Jakes Esnali eskumuturreko elektronikoa kendu diote

Ion Paroten gisara baldintzapeko askatasunean gelditu da, eta neurri zorrotzak bete beharko ditu ondoko hamar urteetan

Jakes Esnal, iazko urrian, Lannemezango presondegitik atera zenean. ETXERAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 18a
14:04
Entzun

Urrats bat gehiago eman du askatasunerantz Jakes Esnal euskal presoak. Etxerat-ek jakinarazi duenez, iaztik ezarria zuen eskumuturreko elektronikoa kendu diote Baionako presondegian, joan den astean Ion Parotekin egin zuten modura. Baldintzapean aske gelditu da Esnal, eta berak ere neurri zorrotzak bete beharko ditu ondoko hamar urteetan. Egoera berean da Frederique Haranburu Xistor ere.

Iazko urriaren 18an atera zen Lannemezango (Okzitania) presondegitik Esnal, Frantziako hainbat presondegitan 32 urte baino gehiago eman ondotik. Urteetako batailaren ondotik, Parisko Dei Auzitegiak iazko irailean onartu zien baldintzapean aske ateratzeko aukera hari eta Paroti. Ordutik, etxean egon behar izan du froga gisa. Gaur egun, 73 urte ditu.

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Jakes Esnal, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. Frantziako Poliziak sarekada zabala egin zuen Lapurdiko hainbat herritan. Orduan atxilotutako hiru pertsona bizi osorako zigorrera kondenatu zituzten 1997an Parisen egin zieten epaiketan: Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederique Haranburu Xistor. Gaur egun, presondegitik kanpo dira hirurak.

Azken urteetan, behin baino gehiagotan eskatu dute Esnal, Parot eta Haranburu askatzeko, eta mobilizazio andana antolatu dituzte preso horien sostenguz. Iazko uztailean, Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten Bakegileek egun oso batez, Frantziako Gobernuari eskatzeko Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egin ditzala. Paroten eta Esnalen askatasuna onartzea lehentasuntzat zutela adierazi zuten orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.