Jaizkibiaren desagertzea aztertzen ari dira erakundeak

2,7 milioi euro fakturatu nahi dizkio Pasaiako Portu Agintaritzak Jaizkibiari; Gipuzkoako Diputazioa ez dago ados

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, kanpoko kaia egitea zen Jaizkibiaren asmo nagusia. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
2,7 milioi euroko zorrarekin, desagertzeko bidean da Jaizkibia elkartea. Orain, desegite prozesua nola egin aztertzen ari dira erakundeak. Espainiako Administrazioak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Donostiako, Pasaiako, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo, Hondarribiako eta Irungo udalek osatzen dute elkartea. Pasaiako Portu Agintaritzak 2,7 milioi horiek fakturatu nahi dizkio Jaizkibiari, eta gai horren gaineko eztabaida mahai gainean dute erakundeek. «Gipuzkoako Foru Aldundia eta udal gehienak ez daude fakturazio horrekin ados», azaldu du Juan Karlos Alduntzin diputatu nagusiaren kabineteburuak.

Jazkibiaren webguneak jasotzen duenez, honako helburu hauek zituen eratu zutenean: «Pasaiako badiako ingurunean bizi edo lan egiten dutenen bizi-baldintzak hobetzea, eta, bestalde, Jaizkibelgo korridore intermodalaren azpiegiturak sistema koherente baten barruan egokitu eta eguneratzea. Hori lortzeko, Jaizkibiak hirigintza, ingurumena eta garraioa integratzen dituzten jardunak koordinatzeko eta egikaritzeko ardura hartu du». Foru Aldundiko ordezkariaren ustez, estatutuek azaltzen dute Jaizkibian lehentasuna azpiegiturek izan dutela: «Azpiegitura horiek sortzea erraztea izan du helburu, biziberritzea baino gehiago. Uste dugu kanpoko kaia egitea eta bestelako azpiegitura batzuk bultzatu nahi zituela».

Jaizkibia eratzeko lau milioi euroko hasierako kapitala jarri zuten erakundeek.

Jaurlaritzaren erantzuna

Apiril hasieran, PSE-EEk Jaizkibiaren «disoluzio prozesuari» buruzko argibideak eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzari. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak idatziz erantzun zion Jesus Maria Zaballos de Llanos legebiltzarkide sozialistak egindako galderari: «Badia leheneratzeko jarduera eraginkor horri ekiteko, ezer baino lehen, beharrezkoa da jarduera horretan parte hartu beharreko erakundeen adostasuna izatea. Modu koordinatu eta ordenatuan egin behar da lan, ahalik eta emaitzarik onena eta erakundeen jardueren eta inbertsioen sinergia egokiak lortzeko». Oregiren ustez, eragileen eta gizartearen parte hartzea, batez ere eragindako udalerrietako biztanleena, «funtsezkoa» da lanak ahalik eta egokienak izan daitezen.

Erakundeen arteko akordioa sustatzeko fasean daudela azaldu zuen Ingurumen sailburuak. «Badaukagu asmoa leheneratze horretarako diren proiektuetan inbertsioak egiteko, baina, proiektu horiek egokiak eta adostuak izan behar dutenez, proiektuak behar bezala zehaztu beharko dira. Horren ondorioz, erabilgarri dauden finantza baliabideak mugatuko dira».

Eusko Legebiltzarrean, Pasaiako kanpoko portua eraikitzeko proiektua bertan behera uzteari buruz UPDk aurkeztutako legez besteko proposamena eztabaidatu behar zuten atzo, baina beste baterako uztea erabaki zuten.

Badia biziberritzea

Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburuaren iritziz, Pasaiako badiaren biziberritze prozesuak herritarren beharrei erantzun behar die: «Prozesuaren abiapuntuan lurraldearen egitura gabeziak hartu behar dira kontuan, garapen basati batek zigortua izan baita».

Etorkizunari begira, Gipuzkoako Diputazioak planteatzen du Herrerako lurzorua Pasaiako «beharren eta erregenerazioaren aldeko zoru publiko» bihurtzea. «Horrek lehentasunezkoa beharko luke administrazio guztientzat. Diputazioarentzat, behintzat, lehentasuna da, eta gure gitekoa beteko dugu epe laburrean errealitate bilaka dadin. Ikusiko dugu gainontzeko erakundeak bide horretan edo iraganean kateatuta dauden».

Pasaiako portuaren martxari eutsi eta badia bere onera ekartzeko «errealitate berrietara» egokitu behar dela uste du Alduntzinek. «Ezin da badia ulertu portuaren jarduera gabe, baina jarduera hori ezin da garatu orain arte bezala. Garaiak aldatu egin dira, eta kaiak zerbitzatu behar duen errealitate sozioekonomikoa ere bai. Portuko jarduerak ingurumena eta inguruko pertsonak errespetatu behar ditu».

Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, Pasaiako badiaren biziberritzea legegintzaldi honetako lehentasunen artean sartu du Ingurumen Sailak. «Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren jarduerak bultzatuko ditu, horretan zerikusirik duten erakunde eta eragileek modu koordinatuan lan egin dezaten. Eta itun esparru bat egon dadin, badiaren erregenerazioa errealitate bilakatzeko». Dauden beharrei erantzungo dieten gizarte eta ekonomia neurriak aktibatu behar direla uste du Jaurlaritzak.

Asteartean, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak eta Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Ricardo Peñak bilera egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.