Jarraitutasunak irabazi du. Alfredo Perez Rubalcaba da PSOEren idazkari nagusi berria. Gehienek Rubalcabaren eskarmentuaren alde egin dute, baina askok babestu dituzte Carme Chaconen aldaketa asmoak. Rubalcaba alderdiaren erreferentzietako bat da, 1980ko hamarkadatik. PSOEren Espainiako gobernu guztietan izan du arduraren bat. Espainiako Gobernuko presidenteordea izan da Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin ,eta iazko gorteetarako hauteskundeetan hura izan zen PSOEren hautagaia eta galtzailea. Felipe Gonzalez presidente ohiaren babesa ere jaso du lehian. Rubalcabak, Carme Chaconi irabazi eta berehala, zehaztu zuen alderdiaren batasuna eta Andaluziako eta Asturiasko hauteskundeak direla erronka nagusiak. Emaitzak ikusita, alderdia zatituta dago. Hurrengo lehia 2014rako hautagaia aukeratzeko izango da.
Jarraitutasunak irabazi du, alde txikiarekin: Rubalcabak 487 boto jaso zituen (%51,16), eta Chaconek, 465 (%48,84). Bi boto zuri eta baliogabe bat ere izan ziren, atzo, PSOEren 38. kongresuan, Sevillan (Andaluzia, Espainia). Bozketak eta zenbaketak luze jo zuten. 13:40 aldera hasi zen bozketa, eta lau ordu geroago jakinarazi zuten emaitza. Denbora asko behar izan zuten 956 botoak zenbatzeko.
Jarraitutasunak irabazi du. Rubalcabak Gonzalezen babesa du, eta atzo eskerrak eman zizkion Rodriguez Zapaterori, oposizioan egindako lanagatik eta gobernuan herrialdearen interesak alderdiaren interesen gainetik jartzeagatik. Irabazi eta gero, esan zuen Gonzalez, Rodriguez Zapatero eta Joaquin Almunia bezalakoa izan nahi duela. Chaconek esan zuen Rodriguez Zapaterorekin lan egitea izan dela gertatu zaion onena.
Jarraitutasunak irabazi du, baina bi hautagaiek aldaketaren aldeko mezuak zabaldu zituzten.Batasuna eta aldaketa. «PSOE aldatu nahi dut, aurrerantzean ere PSOE izan dadin», esanez amaitu zuen atzoko hitzaldia Rubalcabak. «Gehiengoen alderdia, klase ertainean, belaunaldien artekoa eta gobernuan aritu nahi duena». Kongresuaren hotelak ere Renacimiento (Berpizkundea) izena du. Rubalcabak han hasi zuen iazko hauteskunde kanpaina, eta han hasi du orduko porrot mingarriaren osteko ibilbidea.
Chaconen atzoko porrota Rubalcabaren kontrako bigarren porrota da. Iaz, Espainiako Gorteetarako hautagaitza aurkezteko asmoa zuen, baina atzera egitera bultzatu zuten, Rubalcabaren mesedetan.
Andaluzia eta Asturias
Barne antolaketa egiteaz eta zuzendaritza osatzeaz gain, Rubalcabak hainbat erronka ditu epe laburrera: alde batetik, Andaluziako eta Asturiasko hauteskundeak, martxoaren 25ean; bestetik, PPri egin beharreko oposizioa. Rubalcabak atzo esan zuen oposizio «baliagarria» eta «azkarra» egin behar dutela. Ez zuen argitu gobernuan zeudenean PPri eskatu zioten leialtasunarekin jokatuko duten edo PPren estiloko oposizioa egingo duten, erabat kontra, krisiak PPren gobernua higatu zain. Luze joango zaie oposizio garaia, PPk gehiengo osoa baitu.
Inkesten arabera, PPk gehiengo osoa lor dezake Andaluzian. Iazko azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PPk PSOEk baino boto gehiago lortu zituen Andaluzian, lehen aldiz. Andaluzia PSOEren esku egon da 1978tik. Alderdiaren boterearen sinboloa da. Inkestak iraultzeko aukera bakarra Espainiako Gobernuaren (PP) murrizketek eta zerga igoerek herritarren asmoak aldaraztea da. Andaluzia galtzen badu, PSOEk gobernu bakarra izango du bere esku: Eusko Jaurlaritza, PSE-EEren babesarekin.
Rubalcabak PSE-EEk Sevillara bidalitako 22 ordezkarietatik 21en babesa jaso zuen. PSNren barruan, batzuek Rubalcabaren alde egin zuten (Juan Moscosok), eta besteek, Chaconen alde (Roberto Jimenezek). Rubalcabak, gainera, egunotan nabarmendu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ondoan nahi duela.
Tentsioa eta joko zikina
Tentsioa izan da egunotan PSOEren kongresuan. Atzo, hitzaldiak hasi aurretik eta ondoren ere, Rubalcabak eta Chaconek elkar besarkatu zuten. Baina jendaurrean azaldutako begikotasunetik eta errespetutik kanpo, eztenkadaka aritu ziren hitzaldietan. Ordezkarien botoak lortzeko zikin jokatzea leporatu diote elkarri.
Bakoitzak argi zehaztu zuen zer ez duen nahi, eta horixe, izenik eman gabe, lehiakideari leporatu zion. «Ez dut sinesten salbatzaileengan eta lider pertsonalista eta karismadunetan», esan zion Rubalcabak Chaconi. Chaconek, berriz, bere hautagaitzaren bertuteak eta Rubalcabarenak kontrajarri zituen, mitin kutsuko hitzaldi batean: «Etsitzea edo aldatzea, gelditzea edo aurrera egitea, historia pasatzen uztea edo historia egitea, inori ez itxarotea, erabakitzea, gaur, orain, une honetan, gizartearen gehiengoa lortzea».
Sozialisten etorkizuneko proiektua osatzeko eta herritarren konfiantza berreskuratzeko orduan ez zuten alde handirik aurkeztu: alderdiaren oinarrietara, erroetara bueltatzea; alderdian parte hartzea bultzatzea; alderdiaren egitura berritzea; emakumeen parte hartzea indartzea; espekulatzaileei aurre egitea; zerga politikak aldatzea, kapital errentek lan errenten pare ordaintzeko; Europako Batasunaren gobernua indartzea; gizarte zerbitzuei eustea (osasuna, hezkuntza, pentsioak); alderdia gardenagoa izatea; eta PPri aurre egitea.
Federazioa, konfederazioa
Bien arteko ezberdintasun bakanetakoak alderdiaren antolaketari buruzkoak izan ziren. Rubalcabak Kataluniako sozialisten autonomiaren kontra egin zuen, esanez aurrerantzean ere alderdi konfederala izan behar dutela, ez alderdien konfederazio bat. Rubalcabak PSOEren espainiartasuna nabarmendu zuen: «Alderdiak ahots bakarra izan behar du Espainiako leku guztietan». Chaconek erantzun zion «Espainia batua» baietz, baina «plurala».
Elizaren kontra hitz egin zutenean jaso zituzten txalo gehienak eta ozenenak. Rubalcabak PPri mehatxu egin zion, hainbat gaitan 30 urte atzera egiten jarraitzen badu (abortatzeko eskubidean batez ere) PSOEk gai guztietan egingo duela atzera eta berriro planteatuko duela estatuak Vatikanoarekin daukan harremana, Konkordatua. Chaconek argi eta garbi esan zuen Espainia laikoa nahi duela: «30 urte baitaramatzagu gehiegi jasaten».
PSOE. 38. kongresua
Jarraitutasunak irabazi du
Rubalcabak Chaconi irabazi dio, eta PSOEko idazkari nagusi kargua lortu du, baina emaitzek alderdiaren zatiketa islatu duteAlderdiaren oinarrietara bueltatu behar dela nabarmendu dute bi lehiakideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu