Atzoko egunez duela 30 urte sinatu zuten HBk ez gainerako alderdiek Ajuriaeneko Ituna. Hipercor supermerkatuaren eta Zaragozako kuartelaren aurkako atentatu odoltsuen ostean sinatu zen ituna, eta ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean Aljerren egin ziren negoziazioen atarian.
Sorrera
1988ko urtarrilak 12. Euskadi Normaltzeko eta Baketzeko Hitzarmena 1988ko urtarrilaren 12an sinatu zen, Ajuriaeneko jauregian. Urtarrilaren 10, 11 eta 12ko bilera luzeen ostean lortu zen akordioa.
Partaideak
Sei alderdi. Herri Batasunak uko egin zion Ajuriaeneko itunean parte hartzeari, eta akordioa gainerako alderdien artean sinatu zen. Jose Antonio Ardanza lehendakaria buru zela, EAJko Xabier Arzalluzek, PSEko Txiki Benegasek, EEko Kepa Aulestiak, EAko Inaxio Oliverik, APko Julen Gimonek eta CDSko Alfredo Marco Tabarrek izenpetu zuten dokumentua.
Itundutakoa
Indarkeriaren gaitzespena. Itunak ETAren indarkeria arbuiatzen zuen, eta Eusko Jaurlaritza jartzen zuen bakea lortzeko arduradun nagusi. Halaber, indarkeria amaitzeko bide gisa, poliziak eta gobernuen eta justiziaren arteko lankidetza babesten zituen. Horrez gain, indarkeria erabiltzen zutenei eta hura babesten zutenei dei egiten zieten hura tresna politiko gisa erabiltzeari uko egiteko eta «bide demokratikoen» alde egiteko.
Elkarrizketa. Itunaren 10. puntuak indarkeriaren amaiera elkarrizketatua babesten zuen ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean, baldin eta ETAk borondate «garbia» erakusten bazuen indarkeria amaitzeko.
Estatutuaren garapena. Gernikako Estatutuaren defentsa jaso zuten akordioan, hura osorik garatzeko konpromisoa hartuta.
Ibilbidea
35 bilera. 1988ko urtarrilaren 12an Ajuriaeneko Ituna sinatu zenetik 1998an hura bertan behera geratu zen arte, mahaiko kideak 35 bider bildu ziren. Gorabeheratsua izan zen haren ibilbidea: esaterako, hamalau bilera egin zituen lehenbiziko bost urteetan, eta 1990ean bat bera ere ez.
JAKINGARRIAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu