Euskara «sinplifikatzea» eskatzen du Mikel Mendizabal hizkuntza irakasleak (Donostia, 1963). Mezu hori ozendu zuen orain dela bederatzi urte Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: mitoa ala errealitatea liburua koordinatu zuenean, eta berritu egin du orain Euskara orain. Eraginkortasuna helburu liburuaren koordinatzaile gisara lana aurkezteko egin dituen adierazpenetan. Valter Tauli hizkuntzalariaren ideiak muinean hartuta egindako liburuak dira, hizkuntzen gaitasun komunikatiboa ardatz. Mendizabalek uste du gaia askotan ez dela ondo ulertu; areago, auziaz jori jarduteko trabak eta mesfidantzak ere sentitu ditu maiz. Pozik dago, hala ere, lan honekin beste aletxo bat jartzeko era izan duelako, eta gaiaren gaineko «tabua», gainera, lehen baino ahulago antzeman duelako: «Apurtzen ari da». Lau egileren testuekin ondu du orain lana. Egileetako bat atzerrikoa da, Txinakoa: Haitao Liu Chen hizkuntzalaria. Besteak dira Jesus Rubio, Xabier Amuriza eta Iñigo Lamarca. Alberdaniak argitaratu du.
Orain bederatzi urte lehen lana egin zenuenean adierazi zenuenez, liburuaren gaineko esker on mezuak ugariak izan ziren arren, kritikak ere jaso zenituen, eta, zehazki, lan hartan parte hartzeari uko egin zionik ere izan zen. Berriz heldu diozu gaiari. Zer asmorekin?
Guk ez dugu ezer proposatzen. Proposatzen dugun bakarra da: izan gaitezen malguagoak, besterik gabe. Begira, Koldo Mitxelenari azken elkarrizketa Iñaki Kaminok eta biok egin genion. Ja mikrofonoa itzalia genuenean, Groseko taberna batean [Donostian], pixka bat aipatu nion gai hau. Oraindik ez nituen ezagutzen Valter Tauli eta beste hainbat hizkuntzalari, baina aipatu nion.Mitxelenak zera esan zidan: «Aipatzen duzun gai hori, noizbait, ez dakit noiz, landu beharko da: plazaratu beharko da».
Liburuaren aurkezpenaren harira, usu euskaraz jarduteak egoera «itogarriak» sortzen dituela esan duzue. Zertaz ari zarete?
Ikusten dut jende askok, euskarazko eskolak-eta ematean, ezin duela. Zaila egiten zaie: oso zaila egiten zaie. Aditzak-eta zer esanik ez.... Hor ikasi beharko genuke pixka bat malguagoak izaten.
Lehen hizkuntza euskara ez duten hiztunak ugaritzen ari dira, eta gaitasunean eragina izaten du horrek, usu. Hizkuntza sinplifikatzea mesede da hiztun horiek euskarara erakartze aldera?
Nik ez daukat zalantzarik. Batzuek esaten dute hizkuntza guztiek konplexutasun berdina dutela... Niri ez zait iruditzen. Hor duzu ingelesa, adibidez. Oso hizkuntza sinplea da. Ingelesaren aditza folio batean sartzen duzu. Baina ingelesa ere, bere garaian, hizkuntza zaila zen; askoz ere hizkuntza zailagoa zen, eta sinplifikatu egin da. Eta nik uste dut abantaila handi bat izan zutela horretan: ez zuten hizkuntza akademiarik izan, eta horrek eman zien halako askatasun bat.
Euskara hizpide, mezu hau tentuz eman behar da, ezta? Hizkuntza zailaren fama askotan egotzi zaio, asmo gaiztoz.
Bai, bai, egia da. Autokritika egingo dugu modu positibo batean. Euskara kritikatu nahi dutenek, ez badute modu batean egiten, beste batean egingo dute, eta saiatuko dira desagerrarazten.
Hizkuntzaren ahuleziez ari zara, baina egoera soziolinguistikoa ere aintzat hartu behar da...
Baita ere, bai. Zalantzarik gabe. Baina batak ez du bestea kentzen. Hortxe, adibidez, Japonian zer gertatu den. Bi aldiz proposatu dute, eta bietan politikari abertzaleek, japonierak ez duela ondo funtzionatzen: txinatarrak ondoan dituztela esan dute, eta nahikoa dela belarria jartzea ikusteko zer erraz hitz egiten duten txinatarrek... Haitao Liuk behin galdera egin zien bere ikasle japoniarrei, bizpahiru urte Txinan ikasten zeramatzaten ikasleei: ea nola moldatzen diren hobeto, txineraz edo japonieraz. Eta batek ez beste gainerakoek esan zuten hobeto moldatzen zirela txineraz.
Hizkuntza eraginkorragoa dela erakusten du horrek?
Eraginkorragoa da.
Baina debatea hizkuntza errazen eta zailen eremura eramateaez al da oso arriskutsua?
Bai, eta iritzi ezberdinak daude. Gainera, oso inportantea da nondik abiatzen zaren ere. Katalan batentzat, adibidez, italiera ikastea erraza da; turkiar batentzat, ez. Baina, hala eta guztiz ere, arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta ere, badira hizkuntza batzuk benetan konplexuak direnak, eta beste batzuk errazagoak...
Baina hizkuntza zail eta errazen dikotomia hori sakontzea baino ez da egokiagoa esatea eraginkortasunaren bide horretan hizkuntza denek ez dutela garapen bera? Zeuk esan duzu ingelesa bera lehen hizkuntza konplexua zela, eta orain ez dela...
Hori da, hori da. Nik badakit esaten ari naizen hau hein batean tabu bat dela. Baina, niretzat, euskararen egoera oso tristea da. Jendeak interesa du; seme-alabak euskal ereduetara bidaltzen ditu, gehienetan izen euskaldunak jartzen dizkie haurrei... Interesa badago. Baina erdarara jotzeko joera izugarria da. Euskaldunen artean ere, askotan aski da haserretzea erdarara jotzeko. Oso ahulak gara. Eta ikasi beharko genuke autokritika egiten, modu onean. Gero horiek kontra egiteko erabiltzen direla? Ez da hori nire asmoa, ezta gutxiago ere. Espainiako eskuindarra banintz, esango nuke egin behar dela euskara ahalik eta aberatsena, konplikatuena: horren alde egingo nuke.
Eta gaiari buruz jasotzen ari zaren ekarpenen harira, nola egin eraginkorragoa euskara? Non eragin behar da?
Alor bat sintaxia da. Denek aipatzen dute. Aditza atzean jartzeak arazo asko sortzen ditu. Aurreratuko bagenu konplexurik gabe... Esaten digute beti atzean jartzen dela euskaraz; nik hartu nahi nuke orain dela 200-300 urteko emakume bat, euskaldun petoa, adibidez, Pirinioetan bizi zena, euskara ez zuena erabiltzen modu militante batean, eta jakin nahiko nuke non jartzen zuen aditza. Agian sorpresak hartuko genituzke. Eta bigarren kontua: mesedez, aditzak sinplifikatu egin behar dira. Errealistak izan gaitezen, eta jar ditzagun aditz sinple eta errazak, jende guztiak ikasi eta erabiliko dituenak. Nik uste dut bi gai horiekin aurrerapauso handia egin daitekeela... Gero askotan hitzak moztu ere egin behar dira.
Zuzentasuna gal daiteke...
Haitao Liuk esaten du: komunikatzea lortzen baduzu, zuzena da.Valter Taulik ere esaten zuen, normalean, formak gero eta barrokoagoak eta konplikatuagoak izan, uste izaten dela hizkuntza bat aberatsagoa dela; baina horrek kostu bat du.
Euskalkiek zer toki izan dezakete prozesu horretan?
Handia, nik uste dut. Ez bakarrik euskalkiek egun; diakronikoki badaude euskalkiak eskaintzen dituztenak forma askoz errazagoak: adibidez, potentzialetan, edo hainbat eta hainbat formatan.
Eta formetan errazena hautatzea da gakoa?
Hori da. Askotan politikariak ikusten ditut, edo ETBko esatariak... Sufritzen ikusten ditut... Poliki, edo orain ergatibo bat datorrela pentsatzen. Ez daude zentratuta esaten ari diren horretan, eta hori frakaso bat da.
Mikel Mendizabal. Hizkuntza irakaslea
«Jar ditzagun aditz errazak, jende guztiak erabiliko dituenak»
'Euskara orain. Eraginkortasuna helburu' lana atondu du Mendizabalek, euskararen egoera ikuspegi «ezohiko» batetik aztertze aldera. Aurrez ere ozen egina zuen euskara «sinplifikatzeko» eskea: berritu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu