Gainerako eragileen parean aritzeko aukera behar dutela aldarrikatu dute Gazte Independentistek, eskubide erabatekoa dutela aro berrian lan politikoan aske aritzeko: «Gazteok jardun politikoa askatasunez garatzeko eskubidea bermatzeko exijitzen dugu. Ezinbestekoa da hori Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea errespetatzeko bidean». Haien ustez, zer esan handia baitaukate gazteek: «Abangoardia izan gara, eta egoera politiko berrian ez gara gutxiago izango». Elkar hartuta aritzera, «aktibatzera», egin diete dei gazteei.
Agerraldi jendetsua egin zuten atzo dozenaka gaztek, Donostian, Antiguako pilotalekuan. Harmailak betetzeko adina jende bazen. Besarkadak eta agurrak nagusi izan ziren agerraldia hasi aurreko uneetan; Euskal Herriko hainbat tokitatik bildutako gazteen topagune izan baitzen ekitaldia. Kartzelatik atera berri dira haietako batzuk, mugimenduaren aurkako operazioetan atxilo hartu eta behin-behineko espetxealdia beteta; epaiketaren zain dira. Gogoan izan zituzten kartzelatuak ere.
Gatazkaren ondorioak gertutik bizi dituztela nabarmendu zuten: «Gatazka egoeran jaio eta bizi garen gazte belaunaldia gara». Eta, egoera horretan, «oztopoak» etenik gabe pairatu dituztela.
Nolanahi ere, egoera hori iraultzeko bidean dela uste dute Gazte Independentistek: «Ez gaituzte geldiarazi. Orain arte egindako lanaren fruituak jasotzeko garaia da, baita gure bidean harri berriak jartzekoa ere». Ezker abertzaleak emandako pausoa jo dute horretan mugarri, eta, bereziki, Zutik, Euskal Herria! adierazpena: «Askapen borrokan urrats berriak egiteko aukerak ireki ditu». ETAk jardun armatua bertan behera utzi izana ere hartu dute aintzat; «erabaki ausarta eta pisutsua» da, haien iritziko.
Egungo testuinguruarekin baikor dira, horrenbestez. Hala ere, ohartarazi dute zertan lan egina badela oraindik ere. Eskubideak bermatzea lehenengo egitekoa dela diote. «Ukaturik jarraitzen duten eskubideak bermatzea da lehentasuna: gizabanakoen eskubideak eta kolektiboak». Gazteek antolatzeko duten eskubidearen aldarria egin dute, beraz, azken urteetan haien aurka egindako polizia operazioak gogoan. Hori bermatzeko eskatu diete politikariei. Adierazi dute gazteen lana nahitaezko duela Euskal Herriak.
Haiei egin diete dei, hartara, egoera berria indartzearen alde egin dezaten: «Erakutsi dugu ahalmena testuinguru sozial eta politiko ugarietan eragiteko. Orain, indar handiagoz berretsi behar dugu hori». Horretarako eskubidearen bermea eskatuta, gazteei eskatu diete antolatzeko eta era horretan aritzeko lanean.
«Oraina ere bagara»
Eta egitekoak biharko ez uzteko, gerorako utzi gabe berehala lanean hastea galdegin dute Gazte Independentistek. «Sarri entzuten dugu gazteria dela etorkizuna, baina oraina ere bagara, eta gazteria subjektu politiko aktibo gisa egituratu behar da». Elkar hartuta aritzeko eskaintza egin dute, «momentu historikoa» dela eta egoera horretan «indarrez» ekin beharra dagoela irizten baitiote.
Helburuak betiere argi izan behar direla gaineratu dute. Euskal Herriaren burujabetza lortzea jarri dute helmuga, eta hartan bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat ezartzea. «Lekukoa gure eskuetan daukagu. Borrokak ekarri gaitu hona, eta borrokak eramango gaitu garaipenera: independentziara eta sozialismora».
Askatasuna lortu nahi dute, Euskal Herriaren eta euskal herritarren askatasuna. Hala, gazte mugimenduko kide izateagatik preso hartuta dauzkatenak hartu dituzte gogoan: «Bildu garenon eta bortxaz falta diren gazte guztien eskuetan dago orain arteko uzta jaso, eta gaurtik hasita etorkizun berria eraikitzeko erronka». Askatasuna ardatz izango duen apustua da haiena: «Pertsona askez osatutako herri askea, hori da independentzia».
«Jardun politikorako eskubidea dugu»
Gazte Independentistek ezinbestekotzat jo dute lan politikoa era askean egiteko aukera, eta hori bermatzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu