2008an plazaratu zuten Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoa lehen aldiz. Antton Belakortu EAko zinegotziak aurkeztu zuen. Udalak sei hilabeteko prozesua hasi zuen, herritarren iritziak biltzeko. Azkenean, udal talde guztiek onartu zuten. Baina, 2011ko udal hauteskundeak zirela medio, prozesua eten egin zen. Javier Maroto PPren hautagaiak eskuratu zuen alkatetza, eta iazko abuztuan Encina Serrano Kultura arduradunak esan zuen proiektuak ez zuela jarraituko. «Bilduk zalaparta pixka bat atera zuen udaletxean, gaia ez alboratzeko», ekarri du gogora Iñaki Lazkanok. Ostalari ibilitakoa da Lazkano, Gasteizko alde zaharrean. Proiektua bertan behera gera zitekeela sumatutakoan, plataforma bat osatu zuten, eta txosten bat egin zuten alkateari aurkezteko. «Ordutik, iazko azarotik, zain gaude. Ia urtebete igaro da, eta ez dakigu alkateak benetako borondaterik baduen edo ez. Ez du ezezkorik eman, baina ez du ezer egin egitasmoaren alde ere», azaldu du. Gerora, herritar talde horrek aurkeztu du Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma, eta sinadurak bildu ditu proiektuaren alde.
Herritarrek nola hartu dute zuen ekimena?
Sinadurak eskatzen aritu ginenean oso harrera ona izan genuen herritarren aldetik, jendearengan sumatzen da antzokiaren beharra. Gainera, uda aurretik inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitara eman ziren, eta Gasteizen ateratako ondorio nagusia izan zen ezagutza hazi dela baina erabilera ez horrenbeste. Erabilera indartzeko proiektuetako bat litzateke hau.
Krisi garaian finantzaketa arazoak omen dira nagusi...
Hala da, baina uste dugu proiektu honetarako dirua egon badagoela. Duela urte batzuk auditorium bat egiteko asmoa zegoen, baina ez zen aurrera atera, eta proiektu horretarako gordetako dirua Ensanche 21 elkarteari eman zioten. Diru hori hiriko azpiegituretarako bakarrik erabil daiteke, eta kafe antzokia da azpiegituretako bat.
Nolako kafe antzokia nahi duzue?
Bi esparru izango dituen kafe antzokia irudikatzen dugu: aisialdirako esparrua izango dena, eta euskararen etxea. Araban euskarak izan duen garapena ezagutzera emateko erakusketa finko bat egotea gustatuko litzaiguke. Bestalde, sorkuntzarako leku bat herritarrei eskaintzea ere interesgarria da. Hitzaldi edo bilera gela bat ere ikusten dugu, Gasteizko euskalgintzak erabil dezan. Eraikinak asko baldintzatuko lituzke ideia horiek guztiak, baina argi daukagu ostalaritza ekimenak lagundu dezakeela gainontzekoa aurrera ateratzen.
Iñaki Lazkano. Kafe Antzokiaren Aldeko Plataformako kidea
«Jakin nahi dugu alkateak egiaz borondaterik baduen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu