Joan den asteburuan 3.000 emakume inguru elkartu ziren Durangon (Bizkaia), Euskal Herriko bosgarren Jardunaldi Feministetan. Salda badago lelopean egin zituzten saioak. Jardunaldiak bukatuta, aurrera begirako erronkak zehazteko unea da. Lehen balorazioa egin du antolakuntzak, eta lehentasun bat ezarri du mahai gainean: mugimendu feministaren barne egitura «indartzea» izango dute xede. Nabarmendu dute horrek gaitasun handiagoa emango diela inguruan «eragiteko» eta esku artean dauzkaten asmoak «garatzeko».
Bi urtez aritu da Euskal Herriko mugimendu feminista Durangoko jardunaldiak prestatzen, eta adierazi du «izugarria» izan dela hiru egunetan bizi izandakoa. Nabarmendu dute, nolanahi ere, ibilbide bat egina duela jadanik Euskal Herriko mugimendu feministak. «Mugimendu politikoa, herritarra, erradikala eta kolektiboa da». Jardunaldien antolatzaileen esanetan, Durangokoaren gisako topaketek eta bestelakoek «sendotu» egiten dute mugimendu feminista, ehuna sortzen baitu herriz herriko taldeen artean, Euskal Herri osoko kideen artean. Bide horretan jarraitzea izango dute hemendik aurrerako erronka ere: «Amorrua antolatzea eta konplizitateak jostea».
Bai baitaukate lana egiteko. Nabarmendu dute emakumeak ari direla «sistema zapaltzailea» eta haren ondorioak pairatzen: «Kapitalismo basatia berregituratzen ari da, dominazio heteropatriarkala etengabean indartzen, migrazioaren aurkako politika zurruntzen, eta indarkeria matxistak ez du etenik». Salatu dutenez, Euskal Herriko instituzioek ez dute hausturarik proposatzen eredu «antidemokratiko eta antisozial» horren aurrean. Mugimendu feministak, bai, aldarri hori egin du: «haustura eta eraldaketa» martxan jartzekoa. Bide horri begira, antolatzeko deia zabaldu dute antolatzaileek.
Mugimendua «sendotuta»
Jardunaldietara bertaratutako andreek aukera izan dute antolatutako hitzaldietan, mahai inguruetan, ikuskizunetan eta eztabaidetan parte hartzeko. Eredu desberdinetako taldeetan ari diren emakumeen bizipenak ezagutu dituzte, besteak beste. Antolatzaileen arabera, «edukiz bete» zituzten Euskal Herriko mugimendu feministaren «erresistentziak eta borrokak», eta datozen urteetarako hainbat apustu egin zituzten.
Bizitzak erdigunera lelopean egin da aurtengo greba feminista. «Martxoaren 8an itun soziala aldarrikatu zen, bizitzaren ardura kolektibizatu eta zaintza lanak berrantolatzeko. Itun hori gogoan eduki da Durangon», nabarmendu dute antolatzaileek. Eta hain zuzen ere, grebako akordioa kontuan izanda egin dute lehen apustua: dei egin dute pentsio duinen, Lurraren defentsaren edota etxeko langileen eskubideen alde antolatzeko. Badira gogoan izan dituzten beste auzi batzuk ere. Besteak beste, mugimendu feministak azpimarratu du norbanako bakoitzaren «pribilegioei» eta «zapalkuntzei» erreparatzeko erabakia hartu dutela, eta horrekin apustu berri bat egin dute: «Okupatutako herrialdeetako borroka feministak ikusgarri egitea».
Azaldu dute mugimenduari «aniztasuna» aitortzeak ematen diola indarra: «Bizi baldintzetan, aukeretan eta eskubideetan ezberdinak gara; pribilegioak ukatu gabe, horiek suntsitzera goaz». Horrekin lotuta, indarkeria matxistaren aurka elkarrekin antolatzeko deia zabaldu dute.
Jardunaldien ondoren, mugimendu feminista «indartzea» dute helburu
Euskal Herriko jardunaldi feministen balantze ona egin du antolakuntzak: «Izugarria izan da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu