Ikusi zuzenean Gure Esku-ren 'Bagara' bideo maratoia

Online zuzeneko bat eta ekitaldi presentzialak egiten ari da Gure Esku gaur, 10:00etan hasita eta hamabi orduz.

Gure Esku-ren 'Bagara' egitasmoa aurkezteko ekitaldia, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2024ko azaroaren 16a
09:55
Entzun

Gure Esku Bagara ikus-entzunezko maratoi birtuala ematen ari da gaur, eta goizeko hamarretatik gaueko hamarrak arte arituko dira. Berrehun bat bideo jaso ditu elkarteak, eta bideoz bideo «kate erraldoi bat» sortu dute, herri, eragile, pertsona, proiektu eta beste hainbat talderen errealitateak erakusteko.

Hamabi ordu horietatik bederatzi ordu inguru jaso ditu Gure Esku-k bideoetan, eta horri guztiari ekitaldi presentzialak gehituko dizkiote. Zuzenekoan aurkezleak ere izango dira: Malen Frantxesena eta Mirari Martiarena izango dira zuzenekoaren gidariak.

Egitaraua

Lehen bi orduetan, bideoak erakutsi dituzte, eta, 12:00etan, Bilboko Azkuna zentrora salto egin dute. Han, «herri adierazpen garrantzitsu» batekin hasi dute eguna, «gaur egungo abagunearen aurrean asko baitugu esateko».

12:45ean amaitu da adierazpen hori, eta 13:30ak arte bideo gehiago izan dira. Jarraian, 13:00etan Gasteizko Auzolana frontoian Gu Agustina dantza emanaldia izan da. Jon Maiaren koreografiaren eta Maddalen Arzallusen bertsoekin, Ereintza dantza taldeak Agustina Otaola erraketistaren bizitza kontatu dute. Baina online euskarrian, zuzeneko emisioan eman beharrean, 14:00etan emititu da.

Amaitzean, zenbait herriren eta talderen bideoak ikusten jarraitu ahal izango da Gure Esku-ren maratoian, eta, arratsaldean, Iruñeko emanaldia iritsiko da. 18:00etatik 19:30era, Historia Oroituz Segurako Antzerki Elkartearen Orreagatik iragan hurbilera izeneko antzezlana ikusteko aukera izango da, Euskal Herriaren historiaren parte bat kontatzen duen antzerkia. 

Bukatzeko, beste herri eta talde batzuek bidalitako bideoak ikusten jarraitzeko abagunea izango da, eta Gure Esku-ren abestiarekin amaituko dute maratoia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.