Joan zen astean, Ion Kepa Parot Mureteko (Okzitania) espetxetik atera zen, eta gaur goizean Jakes Esnal utzi dute libre Lannemezaneko (Okzitania) espetxetik. 32 urtez eduki dute preso ziburuarra.
Baldintza zorrotzetan utzi dute libre, ordea, Etxerat presoen aldeko elkarteak zabaldu duenez. Izan ere, eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du, etxean zigorra betetzen jarraitzeko. «Dena ongi baldin badoa, baldintzapean aske geratuko da hemendik urte batera», adierazi du Etxerat-ek.
Esnalek 71 urte ditu. Fiskaltzak haren aurka jokatu izan ez balu, 2020ko maiatzetik behar zuen libre.
Pozez eman du albistea Etxerat-ek, eta nabarmendu du batik bat herritarren ahaleginak eta temak lagundu dutela Paroten askatasuna erdiesten. «Bazen garaia! Haranburu eta Paroten kasuetan bezala, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakunde eta herritarren bultzadak zerikusi handia izan du haien askatasuna lortzeko, horregatik eskertu nahi dugu egindako ahalegina eta lana».
Azken urteotan, Ipar Euskal Herrian mobilizazio ikusgarriak izan dira Parot eta Esnal kartzelatik atera zitzaten galdegiteko, hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da, esate baterako, Bakegileek deiturik uztailaren 23an eginiko protesta. 2.000 ekintzaile inguruk erdiz erdi blokeatu zuten Ipar Euskal Herria, bide nagusiak trabatuz.
Ikusi gehiago: Parisen erantzunaren beha
Orduko hartan jadanik, irmo aldarrikatu zuten bi euskal presoek aske behar zutela. «Ikusi duzue: crescendo batean gara, determinazio osoa daukagu, eta, kosta ahala kosta eta manera handiagoan, segituko dugu Ion eta Jakes etxean izan arte eta euskal preso guztiei aterabidea eman arte», adierazi zuen Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak. Gaurtik, bada, espetxetik kanpo dira biak ala biak.
Ikusi gehiago: Espetxetik atera da Ion Parot