Euskal Herriko langileak batzera deitu ditu Jardun Koordinadorak Aberri Egunean. Egun osoko egitaraua antolatu dute Gernikan (Bizkaia); eguerdian egin dute manifestazioa Euskal Herri langilea batu leloa hartuta, eta ondoren egin duten ekitaldi politikoan plazaratu dituzte euren aldarriak. Argi utzi dute «askatasunerako bidea» ez dagoela Frantziako eta Espainiako instituzioetatik jorratzerik, eta langileen batasuna estatu horiekiko konfrontazioaren gainean eraiki behar dela aldarrikatu dute.
ABERRI EGUNA 2025
— JARDUN koordinadora (@JardunK) April 20, 2025
EUSKAL HERRI LANGILEA BATU!#AberriEguna2025pic.twitter.com/SPjlr8ibx5
Jarduneko kideen iritziz, «estatuon asimilazio estrategiapean ahulduz doan garra da Euskal Herria, azpiratuon egoskorkeriagatik iraun eta borrokaren ekarpenari esker handituz doana». Testuinguru horretan, Euskal Herriaren etorkizuna zapalduek eraiki behar dutelakoan daude, horiek pairatzen dituztelako bidegabekeriak euren azalean. «Burgesia eta euren borreroak, euren posizioa hobetzeko ez baldin bada, eroso daude status quo-an».
Salatu dute burgesia horrek «mozkin ederrak» lortzen dituela Euskal Herriaren suntsiketa estrategia eta markoen kontura, eta hor kokatu dute azken hilabeteetako militarizazio prozesua ere. «Burgesek beti aurkituko dute, heriotzak eta miseriak axola barik, mozkinak nondik lortu», gaitzetsi dute.

Olatu erreakzionarioa ere izan dute hizpide. Jardunen aburuz, joera horren helburua da «langileek pairatzen dituzten hamaika zapalketa baliatzea langileen arteko banaketa, ezinikusia eta etsaitasuna sustatzeko».
Horren aurrean, Jardunek uste du «otzantasuna, adiskidetzea eta elkarbizitza bezalako planteamenduek etsaia indartu besterik ez dutela egiten», eta aldarrikatu du «Euskal Herriko zapalduon batasunak bakarrik ahalbidetuko duela Euskal Herriaren gauzapena». Horregatik, estatuekiko konfrontazioa defendatu du koordinadorak: «Guk argi daukagu independentzia eta sozialismotik igarotzen dela Euskal Herriaren egikaritzea».
Ekitaldi politikoa amaitutakoan bazkari herrikoi bat izan dute, eta gauera arte kontzertu sorta bat ere bai.