Madrilera hainbat joan-etorri egindakoa da Iker Urbina abokatua (Gasteiz, 1977). Esperientzia du Espainiako Auzitegi Nazionaleko makroepaiketetan —besteakbeste, Segi gazte antolakundearen aurka 2014an egindako epaiketako abokatua izan zen—. Espainiako Kongresuko diputatu ere izan zen 2011tik 2015ra Amaiurreko ordezkari gisa, eta, hain justu, garai hartan —2013 eta 2015 artean— atxilotu zituzten 11/13 sumarioan auzipetutako 47 kideak. Horietatik batzuk, Urbinaren moduan, euskal presoen abokatuak dira. Beste batzuk, berriz, medikuak, psikologoak eta euskal presoen eskubideen aldeko Herrira plataformako kideak eta bitartekariak. Datorren astean hasiko da epaiketa, eta fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du guztira. Urbina izango da auzipetuen defentsaz arduratuko diren abokatuetako bat: «Pertsona horien lan profesionala epaituko da», dio. Haren ustez, hori izango da giltzarrietako bat, baita egozten zaizkien delituak 2012koak direla ere, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi ostekoak, alegia. Hiru hilabeteko epaiketa luzea espero dute, eta horren aurretik elkarrizketatu du BERRIAk.
Euskal presoen eskubideen defentsa egiteagatik epaituko dituzte 47 kide Espainiako Auzitegi Nazionalean, erakunde terroristako kide izatea egotzita. Fiskalak espetxe zigor handiak eskatu ditu akusatuentzat. Zeranalisi egiten duzu?
Garai bateko azkenengo zertzeladen gisan ikusten dut. Epaiketak garai bateko eskemetara garamatza; bai sozialki, bai politikoki eta baita juridikoki ere. Fiskalaren eta akusazio partikularren eskaera garai bateko eskema horretako kapitulu bat gehiago dira. Kasu honetan, bada berezitasun bat, ordea. Leporatzen diren egitateak jarduera profesionalarekin lotuta daude. Badira abokatuak, medikuak... Bestalde, juridikoki garrantzi handia du ohartzea egozten diren egitateak 2012tik aurrerakoak direla. ETAk ordurako iragarria zuen jarduera armatua behin betiko amaitua zuela.
Orain, urtebete da ETA betiko desegin zela. Oraindik ere leporatu diezaiekete erakundeko kide izatea?
Horregatik diogu joana den garai bateko egitateak direla. Logika juridikoa garai batekoa da, ez egungoa. Beraz, nola da posible ETAko kide izatea leporatzea ETA existitzen ez bada? Gizarteak ere ulertu du zentzurik ez duela, gaur egun epez kanpo dagoen errealitate bati erantzuten baitio.
Beraz, juridikoki sostengagarria ez bada, fiskalak arrazoi politikoei eusten die?
Bi maila daude. Fiskalak eta akusazio partikularrak zigor eskaerak egiten dituztenean, 2012ko gertakari batzuez ari dira. Epaiketa hau beste adibide bat baino ez da. Epaitzen dena jarduera politikoa da, eta ez hori soilik, jarduera profesionala ere bai, tartean medikuak eta abokatuak daudelako. Beraz, soilik uler daiteke euskal presoen eskubideen alde abian zegoen dinamika gelditu nahi izan zutela. Hala egin zuten presoen abokatuen kontra, medikuen kontra, haien ordezkarien kontra eta beraien eskubideekiko errespetua eskatzen zuen antolakundearen kontra. Hori soilik gako politikoetan uler daiteke. Hori da gure defentsako ardatzetako bat. Atzean ez dago delitu gisa epai daitekeen egitaterik.
2013an hasi eta 2015ean amaitu ziren atxiloketak. Sei urte pasatu dira lehen sarekadatik epaiketa hasiko denerako. Gaia alboratuta egon da?
Askotan salatu dugu horrelako makrosumarioek prozedura judiziala korapilatzen dutela, eta, beraz, konplexuak bilakatzen direla horrelako auziak. Makrosumarioen eskemak eragiten du hori. Utzikeria bainoago, puztu egiten dituzte auziak. Izan ere, jatorrizko arrazoiak politikoak dira, eta ez diote erantzuten logika judizialari. Horrek eragiten du prozedura kudeatzea zaila izatea. Noski, horrek eragiten du auzian akusatutako horien bizitzak erabat baldintzatuta gelditzen direla.
Alegia, horrek guztiak egunerokoan eragina duela.
Zalantzarik gabe. Baita prozedura luzeak ez direnean ere, baina horrelako zigor eskaera handiak daudenean ere eragiten du. Kasu honetan, auzia luzatzeaz gain, zigor eskaerak handiak dira, eta inhabilitazioa ere bai. Horrek guztiak pertsonen bizi proiektuetan sekulako eragina dauka.
Akusatuak 47 dira, eta askotariko zigor eskaerak dauzkate. Bakoitzak izango du bere errealitate propioa... Abokatu talde bat, ordea, elkarrekin ari zarete defentsa prestatzen.
Bederatzi abokatu ari gara lanean, eta piezaka banatu dugu lana. Horrek eskatzen du elkarlan handia. Atal ezberdinak izan arren, gako juridiko antzekoak ditugu batasun bat emateko. Egia da bakoitzak bere bezeroak dituela eta norberak bere berezitasun propioak dituela, baina horrelako prozedurek eskatzen dute ikuspegia orokortzea, nola edo hala guztien interes orokorra kontuan hartzeko. Horrek eskatzen du sekulako elkarlana. Akusatuen artean, berriz, kontuan hartu behar da 47 errealitate desberdin dituztela, eta, beraz, azpimarratu behar da defentsa bateratua egiteak asko duela kolektibotasunetik. Hori guztia kudeatu eta antolatu behar da; horregatik, ez dira prozedura errazak.
Fiskalak leporatutako delituak ere ez dira auzipetu guztientzat berberak.
Nahiz eta leporatzen zaizkien egitateak desberdinak izan —batzuei egozten zaie abokatuak izatea, besteei erakundeko kide izatea, besteei ETA finantzatzea...—, juridikoki oso garrantzitsua da azpimarratzea ETAko kidea izatea leporatzen dieten une horretan, ETAk jada jarduera armatua utzia zuela. Gakoa izango da defentsan eta auzitegiaren ebazpenean. Teknikoki, oso garrantzitsua da, egozten dizkieten delituek eskatzen dutelako talde armatu bat egotea, eta ekintza armatuak aurrera eramateko asmoa izatea. Hori ez dagoenez, gure ustez, bertan behera gelditzen da kidetza delitua. Bakoitzaren kasua ezberdina den arren, badago enbor nagusi bat.
Azken makroepaiketetan akordio bat egon da akusazio partikularrarekin eta fiskalarekin, eta, horren bitartez, auzipetuek espetxea saihestu ahal izan dute. Ba al dago aukerarik oraingoan ere ados jartzeko?
Defentsa lanetan ari garenok hiru hilabeteko epaiketarako prestatzen ari gara, eta ideia horrekin joango gara Madrilera. Alde bakoitzak bere rola du prozeduran.
Epaiketa korapilatsua aurreikusten duzue, beraz?
Horrelakoak bizi izan ditugu lehenago ere. Prozedurak berak duen zailtasunaz gain, epaiketa batek hiru hilabete irauteak eragina du guztiongan. Epaiketaz gain, bestelako eragin batzuk ere baditu: epaiketak amaiezinak egiten dira, egoera horri aurre egiteko akusatuetako askok lana utzi behar dute, sekulako kalte ekonomikoak izaten dituzte, sortzen diren gastuak ikaragarriak dira... Nolabait bigarren zigor bat da.
Gaur egun, ba al du lekurik halako epaiketa batek?
Ez dut esan nahi egun zentzurik ez duten epaiketek garai batean zentzua bazutela, ez da horrela, baina, gaur egun are nabarmenagoa da, eta are harrigarriagoa da lekuz kanpo daudela modu honetako makroepaiketak. Gainera, ezinbestean azpimarratu behar dugu 2012ko egitate batzuengatik epaituko dituztela, gaur egungo errealitatearekin zerikusirik ez duena. Ikuspegi erabat politikoa du epaiketak.
11/13 sumarioko epaiketa. Iker Urbina. Defentsako abokatua
«Jarduera politikoa eta profesionala epaituko dira auzian»
Irailaren 16an hasi eta azaro amaieran amaituko da 11/13 sumariokoen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iker Urbina izango da akusatuen defentsaz arduratuko diren abokatuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu