«Erantzun zaharrek ez dute balio erronka berrietarako», esan dio Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako oposizioburuak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari. «Inertziaz» gobernatzen segitzea egotzi dio. Halere, akordioetarako eskua luzatu dio, eta 37 proposamen zehatz egin ditu, «modu eraikitzailean». Politika orokorrari buruzko eztabaida izan da Batzar Nagusietan, eta oposizioaren txanda izan da gaur. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin gobernatzen dute, gutxiengoan.
Lopez de Arroiabek gogora ekarri du azken hauteskundeetako emaitzek Araban utzitako argazkia. 2023ko Foru Aldundirako bozetan botoen %25,9 jaso zituen EAJk, eta, inoizko gorakadarik handienarekin, ia berdindu egin zuen EH Bilduk, botoen %25,05 jasota. «Araba aldatzen ari da», Lopez de Arroiaberen irudiko; Arabako gizartea gobernatzeko beste modu bat eskatzen ari da, eta Gonzalezen gobernua «jarraipeneko» politika egiten ari da.
Oposizioburuak gizarte gaietan ardaztu du hitzaldiaren parterik handiena. Zaintza lanetan dabiltzanen prekaritatea salatu du, eta azken asteetan aldundiak itundutako egoitzetan izandako salaketak ekarri ditu gogora. Besteak beste, proposatu du eguneko zentro publiko bat eraikitzea, 25 tokirekin, Gasteizen, eta postu publikoak ugaritzea, zaintzaileen baldintza duinak bermatuz.
Gaztelania nagusi
Eztabaida osoan gaztelania izan da nagusi. Euskaraz gehien Lopez de Arroiabek hitz egin du, eta EAJko Joseba Diez Antxustegi EH Bilduri mintzatu zaionean aritu da euskaraz. Gainerako hitzaldi gehienak gaztelania hutsean izan dira. Lopez de Arroiabek eskatu dio aldundiari lehenbailehen aurkez dezala euskararen aldeko plan estrategikoa, Arabako Foru Aldundiak euskaraz funtzionatzeko pausoak eman ditzan. Gonzalezek atzo iragarri zuen ari direla eragileekin lanean 2025-2029rako plana martxan jartzeko.
Erabakitzeko eskubidearen inguruan adierazpen bateratua egin dute EAJk eta EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta Eider Mendoza ahaldun nagusia ere alde mintzatu da. Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, berriz, ez dira adierazpen horretara batu. Lopez de Arroiabek egin dio galdera: «Ganbera honetan gehiengoa dugunok pausoak eman ditzakegu erabakitzeko eskubidearen aitortzaren eskaeran. Prest al zaude urratsak egiteko?».
Gonzalez EH Bilduri mintzatu zaio esateko EAJko militantea den heinean erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, baina Batzar Nagusietan arabar guztien ordezkari gisa jardun duela, eta PSE-EErekin ari direla gobernatzen hiru legealdiz jarraian. Horrela argudiatu du erabakitzeko eskubidearen inguruan ahaldun gisa jarrera bat ez hartu izana.
PPko Iñaki Oiartzabalek Gonzalezi egotzi dio industria politikan «utzikeriaz» jardun izana. Ekonomia izan du hizpide nagusi. Aipatu ere ez ditu egin gizarte gaiak, zaintzari, euskarari edo berdintasunari lotutakoak. AHT abiadura handiko trena ere izan du hizpide. «Gasteiztik egingo dela uste dut, lotura Ezkiokoa baino hiru bider merkeagoa delako, baina ez zuk ezer egin duzulako». Gonzalezek berretsi dio sinetsita dagoela txosten teknikoek Arabaren alde egingo dutela, «irtenbiderik onena delako».
David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkidea zapi palestinarra jantzita irten da, eta Gonzalezi egotzi dio Israel Palestinaren aurka egiten ari den genozidioa ez aipatu izana. Bestalde, trantsizio energetikoaren inguruan foru aldundian jorratzen ari diren eredua auzitan jarri du, eta kontsumo energetikoa jaitsi beharraz hitzik egin ez izana egotzi dio.
Zaintza lanetan ari diren langileen prekarizazioa ere salatu du. «Zer gertatzen ari da Arabako zahar etxeetan?», galdetu du, azken asteetan egoiliarrek egin dituzten salaketen harira. Gonzalezek erantzun dio gastu sozialean gehien inbertitzen duten gobernuetako bat dela, zehaztasun gehiagotan sartu gabe.
Inbertsioak
Gonzalezek bi ardatzetan oinarritu ditu bere erantzunak: batetik, Araba gizarte kohesionatua dela argudiatu du, eta, hori argudiatzeko, Europako pobrezia tasarik txikiena duela eta langabezia tasa %5ekoa dela adierazi du. Bestetik, industriarako lurra falta dutela onartu dio Oiartzabali, eta erantzun dio Arasur proiektuan lanean segituko dutela lur gehiago egokitzeko. «Araban inbertitzeko eskatzen diguten enpresa askok lur zati handiak eskatzen dizkigute».
Energia berriztagarrietan aurrera egitea «premiazkotzat» jo du. Arabak dituen behar energetikoei aurre egiteko parke eolikoak beharko direla esan du, eta «ausardia» eskatu dio EH BIlduri, instalazio horien sustapenetan aurrera egiteko. EH Bilduk trantsizio energetikorako duen proposamena eskura eman dio Gonzalezi, eta erakundeei egotzi die trantsizio horren epeak mantsotzea. Zeharo arriskutsutzat jo du hori, gainera, politika publikoen faltan enpresa handiek esku hartzeko arrisku handiagoa dagoela argudiatuta.
PSE-EEko Josu Lopezek gogoratu du gobernua gutxiengoan egonda ere hamaika proposamen egin dituztela, eta proiektu ugari martxan jarri. Elkarlana eskatu dio oposizioari.
EAJko eledun Diez Antxustegik agurreko hitzaldia egin du, gaurko osoko bilkura amaituta akta utzi behar baitzuen. Eusko Legebiltzarreko EAJko eledun gisa jardungo da aurrerantzean. Bere azken hitzaldian elkarrizketa eskatu dio oposizioari, eta horretarako konfiantza jorratu beharraz jardun du, akordioak lortzeko.