Jaizkibel konpainiak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria banatu du hamargarrenez, berdintasunaren alde jarduten duten pertsona eta erakundeen lana goraipatzeko. Aurten EAEko Berdintasun Legearen eguneratzean jardun zuten ordezkari politikoak saritzea erabaki du. Irailaren 1ean eginen dute sari banaketa, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean.
Lege horrek debekatu egiten ditu, propio, sexuan oinarritutako diskriminazioak, eta, beraz, baita andreak baztertzen dituzten jarduerak ere. 25. artikulua argia da alde horretatik: «Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura jarduera guztietan. [...] Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duen edo oztopatzen duen kultura jarduerarik antolatzea eta egitea».
Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen Berdintasun Legea, eta 2022an eguneratu. Administrazio publikoei dagokienez, sexuan oinarritutako diskriminazio oro eragozteko eta kultura jarduera guztietan emakume eta gizonen partaidetza orekatua sustatzeko eginbeharra dute. Anitzetan aipatzen da legearen artikulu hori Irun eta Hondarribiko alardeekin lotuta, bi udalerrietan egiten direlako desfile baztertzaileak, nagusi direlako oraindik, eta nekez egin dutelako aitzina besta parekideen aldeko aldarriek. Jaizkibel konpainia irmo ari da berdintasunaren aldeko borroka horretan, eta alardea parekidea izatea aldarrikatzen du urtero.
Bortz emakume
EAJko Leixuri Arrizabalaga, EH Bilduko Oihana Etxeberrieta, PSEko Gloria Sanchez, Elkarrekin Podemos-IUko Isa Gonzalez eta PPko Laura Garrido saritu dituzte. Epaimahaikideak, berriz, Nieves Alza, Fermin Muguruza, Garbiñe Biurrun, Maddalen Iriarte, Arantxa Urretabizkaia eta iazko irabazleak (Antzuolako Alardearen ordezkariak eta Antzuolako Udala) izan dira.
Talde politikoek lege horretan bat egin arren, beti ez dute jarrera argia izan alardeen auzian. Aldarri parekidea abiarazi zenetik iaz arte, EAJk izan zuen alkatetza, adibidez, Hondarribian, eta alkatetzak beti egin zuen alarde baztertzailearen alde. Irunen PSE-EEren esku egon da beti alkatetza, eta neurri gutxi izan dira desfile parekidearen alde. Aurten, erraterako, desfile parekidearen antolatzaileek berritu egin dute eskea, eta zera erran: udalak antolatu behar lukeela desfilea eta aldarri parekidea lehenetsi egin beharko lukeela, baina alkateak ezezkoa eman du.
Desfile parekideen aldeko keinuak ere urriak izan dira oraindik. Hondarribiko alkatetzan aldaketa izan zen iaz, alkatea Abotsanitz taldekoa da orain, eta, hain justu, joan den urtean hasi zen lehen aldiz alkatea Jaizkibel konpainiari oles egiten. Irunen ere, alkateak ez zuen halako keinurik egin iaz arte. Parekideak ez diren desfileei ere egiten diete harrera.
Urteroko eran, Hondarribiko alardea irailaren 8an eginen da aurten, eta Jaizkibel konpainiak berriz aldarrikatuko du desfilea parekidea izatea.