ELA sindikatuak lanuztera deitu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru espetxeetako langileak, haientzat «funtsezkoak diren gaien inguruan Eusko Jaurlaritzarekin benetako negoziaziorik ez dagoelako». ELAk dio gaurko lanuzteek «parte hartze zabala» izan dutela.
Sindikatuak negoziatu nahi dituen gaien artean, hauek nabarmendu dituzte: «Espetxeen neurriari buruzko lanpostuen zerrendaren negoziazio arrazionala; berariazko osagarri berezi baten bidezko lanaren balorazio eraginkorra; eta bai zerbitzu publikoa bai kolektiboaren osasuna errespetatuko dituzten lan baldintzak eta ordutegiak ezartzea».
Era berean, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzako arduradunek ez dutela «ezer egiten espetxeen euskal eredua» abian jartzeko, eta presoak gizarteratzeko lan baldintza egokiak eskatzen dituzte. Azkenik, ELAk azpimarratu du mobilizazio gehiago gauzatuko dituela Gasteizko gobernuaren jarrera «errotik aldatzen ez bada eta benetako negoziazioari ekiteko prest ez badago».