintezkeen, baina horrek ez du jada balio. Orain, sareak dira enpresari handiki batek erosi eta propaganda politikoaren zerbitzura jartzen dituen komunikabideak»

X utziz gero, nora? Hori da askok duten zalantza. Zein izan daiteke alternatiba?

Nire aholkua X uztea da. Gaur egun zalantzaren bat egon daiteke, baina argi dago bost urte barru ez dela baliagarria izango. Duela 15 urte buru grazia pixka batekin eta kalitatezko edukiekin birala bihur zintezkeen, baina garai horiek atzean geratu dira, jada ez baitu horrela funtzionatzen. Orain, sareak dira enpresari handiki batek erosi eta propaganda politikoaren zerbitzura jartzen dituen komunikabideak, lehen egunkari bat erosten zenean bezala. Biraltasuna publizitatearen eta igortzen duzun mezu motaren araberakoa da egun.

Horregatik, utzi behar diogu boterearen zerbitzura dauden hedabideetan lekua irabazten saiatzeari. Horren ordez, gure beharrak asetuko dituen eta etorkizunean balioko digun estrategia bat pentsatu behar dugu. X-ren eztabaidan, argi daukat alternatiba Mastodon dela, espazio deszentralizatua izanik, harreman hurbilagoak eta lotura sendoagoak eraikitzeko aukera ematen digulako. Uste dut, gure jarraitzaile kopuruari hainbeste erreparatu beharrean, jarraitzaile horien kalitatea eta konpromisoa gehiago baloratu beharko genukeela.

Software librea ezartzeko ahaleginak egin dira, baina ez dute hedapenik lortu. Zergatik?

Industria farmazeutikoaren ondoren, enpresa teknologikoena da Europako lobbyrik indartsuena. Hiruzpalau enpresa daude eta haiek dira kontratu publikoak eskuratzeko gaitasuna duten bakarrak.

Zein izan daiteke Interneten espazio publiko hori berreskuratzeko bidea?

Ez dago irtenbide bakarra, baina garrantzitsuena da tresna berri guztiak software librekoak izatea. Beste gakoa interoperatibitatea da, hau da, sare sozialek posta elektronikoen moduan funtzionatzea. Adibidez, Gmaileko helbide bat izan edo kode irekiko plataforma bateko helbidea izan, arazorik gabe truka ditzakezu mezuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.