Jakes Esnal etxera itzuli da, 32 urte Frantziako espetxeetan egon ondoren

Irailean onartu zioten baldintzapeko askatasun eskaera, prozesu luze baten ondoren. Etxean segituko du zigorra betetzen

Jakes Esnal euskal presoa, atzo goizean, senideek inguratuta. ETXERAT.
Erredakzioa
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Joan zen astean Ion Kepa Parot Mureteko (Okzitania) espetxetik atera zen bezala, Jakes Esnalek atzo goizean utzi zuen Lannemezango (Okzitania) presondegia. Irailean onartu zieten bi euskal presoei baldintzapeko askatasun eskaera, prozesu luze baten ondotik. 32 urte baino gehiago eduki dute kartzelan ziburutarra.

Baldintza zorrotzetan utzi dute libre, ordea, Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteak zabaldu duenez. Izan ere, eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du, etxean zigorra betetzen jarraitzeko. «Dena ongi baldin badoa, baldintzapean aske geratuko da hemendik urte batera», adierazi du Etxerat-ek.

Pozez eman du albistea euskal presoen senideen elkarteak, eta nabarmendu du batik bat herritarren ahaleginak eta temak lagundu dutela Paroten askatasuna erdiesten. «Bazen garaia! Haranburu eta Paroten kasuetan bezala, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakundeen eta herritarren bultzadak zerikusi handia izan du haien askatasuna lortzeko, horregatik eskertu nahi dugu egindako ahalegina eta lana».

Azken urteotan, Ipar Euskal Herrian mobilizazio ikusgarriak izan dira Parot eta Esnal kartzelatik atera zitzaten galdegiteko, hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da, esate baterako, Bakegileek deiturik uztailaren 23an eginiko protesta. 2.000 ekintzaile inguruk erdiz erdi blokeatu zuten Ipar Euskal Herria, bide nagusiak trabatuz.

Orduko hartan jadanik irmo aldarrikatu zuten bi euskal presoek aske behar zutela. «Ikusi duzue: crescendo batean gara, determinazio osoa daukagu, eta, kosta ahala kosta eta manera handiagoan, segituko dugu Ion eta Jakes etxean izan arte eta euskal preso guztiei aterabidea eman arte», adierazi zuen Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak. Gaurtik, bada, espetxetik kanpo dira biak ala biak. Irailean, Bakegileek iragarri zuten gogoeta bat abiatuko dutela hemendik aitzinako erronkak definitzeko. Gatazkaren iturrietara jotzeko beharra azpimarratu zuten Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek Esnal eta Paroten askatasunaren berri izan ondotik irakurri zuten adierazpenean: «Gaurkoan, Frantziako eta Espainiako estatuei ozenki dei egin nahi diegu, eta bake prozesuan aktiboki inplikatu daitezela eskatzen diegu, justizia trantsizionalari begirako dispositibo bat martxan jarriz. Horrek biktima guztien onarpena, beren eskubideen onarpena, egia eta gatazkaren iturrien identifikazioa bermatuko ditu», adierazi zuten

71 urte ditu Esnalek. 1999an epaitu zuten ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta, eta biziarteko zigorra eman zioten. 2008tik zuen aske geratzeko aukera, baldintzapean, baina behin baino gehiagotan bota dituzte atzera egin dituen eskaerak. Azken urteetan behin baino gehiagotan salatu dute terrorismoaren kontrako fiskaltzaren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.