Jarraipen arrastoa sumatu dute alderdiek

Ordu erdiko tartea izan dute Eusko Legebiltzarreko taldeek —Sumarrek eta Voxek hamabosna minutu— EAJren eta EH Bilduren proposamenez hitz egiteko. Kritiko mintzatu dira gehienak, batez ere jeltzaleen eta sozialisten ereduaren inguruan.

Imanol Pradales hautatu dute lehendakari. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Pradales hautatu dute lehendakari. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 20a
19:35
Entzun

Jarraipena, segida, jarraitutasuna edo hitz horien bertze edozein sinonimo izan da segur aski Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioaren bigarren atalean gehien errepikatu den hitza. Imanol Pradalesen (EAJ) eta Pello Otxandianoren (EH Bildu) hitzaldiak entzun eta gero, ordu erdiko tartea izan dute alderdi guztiek —Vox eta Sumarrek hamabosna minutu— proposamen horiez mintzatzeko. 14:30ean hasitako saioan, alderdi guztiek, PSE-EEk izan ezik, erran dute aurrekoaren jarraipena bertzerik ez dela jeltzaleek aurkeztu duten «eredu berria». Are, Eneko Andueza sozialistak zehaztu du jeltzaleek eta sozialistek sinatutako akordioarekin «estilo berri bat» datorrela, eta dokumentu horrek kanpainan «mahai gainean jarritako elementu guztiak» jasotzen dituela. Iñigo Urkullu lehendakaria saiora bertaratu ez izana ere nabarmendu dute alderdiek.

EAJ: «Aro berri bat»

Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramaileak nabarmendu du apirilaren 21eko hauteskundeek «aro berri bat ireki» zutela eta bertze bat itxi. Azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak arazo anitzi egin behar izan diela aurre, eta horiei «zintzo» erreparatu diela. Halere, uste du bozetan herritarrek mezu bat igorri zutela, eta jeltzaleek eta sozialistek «ondo interpretatu» dutela hori. Ez, ordea, EH Bilduk, eta haiei gogorarazi die desadostasunak konpontzen jakitea dela adostasun ororen gakoa; iradoki du ez dakitela hori egiten: «Batzuk ganbera honetara bakarrik sartu dira, eta bakarrik aterako dira. Jarraitzen dutelako politika bakarrik egiten, herrialde anitz batean».

Alde horretatik, erran du goizeko saioan «bi eredu» aurkeztu direla: Imanol Pradalesen «proiektu zehatza eta asmo handikoa», eta Pello Otxandianoren «diskurtso iraungikorra». Koalizio subiranistako hautagaiari mintzatu zaio gero, eta azpimarratu haren hitzaldiak erantzun baino galdera gehiago utzi dizkiola: «Lehendakarigai batengandik espero beharrekoa izango litzateke erantzunak ematea». Gainera, erran dio bere hautagaitza «kosmetikoa» dela, ez zuela irabaziko jakinda ere aurkeztu delako.

EH Bildu: Ez indar berririk, ez gidoi aldaketarik

«Ezin da aldaketaren indarra izan, eta aldi berean orain arteko gobernantza eskemekin jarraitu». Argi hasi du Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak inbestidura saioko mintzaldia, erranez Pradalesek aurkeztutako programa «jarraitutasun» programa bat dela. Gehitu du gaurkoa saio «garrantzitsua» dela, lehendakaria nor izanen den hautatuko delako, baina jeltzaleendako eta sozialistendako «tramite hutsa» dela. Alde horretatik, erreferentzia egin dio koalizio abertzalearekin elkarrizketarik ez egin izanari ere: «Herri honetako bi familia abertzaleen arteko elkarrizketak ez luke anomalia izan beharko, baina momentu honetan hala da». Hauteskundeez geroztik Pradalesek izan duen jarrera orokorra ere aipatu du: «Herriari ere apenas hitz egin diozun».

Jeltzaleen hautagaiari adierazi dio goizeko hitzaldian bazirudiela Otxandianorekin bat egiten zuela egungo errealitatearen analisia egitean, baina EAEz solastatzen duen moduagatik «dena ondo» dagoela dirudiela. Ordea, diskurtso horrekin herritarrak ezin direla «identifikatuta sentitu»: «Arazoak pilatzen ari dira; guk ez dugu esango egoera katastrofikoa denik, baina bai egoeraren diagnostiko zintzoa egin behar dela». Hortaz, erran die zortzi urte izan dituztela planteatutako aldaketa guztiak egiteko, baina «zalantzan» dagoela haien sinesgarritasuna. Kortajarenak erran du oposizioan egotea tokatzen bazaie rol hori hartuko dutela, eta akordioetarako prest egonen direla. «Espero dut legegintzaldi hau berrikuntza diskurtsiborako ziklo bat izan dadila, egiteko modu feministak eta berrikuntza politikoak gako izan beharko luketela. Espero dut hala izatea», borobildu du. 

PSE-EE: Lau urtetik harago

«Gobernu honek gehiengo absolutua badu ere, ahal diren indar guztiak batu nahi ditugu», erran du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioari erreferentzia eginez. Halere, argi adierazi du ezer gutxi partekatzen duela koalizio subiranistarekin, «herri eredutik hasita». Iradoki du, gainera, EH Bilduk egiten dituen aldarrikapen subiranistek Europan zabaltzen ari den mugimendu ultraeskuindarren mezuen antza dutela.

Bide horretatik, erran du «agintaldi berri bat» datorrela, «lidergo berri bat, belaunaldi berri bat duena buru, eta estilo berri batekin»: «Akordio hau ez da legegintzaldi honetako bakarrik, datozen urteetan Euskadin elkarrekin jarraitu nahi dugun bidearen diseinua da». Nabarmendu du, gainera, PSE-EEk kanpainan «mahai gainean jarritako elementu guztiak» jasotzen dituela atzo sinatutako gobernu akordioak. «Bilkura honetatik lehendakari berri bat aterako da, etapa berri baterako. Pradales jauna: gaurtik aurrera herri hau zuzentzeko ardura handia izango duzu, baita aurreko gobernuaren akatsak zuzentzeko aukera ere», borobildu du.

PP: Lehentasun zaharrak berri

Javier de Andres PPko ordezkariak erran du «konfiantza falta» bertzerik ez duela transmititzen EAJren diskurtsoak. Eta galdetu du orain arte lehentasun ez ote ziren jeltzaleek gaur aurkeztutako lehentasunak, osasunari, etxebizitzari edo lan arloari erreferentzia eginez. «Osasun sistema Europan punta-puntakoa bihurtu nahi duzuela diozue, baina lehen halakoa zen, eta orain ez. Galdu egin da hori. Herritarren bigarren kezka nagusi bihurtu da, eta Osakidetzaren zerbitzuak ez du gainditzen herritarren azterketa», zehaztu du. 

Etxebizitzaz ere mintzatu da, eta azpimarratu du eskariarekin alderatuta etxe publiko gutxi banatu direla. EAEko sektore pribatuaren «maila ona» publikoaren «maila txarrarekin» alderatu du, eta zehaztu jeltzaleek eta sozialistek sustatzen duten eredua «alegiazkoa» dela, «ez dator bat errealitatearekin».

Sumar: Berdintasun Saila eske

Gainerako agintaldiekiko «jarraipena» ikusten du Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek Pradalesen hautagaitzan. «Oposizioko alderdiei dei egin diezu, eta gu zuekin eztabaidatzera etorriko gara. Herri honetako langileek beste zerbait merezi dugulako», erran du. Izan ere, Hernandezek uste du Pradalesen gobernuarekin ez dela bermatuko EAEko aberastasunaren banaketa «justua». Are, erran du aurrekontu publikoetan gero eta pisu handiagoa dutela langileen ekarpenek enpresenek baino: «Gehiago duenak gehiago eman dezala».

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko politikak eskatu dizkio hurrengo Eusko Jaurlaritzari, eta ezinbertzekoa zaio horretarako Berdintasun Sail bat sortzea. Etxebizitzaz ere mintzatu da, eta argitu egin beharrekoa ez dela sarbidea sustatzea, baizik eta «eskubide hori ziurtatzea». «Pradalesen proposamena ez da berria; aurpegiak aldatuko dira, baina politika ez. Badakigu zer egingo duen, eta zein izango diren haren politikak. Guk neurri horiei aurre egingo diegu, eta akordioak lortzen saiatuko gara, gobernuarekin eta gainerako taldeekin ere», borobildu du. 

Vox: «Babes hesia»

Vox alderdiko Amaia Martinez izan da lehena hitza hartzen, bazkari orduko atsedenaren ostean. Pradalesi galdetu dio ea jarraituko duen Voxi «babes hesia» jartzen. Alderdi ultraeskuindarrari botoa emandako «milaka herritar» ordezkatzen duen alderdia kontuan hartzeko eskatu du.

Pradales «Sabin Etxeak gidatutako» lehendakaria izanen dela adierazi du, eta nabarmendu datorren legealdia «kontinuista» izanen dela, osasun eta klima aferei dagokienez batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.