Jakes Esnal euskal presoari eskumuturreko elektronikoa kendu diote

Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Urrats bat gehiago egin du askatasunerantz Jakes Esnal euskal presoak. Etxerat-ek jakinarazi duenez, iaztik ezarria zuen eskumuturreko elektronikoa kendu diote Baionako presondegian, joan den astean Ion Parotekin egin zuten modura. Baldintzapean aske gelditu da Esnal, eta berak ere neurri zorrotzak bete beharko ditu ondoko hamar urteetan. Egoera berean da Frederique Haranburu Xistor ere.

Iazko urriaren 18an atera zen Lannemezango (Okzitania) presondegitik Esnal, Frantziako hainbat presondegitan 32 urte baino gehiago eman ondotik. Urteetako batailaren ondotik, Parisko Dei Auzitegiak iazko irailean onartu zien baldintzapean aske ateratzeko aukera hari eta Paroti. Ordutik, etxean egon behar izan du proba gisa. Gaur egun, 73 urte ditu.

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Jakes Esnal, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. Frantziako Poliziak sarekada zabala egin zuen Lapurdiko hainbat herritan. Orduan atxilotutako hiru pertsona bizi osorako zigorrera kondenatu zituzten 1997an Parisen egin zieten epaiketan: Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederique Haranburu Xistor. Gaur egun presondegitik kanpo dira hirurak. Azken urteetan, sarri eskatu dute Esnal, Parot eta Haranburu askatzeko, eta mobilizazio andana antolatu dituzte horien alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.