Jardunbide zaharra, era berriak

Euskal Herrian atzeman diren espioitza kasuek ez dute ondorio politikorik izan. HBren Gasteizko egoitza zelatatzeagatik CESIDeko bi buru zigortu zituzten 2003an, baina Gorenak errugabetu zituen

2013an, Sortuk, Ernaik eta LABek salatu zuten grabatzeko aparatuak topatu zituztela Ernairen egoitzatik gertu den etxebizitza batean. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU.
joxerra senar
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

Ez da gauza berria. Iraganean, antzeko kasu gehiagoren berri izan da Euskal Herrian, baina, tankera bereko adibideek beste herrialdeetan presidenteak kargugabetzeko balio izan badute ere, hemen gehienak ezerezean amaitu dira. Susmo orokorra da espioitza zabaltzen den baino maizago erabiltzen dela, zigorgabetasuna handia baita eta kolore politiko bateko zein besteko agintarientzat ez baitu ondoriorik. Aldatu den bakarra, espioitzaren teknika da. Jada ez da beharrezko alderdien egoitzetan kableak eta grabagailuak sartzea; nahikoa da politikarien sakelako solasaldiak entzutea, edo, Pegasus edo antzeko aplikazioren bat erabilita, intimitate eta informazio oro ebastea.

Haatik, ez dira beti Espainiako zerbitzu sekretuak tartean izan. Demokrazia garaian, ezagun egin zen lehen kasuan, Ertzaintza izan zen inplikatua. 1986ko udan atera zen argitara zen kasua, EAJren zatiketaren garaian eta Eusko Alkartasuna alderdia sortzeko prozesuaren erdian. Carlos Garaikoetxearen Zarauzko etxean entzuteko aparatu bat ezarri zuten. Urte hartan, ordu hartako Jaurlaritzak, ironiaz, esan zuen aparatu hura ez zela egina entzuteko, «aurkitua izateko baizik». Kasuak auzitegian amaitu zuen. Luis Mari Retolaza zen Barne sailburu, baina, kargurik gabe libre geratu zen auzian. Bi ertzain zigortu zituzten —tartean, Joseba Goikoetxea ertzainburua, 1993an ETAk eraila—.

2010ean, berriz, De Miguel auzia-ren karietara egindako miaketa batean, Aitor Telleria Arabako buruzagi jeltzalearen bulegoan topatu zituzten politikari, enpresaburu eta Arabako pertsona ezagun ugariren bizitzari buruzko datuak. Aurkikuntza hark beste auzibide bat ireki zuen, eta akusatuen aulkian amaitu zuten Telleriak eta bi ertzainek. Hala ere, Arabako Probintzia Auzitegiak errugabetu egin zituen, ez zegoelako «froga sendorik» ziurtatzeko, hain zuzen, informazio hori ertzainek bildu eta burukide ohiari igorri ziotela.

Halako kasuek nekez izan dute ondorio politikorik. Salbuespenetako bat 1995ekoa da, eta ziurrenik, helburuak eta zelatatuen nortasunak zerikusia izan zuelako. Urte hartan El Mundo egunkariak argitaratu zuen CESID zerbitzu sekretuen zentroak (egun, CNI) gutxienez hamar urte zeramatzatela politikarien, enpresaburuen eta kazetarien solasaldiak entzuten eta grabatzen; tartean, Espainiako erregearena. Eskandaluak gogor jo zuen Felipe Gonzalezen gobernua, eta Narcis Serra presidenteordeak, Julian Garcia Vargas Defentsa ministroak, eta Emilio Alonso Manglano CESIDeko orduko buruak dimisioa eman zuten.

Zelatatuen artean ezker abertzaleko 46 ordezkari ere bazeuden. Hiru urte geroago jakin zenez, CESIDek 1995era arte Herri Batasunaren Bilboko egoitza zelatatu zuen, eta Mahai Nazionalaren bilkurak grabatu. 1998an piztu zen polemika, HBren Gasteizko egoitzaren konponketa batzuetan teknikariek goiko solairura zihoazen kableak atzeman zituztenean —gerora jakin zenez, CESIDek beste pisu bat zuen handik gertu—. Auzia epaitegietara iritsi zen, eta CESIDeko bi zuzendariri hiru urteko espetxe zigorra ezarri zien Arabako Probintzia Auzitegiak, baina Auzitegi Gorenak bi arduradun horiek errugabetu zituen gerora.

Urteotan, alderdi abertzaleetako ordezkariek hainbat aldiz salatu dute euren solasaldiak espainiar egunkarietan argitaratuta ikusi dituztela. 2013ko azaroan, Sortuk, LABek eta Ernaik salatu zuten Ernairen egoitza ondoko etxe batean grabatzeko aparailuak atzeman zituztela. Salaketa horiek ez dute ondoriorik izan.

Erakunde eta alderdi abertzaleak ez dira bakarrik Espainiako zerbitzu sekretuen helburu izan. FBIk 1938tik 1947ra bitartean, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritza zelatatu zuen. Maria Angeles Ordaz historialariak horri buruzko lana egin zuen, desklasifikatutako paperetan oinarrituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.