Sei hilabeteko tartea baino ez dago Martxoaren 8tik Hondarribiko alarde egunera arte (Gipuzkoa). Hain justu, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, elkarretaratzea egin du Jaizkibel konpainia parekideak Hondarribiko udaletxearen aurrean. Eta gogoratu du oraindik ere alardean parte hartzeko debekuak bizirik dirauela emakumeentzat. Are, aldarrikatu du egunero dela berdintasunaren eguna: «Argi gera bedi: eskubide berdintasunak ez du salbuespenik onartzen, ezta irailaren 8an ere».
30 urte daramatza Jaizkibelek Hondarribian alarde parekidea aldarrikatzen. Azaldu dutenez, gutxi ziren hasieran. Urteak igaro ahala, baina, euren aldeko aldarriak gero eta ozenagoak egin dira. «Eutsi genion eta gaur Emakumeak Alardean aldarrikatzen dugunean milaka dira batzen zaizkigun ahotsak», azpimarratu dute.
Alarde parekidearen aldeko oihuak areagotu badira ere, parte hartzearen debekua inposatzen diete oraindik emakumeei, «Berdintasun Legearen kontra, giza eskubideen aldarrikapenaren kontra». Eta horrek ondorio argia du: «Debeku horrek zikindu egiten du Hondarribiaren izena». Hortaz, herria garbitzeko deia egin dute. «Ez ditzagun galdu irailaren 8rako falta diren sei hilabeteak».
Hondarribia «berdintasunaren hiria» bihurtu nahi du Jaizkibelek. «Bilaka dezagun irailaren 8a martxoaren 8aren ispilu». Horretarako, ezinbestekotzat jo dute udalaren laguntza. Eta eskaera zuzena egin diote Igor Enparanen (Abotsanitz) udal taldeari, iaz alarde egunean alkateak lehen aldiz konpainia parekideari harrera ofiziala egin ostean: «Udalak hondatutakoa udalak konpon dezan».