Euskal Herria ama lurrari eginiko erasoen eredu da. Hori da Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak azken lanean atera duen ondorioetako bat. Lurra, zorua bailitzan (Txalaparta) liburua idatzi du Petxarromanek, Euskal Herriko ingurumenari eta azpiegiturei buruzko saiakera. Atzo aurkeztu zuten liburua, Donostian, eta esan zuen Euskal Herriak ez diola hondamendi baten mehatxuari ihes egiten: «Egunotan Japonian gertatzen ari denak ongi azaltzen du nolako harremana dugun ingurumenarekin eta lurrarekin: itsukeria eta zuhurtziarik eza».
Iñaki Barcena EHUko irakaslea eta Sabino Ormazabal Argituz-eko kidea izan ziren, besteak beste, aurkezpenean. «Euskal Herriaren argazki bat egin nahi izan dut, baina ez guri gustatzen zaiguna», azaldu du Petxarromanek. Izan ere, datu adierazgarriak jaso ditu liburuan: 30 urtean, Hego Euskal Herrian, hirukoiztu egin da artifizial bihurtutako lur kopurua, %47an handitu da klima aldaketa eragiten duten gasen isurketa, eta 20 urtean bikoiztu egin da herritar bakoitzak sortzen duen zabor kopurua. Liburuak azaleratzen duen irudia «oso gogorra, dramatikoa» dela dio hitzaurrean Iñaki Antiguedad EHUko irakasleak.
Euskal Herrian ere hondamendiak gerta daitezkeela ohartarazi du Petxarromanek, eta, horretarako, Garoñako zentral nuklearra, Itoizko urtegia eta zentral kimikoak aipatu ditu. «Zer gertatzen ari da egunero Zabalgarbin errauts bihurtzen ditugun milaka tona hondakinekin? Nora doaz minbizia eragiten duten dioxina, furano eta gainerako metal astunak?», galdetu du.
Eredua, gehiago ezin emanik
Petxarromanen arabera, gaur egungo energia ereduarenak egin du: «Erregai fosilak bukatzear daude, eta energia atomikoak badakigu zer dakarren». Hala, eredu «guztiz ezberdin bat» martxan jarri behar dela irizten dio: «Ezinbestez, gutxiago kontsumitu behar dugu». Hori bera da liburuaren sarreraren amaieran azaltzen duen ideia: «Has gaitezen atzera».
Deshazkundearen alde egitearekin batera, hainbat enpresaren jarrera eta hizkuntza «biluztera» deitu ditu herritarrak: «Hizkuntzaren erabilera maltzurraren azpian, has gaitezen proiektuei dagokien moduan deitzen: errauste planta ez da energia balioztatzeko planta; Pasaiakoa ez da eko-portua; garapen eredu hau ez da iraunkorra».
«Ez gara liderrak ezertan. Izatekotan, naturari eta ama lurrari eginiko erasoetan gara eredu», esan du Petxarromanek. Hala ere, baikor izateko arrazoiak ere atzeman ditu: «Errauste plantaren aurkako mugimendu bat dago, aukerak eskaintzen dituena; kontsumo taldeak gero eta ugariagoak dira». Gainera, egungo ereduarenak egin duela iritzita, beste eredu bat nagusituko dela uste du.
Japonian gertatutako hondamendiari erreferentzia eginez, liburuak gaurkotasun handia duela nabarmendu du Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak. Haatik, «gurean ere gai horiek etengabe ditugu», gogorarazi du. «Falta zaigun panoramika orokorra ematen du liburuak», adierazi du Sotok.
«Japonian gertatuak ongi erakusten du gure itsukeria eta zuhurtziarik eza»
'Lurra, zorua bailitzan' liburua aurkeztu du Iñaki Petxarromanek; azpiegiturak eta ingurumena ditu ikergai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu