Hondarribiko alardea

Jaizkibel, ukatu nahi dizkioten eremuak irabazten

Lehenengo aldiz desfilatu du Jaizkibelek konpainia gisa, eta alarde baztertzaileak bizkarra eman dio: udalaren ebazpena bete ez, eta ez da Jaizkibelen ondoan egon hura Gernikako Arbolatik atera denean.

Jaizkibel konpainiaren desfilea, gaur, Hondarribiko Kale Nagusian. GORKA RUBIO / FOKU
Jaizkibel konpainiaren desfilea, gaur, Hondarribiko Kale Nagusian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2024ko irailaren 8a
09:50
Entzun

Dagozkionak aldarrikatu izan ditu Jaizkibelek azken 27 urteotan: kalea eta erakundeen aitortza. Gaur, bai batean bai bestean eman ditu aurrerapausoak, irabazi ditu eremuak, oraindik asko falta den arren haien eskaera betetzeko: irailaren 8a iristen den aldiro alarde publiko, bakar eta parekideak desfilatzea Hondarribian (Gipuzkoa). Aurten lehenengo aldiz atera da konpainia gisa, Hondarribiko Udalaren baimenarekin; orain arte, formalki, manifestazioa zen.

08:00etarako Gernikako Arbola pasealekuan pronto zeuden Jaizkibel konpainiako milatik gora parte hartzaileak. Zapi loredunak lepoan, eta txilibituak, danborrak nahiz eskopetak eskuetan. Aurten, lehenengo aldiz, Gernikako Arbolatik ateratzeko aukera izan dute, udalak baimena eman die eta; bertatik abiatzen da alarde baztertzailea ere. Baina alarde baztertzailekoek saihestu egin nahi izan dute konpainia parekidearen ondoan egotea, eta ez dira agertu Gernikako Arbolara. Horrenbestez, ez dute bete udalak alarde egunerako emandako baimenen ebazpena: 07:00etatik 07:55era Gernikako Arbolan elkartzeko agindua jasotzen zen hartan. Bakan batzuk baino ez dira azaldu; horiek horrela, boikot horren ondorioz, alarde baztertzailea hogei minutu berandu abiatu da gero.

Ikusi gehiago

«Gora Jaizkibel!» eta «Gora emakumea alardean», oihu egin du Nora Ferreirak. Eta hasi da txistu eta danbor hotsa. Alardeko gizon gutxi batzuk ere gerturatu dira konpainia parekideari txalo egitera, 20-30. Alarde baztertzailean milaka diren arren.

Baina indar erakustaldia egin du Jaizkibelek. Bete egin ditu kaleak, eta erakutsi du gero eta gehiago direla aldarri parekidearekin bat egiten dutenak. Babes oihuak eta txaloak jaso dituzte kale ertzetatik. Oraindik, baina, izan da aterkiekin estalitakorik ere. Kazetarien kontra ere jo dute haiek grabatzen hastean: «Aizue, ez diguzue argazkirik aterako, ez? Pribatutasunerako eskubidea daukagu».

Kale Nagusiko igoera urteetan izan da ibilbideko puntu iluna Jaizkibelentzat. Aurten, elkartasuna helarazi diete: «Aupa, Jaizkibel!», entzun da behin eta berriro. Eta txaloak, txaloak eta txaloak. Baina konpainia parekidekoen aurkako mespretxua ere izan da: pasatu direnean, dozenaka lagunek bizkarra eman diete.

Eliz atarian oles egin dion ordezkaritza ere sekula baino zabalagoa izan da: bertan izan dira Igor Enparan alkatea, udal talde guztiak —EAJ lehenengo aldiz—, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Manuel Lezertua EAEko arartekoa eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, besteak beste. Alkateak, ahaldun nagusiak eta lehendakariordeak oles egin diote alarde baztertzaileari ere; Borja Prado Donostiako gotzaina ere batu zaie.

Haien ondoan egon da Maria Jesus Berrotaran, Hondarribiko lehen mazolari emakumezkoa. Herriko bandera eta alkatea babestea da haren lana. Berrotaran Jaizkibel konpainiako kidea da hura sortu zutenetik, eta emakume aitzindaria eta garrantzitsua herrian: lehen emakume aguazila izan zen, Emeki elkarte feminista sortu zuen, eta alarde bakar, publiko eta parekidea defendatzen aritu da hasiera-hasieratik. «Duela 30 urte aurkeztu nintzen mazolari lana egiteko, aurrekoak erretiroa hartu zuelako. Eta ezetz esan zidaten, emakumea nintzelako. Aurten udalak eskaini dit, eta ohorea da niretzat. Bidea egiten ari da», nabarmendu du eliz atarian.

Iritsi da konpainia Arma Plazara, eta bertan ikusi da zenbateko presentzia duen: milatik gora dira. Bete egin dute plaza. Eta Kale Nagusia jaitsita, Sainduara bidean jarri dira. Errepide ertzak beteta zeuden Jaizkibeli oles egiteko, eta pankarta batean, hitz gutxitan, jaso dute beren aldarria: Gizarte hobe baten alde ari gara borrokan. Barkatu eragozpenak. Eutsi, Jaizkibel. Horixe baita, finean, Jaizkibelen borroka: gizarte parekideago eta berdinzaleago baten aldekoa, herri justuago baten aldekoa.

Babes zabala

Behin desfilea amaituta, adierazpenak egin dituzte eragileek. Nora Ferreira Jaizkibel konpainiako kapitainarentzat, goiz «polita» izan da. Herritarrek eta erakundeek egindako harrera beroa eskertu du: «Udalari legitimitatea ematen diogu, eta guk haren ebazpena onartu eta bete dugu; guk gurea egin dugu. Dena ondo atera da, eta gure ordutegia bete dugu». Gernikako Arbolatik ateratzea «aurrerapausoa» dela nabarmendu du. Ordea, alarde baztertzaileak han izandako jarrera bestelakoa delakoan dago: «Jaizkibelek ez zeukan arazorik besteekin Gernikako Arbolan egoteko, Jaizkibel ados dago denok batera desfilatzearekin, alardea ospatzeko».

Baztertzaileek Kale Nagusiko desfilea bukatu dutenean hartu du hitza Igor Enparan alkateak: «Aitortuko dut ziurrenik azkeneko hiru asteak izan direla alkate naizenetik tentsio handienez bizi izan ditudanak. Oso gogorra izan da».

Nabarmendu du «presio handia» jasan duela azken asteotan, eta tentsioa «nabarmena» izan dela. Hala ere, goraipatu egin ditu aurten egindako aurrerapausoak: batetik, Jaizkibelek konpainia moduan desfilatu du lehen aldiz; bestetik, udalak ebazpen berean tramitatu ditu konpainia parekideak eta alarde baztertzaileak desfilatzeko behar dituzten baimenak. «Uste dugu aurrerapauso bat izan dela, udala inplikatzea dakarrelako. Espero dezagun aurten egindako urrats hori finkatzea, sendotzea eta aurrera begirako lanketak planifikatzea», esan du.

Iazkoa «keinuen urtea» izan zen —udalak harrera egin zion Jaizkibeli lehen aldiz—, eta aurtengoa «administrazioaren urtea» izan dela nabarmendu du alkateak. Ez du iragarri hurrengoa nolakoa izango den: «Alarde bakar bat izatea urruti ikusten dut oraindik. Gustatuko litzaidake, ezin dut ukatu, baina nire esfortzurik handiena akordioak lortzean datza. Saiatuko naiz etorkizunean zintzoki akordioa lortzeko aukera bat aurkitzen».

Bestalde, goizean baztertzailekoek Gernikako Arbola pasealekuan boikota egin izanaz ez du askorik esan: «Ebazpen baten bitartez, argi adierazia zegoen zeintzuk ziren baimendutako eremuak eta espazioak. Ez baldin bada horrela bete... Tramite administratiboak administrazioan ebazten dira». Nabarmendu du aurrerago egingo dituela balorazio sakonagoak.

Jaizkibel konpainia, Gernikako Arbola pasealekuan, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Jaizkibel konpainia, Gernikako Arbola pasealekuan, gaur. GORKA RUBIO / FOKU

Eusko Jaurlaritzaren izenean Giza Eskubideen sailburuordea izan zen Hondarribian iaz, eta, aurten, lehen lehendakariordea. «Urteetako lanaren eta elkarrizketaren ondorioz, beste aurrerapauso bat eman da, eta gobernuak aitortza egin nahi dio aurrerapauso horri. Horregatik nago ni hemen, horixe delako bidea», azpimarratu du Ibone Bengoetxeak. Bizikidetzari erreparatu nahi izan dio: «Eusko Jaurlaritzarentzat, errespetua eta elkarrizketa dira bizikidetzarako ezinbestekoak».

Bide beretik jo du Eider Mendoza ahaldun nagusiak: «Gure helburua da konponbidea elkarrizketaren bidez lortzea, eta, aldi berean, konponbide partekatua izatea». Aurten emandako aurrerapausoak «egokitzat» jo, eta bide horretatik segitzera deitu du: «Bidelagun izango gara».

EAEko ararteko Manuel Lezertuak ere baikor begiratzen du Hondarribira: «Ikusi dugu aldaketa batzuk egon direla; gure ustez, onerako. Alkateak zera egin du ebazpen horrekin, legea aplikatu; horregatik, Arartekoa pozik dago horrekin». Hondarribiko Udalari eta alkateari eskatu die ildo hori lantzen jarraitzeko, jaietan emakumeek eta gizonek parte hartu ahal izateko.

Alderdi politikoen ordezkariek ere hartu dute hitza. EH Bilduren izenean, Maddalen Iriartek nabarmendu du aurten «urrats txiki batzuk» izan direla, eta esan du horiek guztiak direla kontuan hartzekoak. Ez dago geldirik egoterik, ordea: «Edozein modutan, iruditzen zaigu ezin dugula gure lana alde batera utzi, ezin garela erlaxatu, oraindik ere badaudela urratsak egiteko alarde publikoa, bakarra eta parekidea lortzeko bidean. Eta EH Bildun horretan arituko gara». Mezu baikorra eman du Garoa Lekuonak ere, Hondarribiko EH Bilduren izenean: «Tuneletik ateratzen ari gara». Gaurko pausoak baikorrak izan direla esan du, eta etorkizunean pentsatzen hasteko garaia dela: «XXI. mendeko alarde hori erabakitzea dagokigu, herriarena berriz ere, eta horrek esan nahi du herritar guztiok, gizon-emakumeok, parte hartuko dugula».

Gaurko beste berritasun bat zera izan da, Hondarribiko EAJk harrera egin diola konpainia parekideari. Lehen aldia da 28 urtean. Herriko jeltzaleen buruari, Gonzalo Carrioni, Txalo deitzen diote bizilagunek. Paradoxikoki ez die txalo egin Jaizkibelekoei, harrera egiten ari zen bitartean: «Bakoitzak bere sentimendua dauka, baina erabateko errespetuz ikusi dut. Oso ondo iruditzen zait bakoitzak jaiak bere modura bizitzea, eta batak besteari utzi behar diogu nahi duen moduan bizitzen».

PSE-EEko zinegotzi Iosu Alvarezek zera esan du: «Hondarribiko sentsibilitateen inguruan errespetua behar da, eta nik uste dut horretan ari garela. Gure helburua hori da, bakoitzak berea izan dezala».

Elkarrekin Podemosen ordezkari gisa, Miren Etxebeste mintzatu da: «Frogatu da tradizioa, berdintasuna eta inklusibitatea bateragarriak direla, eta hori pozteko moduko albistea da». Alabaina, alarde baztertzailearen jarrera kritikatu du: «Ez dira agertu Gernikako Arbolara, Jaizkibel konpainiarekin ez nahasteko. Aurrerapausoak ikusita, batzuek atzera egiten dute, eta ez dute aurrerapausorik egin nahi». Eta, etorkizunera begira, lanean jarraitzeko deia egin du: «Egunen batean, alarde publiko eta parekide bat egongo da, nahiz eta herriaren parte batek, agian, nahiago izango duen bere festa pribatua antolatzen jarraitu, diskriminatzen jarraitzeko. Dudarik gabe, badago jende nahikoa alarde parekide eta publiko bat egiteko, eta guk udal gobernua animatzen dugu antola dezan».

Alderdi politikoek ez ezik, Euskal Herriko mugimendu feministak ere egin ditu adierazpenak. Elene Lopetegik adierazi du espero dutela ahalik eta azkarren iristea alarde bakarra, publikoa eta parekidea egongo den eguna. Halaber, Euskal Herri osoko jaietan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu du: «Bada garaia gure herriko festa guztietan emakumeok eta bestelako gorputz disidenteok espazio publikoa hartzeko eta festetan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.