Gaur arratsaldean jakinarazi du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Jakinmin praktika filosofikoen elkarteak jasoko duela Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka, Hernaniko Udalarekin batera ematen duena. 12.000 euroko laguntza bat da. Horren bidez, metodologia bat garatuko dute hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte hartzaileak sustatzeko. Euskal Herriko ikastetxe guztien eskura jarriko diren lau gida praktikoren bidez mamituko dute lana.
Saritutako proiektuaren izena: Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia. Ikasleengan eragin nahi dute lanarekin: haiengan hausnarketarako gaitasuna, elkarbizitza eta erabaki prozesuetan parte hartzea sustatzea da asmoa. Irakasleengan ere bai: hausnarketa pedagogiko eta kalitatezko erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzea lortu nahiko dute.
Sari banaketa ekitaldian Hernaniko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Axier Mingo izan da, Hik Hasiko ordezkariekin eta Joxe Mari Auzmendi zenaren senitartekoekin. Jakinmin elkartearen izenean Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya izan dira ekitaldian. Auzmendi 2020ko otsailaren 13an hil zen. Hik Hasiren aldizkariaren eta egitasmo pedagogikoaren sortzaileetako bat izan zen, eta hark goldatutako bideetan aurrera jarraitzea da beka honen helburuetako bat.
Epaimahaiak nabarmendu du lan «osatua» dela Jakinmin elkartearena. Hik Hasik argudiaketa hau eman du ohar baten bidez: «Gaur egun hutsune handia antzematen den bi eremuri erantzutera dator: batetik, ikasleek hausnartzeko duten gaitasun gabezia eta euren artean dituzten bizikidetza arazoak, eta, bestetik, irakasleen klaustroetan erabakiak hartzeko metodologia parte-hartzaileen gabezia».
Aurrena Bilboko Zurbaran eskolan jarriko dute praktikan proiektua Jakinmin elkarteko kideek, eta bi urteren buruan Euskal Herriko ikastetxe guztiek eskuragarri izango duten tresna bat garatzea da asmoa.
Hik Hasik jakinarazi du aurten denera hamar egitasmo aurkeztu dituztela beka deialdira. Pozik dago emaitzarekin.