Eskoletako jangelak. Kudeaketa auzitan

JANTOKIKO LEZIOA GAINDITU EZINDA

Eskoletako jangelen inguruko eztabaida areagotu egin da azkenaldian, EAEko Auzitegi Nagusiak zazpi catering enpresari jarritako isunaren ostean. Menuen kalitatearen inguruan kezka adierazi dute hezkuntza sektoreko eragileek, eta eredua berritzeko eskatu diote administrazioari.

Ion Orzaiz - Ibai Maruri Bilbao
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Zer bazkaltzen dute Euskal Herriko ikasleek eskolako jantokian? Produktu freskoetan oinarritutako elikadura eskaintzen diete, ala plastikoan bildutako prozesatuak? Non prestatzen dute bazkaria: eskolan bertan, ala kanpoko enpresa baten sukalde industrialetan? Janariak izan dezakeen balio pedagogikoa baliatzen al dute ikastetxeetan? Nork kudeatzen du zerbitzua? Eta nola? Azkenaldian, gero eta guraso elkarte gehiago ari dira galdera horiek planteatzen. Kezka eragiten du, besteak beste, azpikontratatutako enpresen kontzentraziorako joerak —catering enpresa gutxi batzuen esku dago eskola jantokien sektore osoa—; hezkuntza komunitatearen erabakitzeko ahalmenik ezak; eta, batez ere, janariaren kalitateak.

Auzia, dena den, ez da berria. 1990eko hamarkadan hasi ziren administrazioak horren inguruan gogoeta egiten, eta hurrengo hamarkadan ezarri zen gaur egun indarrean den kudeaketa sistema. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, 2000. urtean arautu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokien kudeaketa.

Ordura arte, ikastetxe publiko gehienek ez zuten jantoki zerbitzua eskaintzen —jantokia ez baitzen nahitaezko zerbitzua sare publikoan—; hortaz, eskaintza zabaltzea eta orokortzea izan zen helburua. Kudeaketa zentralizatu egin zuten: ordutik, Hezkuntza Sailarena da zerbitzua kontratatzeko ardura, lau urtean behin egiten den lizitazio baten bidez.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak 2017an argitaratutako txostenaren arabera, zazpi catering enpresak kudeatzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako 500 jantokiak. Horietatik, Ausolan taldeak (Auzolagun, Magui eta Goñi enpresak biltzen ditu) dauka pastelaren zati handiena —merkatu kuotaren %66—, eta gainontzeko lau enpresen artean banatzen da sektorearen %34.

Ikastetxeen heren batek, gutxi gorabehera, sukalde propioa dauka; halakoetan, lehengaiak eramaten dituzte enpresek, eta bazkaria —guztia edo zati bat, bederen— eskolan bertan prestatzen dute. Kasuen %66tan, berriz, aurretik prestatutako janaria eramaten dute eskoletara, hotzean ala beroan.

Bitxia badirudi ere, catering enpresen bidez kudeatutako eredu horri «zuzeneko kudeaketa» esaten dio Jaurlaritzak —administrazioaren esku dagoelako—; eta «zeharkako kudeaketa», berriz, ikastetxeek beraiek eginikoari. Gutxienekoak dira horiek.

Hezkuntza alorreko eragile ugarik kritikatu egin dute catering enpresa handietan oinarritutako sistema, eta eredua berritzeko eskatu diote administrazioari. «Kalitate eskasak kezkatzen gaitu», azaldu du Gure Platera Gure Aukera ekinbideko ordezkari Eneko Viñuelak. EHIGEk sustatutako plataforma da, eta, bertan, bat egin dute sektoreko hainbat eragilek: besteak beste, Sortzen, Steilas, LAB, ESK, Bidezko Elikadura eta Berton Bertokoa.

Catering enpresa handietan oinarritutako sistemaren aurka azaldu da Gure Platera Gure Aukera, hasieratik: «Lehengaietan dirua aurrezten dute enpresa handiek, eta ez dute kalitate ona bermatzen. Negozioa ikusi dute hor, baina gure seme-alaben elikadurak ez luke negozio bat izan behar. Ezin da egon enpresen interes ekonomikoen menpe». Catering enpresek, aldiz, euren menuak «orekatuak, nutritiboak, sasoian sasoikoak eta osasungarriak» direla diote.

Guraso elkarteen eta bestelako eragileen ezinegonari erantzunez, auziari buruzko batzorde bat abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2017ko abenduan, eta ekarpenak egitera gonbidatu zituen eragile horiek. Batzorde hartan eztabaidatutakoaren gainean, erabaki bat hartu zuen aurtengo urtarrilean: 2019-2020 ikasturtetik aurrera, guraso elkarteei aukera emanen zietela eskoletako jantokien kudeaketa osoa beren gain hartzeko. Eragileek ezezko borobila eman zioten proposamen hari, eta Hezkuntza Sailak atzera egin zuen.

«Jaurlaritzak aldebakarrez hartu zuen erabakia, batzordean esandakoari jaramonik egin gabe, eta guk ezetz esan genion, guraso elkarteek ezin dutelako ardura hori beren gain hartu. Janaria, langileak, eredu pedagogikoa... zentzugabea da hori guztia eragile boluntario edo altruisten esku uztea. Ezin zaie exijitu lan karga hori beren bizkar hartzeko», berretsi du Viñuelak.

Gure Platera Gure Aukera plataformako kideak argi du kudeaketa eredu berria behar dela, baina «partekatua» izan beharko dela: «Egungo eredua aldatu nahi dugu, enpresa handien menpe egon ez dadin, baina irtenbidea ez da guraso elkarteak patronal bihurtzea; Jaurlaritzak ere berea egin beharko du».

BERRIA saiatu da Eusko Jaurlaritzako arduradunen iritzia ere jasotzen, baina Hezkuntza Sailak uko egin dio egunkari honen galderei erantzuteari.

Zigorra enpresei

Maldan behera doan elur bolaren gisara, jangelei buruzko eztabaida handitzen eta handitzen ari da azkenaldian. Gurasoen ezinegona Euskal Herri osora hedatu da, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azaleratu dira protestak, lehiaketa publikoarekin izandako iskanbilen harira.

Hezkuntza eragileek askotan salatu dute sistemak «gardentasun eskasa» duela, eta hori agerian gelditu zen 2016ko otsailean: Lehiaren Euskal Agintaritzak 18,4 milioi euroren isuna ezarri zien zazpi catering enpresari —gerora, isuna 7,3 milioira murriztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak—, merkatua haien artean banatzeagatik. Frogatutzat jo zuen enpresek prezioak adostu zituztela hamar urtez, eta Jaurlaritzaren «prebentzio faltaz» ohartarazi zuen. Bestalde, Elkarrekin Ahal Dugu-k berriki argitaratutako txosten baten arabera, zazpi enpresa horiek adostutako gainkostua %10 izan zen, eta amarru horri esker, 70 eta 80 milioi euro arteko irabaziak lortu zituzten.

Iaz, auzia ikertzeko batzordea osatu zen Eusko Legebiltzarrean, eta bertan parte hartu zuten, Cristina Uriarte egungo sailburuaz gainera, 2003tik Hezkuntza Saileko buru izandako hiru arduradun politikoak: Anjeles Iztueta, Tontxu Campos eta Isabel Zelaa. Denek azpimarratu zuten ez dutela inolako erantzukizun politikorik enpresen auzian, eta Jaurlaritzaren jokabidea legearen araberakoa izan dela une oro. Are gehiago: Uriartek azaldu zuen «kontrol zorrotzak» egiten dituztela ikastetxe publikoetako jantokietan: «Iaz, 508 jantokitan egin ziren auditoriak, aurretik abisatu gabe, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko». Kontrol sistema berri honek Lehiaren Euskal Agintaritzaren oniritzia jaso duela eta «kontratazio publikoko baldintza guztiak» bete dituztela gaineratu zuen sailburuak.

Hala ere, hezkuntza sektoreko eragileak ez dira fio. «Enpresen kartelak sortu izan dira, prezioak adosteko, baina Jaurlaritzak dio ez dagoela arazorik, eta egungo ereduak funtzionatzen duela», kritikatu du Viñuelak.

Sektorearen kontzentraziorako joerarekin batera, ordea, lehengaien kalitateak eta janaria prestatzeko moduak kezkatzen ditu EHIGE, Sortzen, Bidezko Elikadura eta hezkuntzaren eta elikaduraren esparruetako beste hainbat eragile. «Janariaren jatorriarekin arduratuta gaude, baina baita janaria prestatzeko moduarekin ere. Enpresa handietan, zentralizatuta dago prozesua: industrialde bateko sukalde erraldoietan frijitzen dituzte kroketak edo hanburgerrak 04:00etan, eta 13:00ak arte ez dituzte eskoletako jantokietan zerbitzatzen. Horrek kezka sortzen digu», azaldu du Viñuelak.

EHIGEk, 2017ko txostenean, Bizkaiko eskola jantokietako menuen analisia egin zuen, eta hobekuntzarako tartea antzeman zuen: «Menuetan fruta eta barazki gehiago eskaini behar dira, eta arrautza eta arrain urdin eskaintza handitu; gutxitu egin behar dira haragia, pureak, janari frijitua eta esnekiak postrean, eta azukredunak, berriz, kendu».

Jangela, ikasteko eremu

Hezkuntzako eragile askoren irudiko, bestalde, indarrean den catering bidezko ereduak urrundu egiten ditu jantokia eta hezkuntza komunitatea bera: «Jantokia, askotan, basamortu bat da», azaldu du Nahia Idoiaga irakasleak. Psikologian doktorea eta Bilakaera eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. «Hezkuntza proiektu itzelak dituzte eskola askok, baina inor ez da gogoratzen jantokiarekin».

Horregatik, uste du bazkaltzeko tartea hezkuntza proiektuan barneratu beharko litzatekeela. «Jantokia, gaur egun antolatua dagoen moduan, ez da hezkuntza proiektuaren parte, kontziliaziorako tresna bat baizik; hezitzaileei ez zaie formakuntzarik eskaintzen, kontratu prekarioak dituzte, eta zerbitzuak ez du helburu pedagogiko definiturik».

Horretan bat dator Viñuela ere: «Sukalde propioa duten eskoletara sartu eta berehala nabaritzen duzu janariaren usaina. Eta hori ere pedagogia da! Nondik datorren arraina, nondik haragia, barazkiak... Harreman zuzena eskaintzen du sukaldeak lehen sektorearekin, eta hori berreskuratu egin behar dugu, jantokia eskoletako lehentasunezko zerbitzu bihurtuta».

Idoiagaren aburuz, harago doa jantokiaren balio pedagogikoa: «Curriculumaren barruan egon beharko luke. Elikagaiei buruz ikasi ahal izango litzateke, elikadura burujabetzaren garrantziaz, sasoiko elikagaiak zein diren, nola ekoizten diren, hondakinekin zer egin... Horrez gain, elikadura osasungarria barneratzeko lekua izan daiteke, eta beste gauza batzuk ere zeharka ikas daitezke: haurren autonomia, harremanak eta zaintzarekiko errespetua, adibidez».

Zenbait enpresak eskaintzen dituzten menuekin helburu horiek lortzea «ezinezkoa» dela uste du Gure Platera Gure Aukera plataformako ordezkariak: «Janaria eskolako sukaldean bertan prestatzen denean, haurrek berehala ikasten dute horren atzean daudela pertsonak, lanbideak, bizimoduak, natura... Aurpegia jartzen diote janari horri. Aldiz, haurrari ematen badiote menu bat plastikoan bilduta, beste azalpenik gabe, horrek ez du inongo balio erantsirik. Elikadura anonimo bihurtzen da».

Hala ere, Idoiaga irakasleak uste du «aukera ugari» daudela jantoki barruko jardunari balio pedagogikoa emateko. «Era askotara egin daiteke lanketa. Eskola askotan baratzea jartzen ari dira, eta hor lantzen dena curriculumean sartzen da. Hori lot daiteke jangeletan landu beharrekoarekin, adibidez. Beste formula bat izan daiteke irakasleek ere bertan bazkaltzea, eta otorduaren inguruko gaiak elkarrekin lantzea, baina ez dut uste modu posible bakarra denik».

EHUko psikologoaren esanetan, «elkarlana» beharrezkoa da, ikasgelan, jantokian eta etxean landutako edukiak uztartzeko. «Ez dut uste jangelak bete behar dituenik etxeko hutsuneak. Aldebiko prozesua da: eskolan ikasitakoa etxera doa, eta, alderantziz, etxean ikasitakoa, eskolara. Eskolan hartzen badute jogurt naturala, inguruko baserrian ekoitzitakoa, etxera eramango dute ideia hori, eta ordura arte etxean jaten zituzten koloretako jogurtak baztertuko dituzte».

«Zein eredu nahi dugu?»

Euskal Herri osoko eskola publikoetan, catering enpresen bidezko zerbitzua da nagusi, baina badira salbuespenak ere. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola batzuetan, guraso elkarteak arduratzen dira zerbitzu osoaz. Kudeaketa zuzeneko jantokien saretik kanpo daudenez, ordea, ez dute Jaurlaritzaren diru laguntzarik jasotzen. Bestalde, proiektu pilotuak ezarri dituzte Gernika, Mungia, Markina eta Urduñako (Bizkaia) zenbait ikastetxetan: guraso elkarteak arduratzen dira hornikuntzaz, eta Hezkuntza Saila, berriz, kontratazioez.

Nafarroan, guraso elkarteen esku dago zerbitzua eskaintzea. Nafarroako Gobernuak, berriz, jantokirako laguntzak ematen dizkie 10.000 bat ikasleri: euren herritik kanpoko ikastetxe batera doazenak eta bazterketa edo pobrezia egoeran direnak, hain zuzen. Nafarroako guraso elkarte gehienek catering enpresetara jotzen dute, baina badira zerbitzua zuzenean eramaten dutenak ere, edota, zerbitzua kanpoko enpresa bati kontratatuta ere, zenbait baldintza jartzen dizkiotenak; besteak beste, produktu freskoak eta gertukoak erabili beharra, eskolako sukaldean kozinatzea...

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, azkenik, herriko etxeen eskumena da 3 eta 12 urte bitarteko ikasleentzako kantina zerbitzua bermatzea, eta, herri askotan, udal sukaldeetan prestatzen da janaria. 12 eta 16 urte bitarteko ikasleak hartzen dituzten kolegioen kasuan, berriz, departamentuak arduratzen dira jantoki zerbitzuaz; eta lizeoetako jantokien kudeaketa eskualdeen esku dago. Erakunde publiko horiek catering enpresak kontratatzen dituzte, baina baldintza zorrotzak ezartzen dizkiete, lehengaien kalitatea bermatzeko.

Aukera horiek guztiak —eta Europako beste herrialde batzuetan ezarriak dituztenak— aintzat hartzeko eskatu du Gure Platera Gure Aukerak, aurrera begira: «Zein eredu nahi dugu? Badakigu eskola jantokien zerbitzua izugarri hazi dela azken hamarkadan, eta ezinezkoa dela EAEn egunero kontsumitzen diren 33.000 menuak bertoko lehengaiekin soilik osatzea, gure ekoizpen gaitasuna mugatua delako. Hala ere, kexak gero eta ugariagoak dira, eta ezin dugu ez ikusiarena egin. Zer eta nola jan erabakitzeko ahalmena, behintzat, berreskuratu behar dugu».

«Jaki frijitu gehiegi jaten dute etxean; beraz, eskolan ez dira komeni»

Eredu anitz erretiluan

Parte izan nahi dute, baina gero eta aparteago daude

Merkatu eta harrobi baserritarrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.